«Hainbeste aldiz parte hartu ondoren irabaztea oso polita izan da»

Irati Saizar 2017ko urt. 30a, 08:03
Ane Urbizu tolosarra Musikenen ari da akordeoi ikasketak egiten.

Arrasateko Akordeoi Lehiaketa irabazi berri du Ane Urbizu tolosarrak. Zortzi urte zituenetik jotzen du akordeoia eta 21 urterekin irabazle izan da Espainia mailan.

Betidanik izan du gogoko musika, eta talentua ere baduenez, horrela jarraitzea du amets. Inor ez da egun batetik bestera artista izatera pasatzen, bidean lan handia egin behar baita. Horren adibide da musikari tolosarra; txikitatik akordeoiarekin hara eta hona ibili ostean, hasi da egindako lana bere fruitua ematen.

2016. urtea sari batekin amaitu zenuen.

Nire ibilbidean lortu dudan lehenengo saria izan da Arrasateko Akordeoi Lehiaketa. Espainia mailan seniorretan aritu naiz, 18 urtetik aurrerakoetan. Nik 21 urterekin irabazi dut eta pozik. Egia esan adin ezberdinetakoak aurkezten gara.

Zein izan da jaso duzun saria?

Trofeoa, diploma bat, 800 euro eta txapela. Euskalduna izanik, politena txapela janztearena izan da.

Nola funtzionatzen du lehiaketak?

Hiru zatitan banatzen da. Alde batetik, festibala egiten dute, umeena, konkurtsoak nolakoak diren ikas dezaten antolatzen da. Bestetik, ni aurkeztu naizena, Espainia mailakoa. Azkenik, internazionala dago.

Nik irabazi dudanak bi fase ditu. Lehenengoan, derrigorrezko pieza bat jo behar izaten da. Antolatzaileek esaten digute zein jo; guztiok maila berdinean lehiatzeko egiten dute hori eta gero, 10 minututan edozein obra jotzeko aukera eskaintzen dute. Nik Izpi jo nuen, Zuriñe Fernandez Gerenabarrenarena. Hau, abenduaren 9an egin genuen. Epaimahai lanetan, David Gordo, Philippe De Ezcurra eta Nikola Pekovic aritu ziren eta hurrengo fasera nor pasako zen erabaki zuten. Horietako bat izan nintzen.

Bigarren fasean, abenduaren 11an, guztira 30 minutu jo behar izan genituen. Denbora horretan, nahita nahiez Johann Sebastian Bachen Preludio eta Fuga jo behar izan genuen eta soberan geneukan denboran nahi genuena jotzeko aukera izan genuen.

Zer sentitu zenuen irabazlea zu zinela esan zutenean?

Azken segundora arte nerbioak dantzan izan nituen. Bigarren geratu zenaren izena entzun nuenean, ez nuen pentsatu ere egin nahi. Oso hunkigarria izan zen, zeren bederatzi urte nituenetik hartu dut parte. Urteren batean geratu naiz lehiatu gabe, baina urtero joaten naiz, entzutera bada ere. Bederatzi urterekin haurren festibalean hartu nuen parte eta geroz, hor ibili naiz lehian. Azken aldietan, urtez urte nire alboan lehiatzen ibili direnak gehiago ez zutela parte hartzen ikusten nuen, jende gutxiago geratzen zela eta hainbeste denbora lehiatzen pasa ondoren irabaztea oso polita izan da. Gainera, berezia da niretzat lehiaketa hau, zeren, mundu guztiko akordeoi jotzaileak elkartzen gara eta azkenean, jendea ezagutzeko modu bat da. Urtero egun batez, antzeko jendea biltzen gara. Topaketa modukoa da.

Noiz hartu zenuen lehen aldiz akordeoia magalean?

Akordeoia jotzen zortzi urterekin hasi nintzen, Eduardo Mocoroa Musika Eskolan. Amaia Lizaso eta Koldo Tarragonarekin ikasi nuen. 18 urtera arte ikasi dut bertan; herrian bertan formatutakoa naizela esan dezaket.

Egun, Musikenen ari zara akordeoi ikasketak burutzen. Nola eman zenuen pauso hori?

Egia esan, musikaz aparte ez zitzaidan ezer gehiago gustatzen. Musika nuen gogokoen eta banekien hortik jarraitzekotan, Musikenera joan beharko nuela. Bestela, akordeoi jotzaile ibilbideari bukaera emango niola iruditzen zitzaidan. Eta jarraitu nahi nuenez, Musikenera sartzeko prestatzen hasi nintzen. Urtebete pasa nuen prestaketa lanetan, sartzeko, froga batzuk gainditu behar baitira. Izan ere, selektibitatea ez da kontuan hartzen, ezta batxilergoa ere. Azterketa bat egin behar izaten da, ordu erdiz akordeoia jo behar izaten da eta jarraian, elkarrizketa txiki bat egiten dute. Proba teorikoa ere egiten dute.

Urtero 80 ikasle sartzen dira Musikenen eta instrumentu bakoitzeko plaza gutxi eskaintzen dituzte. Adibidez, akordeoirako bi lagun soilik sartu ginen, Garazi Navas eta ni. Espainia osotik etortzen da jendea eta ez da oso erraza sartzea.

Akordeoia eguneroko tresna duzula esan daiteke. Zenbat denbora eskaintzen diozu?

Asko, gehiegi. Adibidez, Musikeneko probak egiteko prestatzen aritu nintzenean, bizitzan jo dudan denbora gehien eskaini nion. Egunean 10 ordu jotzera iristen nintzen askotan. Urte horretan, Miren Iñargarekin aritu nintzen prestaketetan. Musikeneko irakaslea da bera Iñaki Alberdi eta Aitor Furundarenarekin batera eta laguntza eskatzeko pertsona aproposa zela iruditu zitzaidan. Gaur egun, klase orduetan asko jotzen dugu, nahiz eta teoriako klaseak ere baditugun.

Zein musika estilo jotzen duzu normalean?

Barroko garaiko musika asko jotzen dugu Musikenen; organoentzat idatzitako obrak dira, aspaldikoak. Azken finean, akordeoi bat organo eramangarri bat da. Kontua da, akordeoia instrumentu berri xamarra dela beste zenbaitekin alderatuta eta sortu zenean ez zitzaiola gaur egun duen garrantzirik ematen. Kalerako eta festarako soilik balio zuela esaten zen. Bazeuden ordea zenbait konpositore eta akordeoi jotzaile eta elkarlanaren bidez obrak idatzi zituzten. Gaur egun, jende askok idazten ditu akordeoiarentzat obrak, beraz, musika garaikidea ere jotzen dugu. Euskal abestiak ere jotzen ditugu, ez pentsa.

Ez zara familiako lehen musikaria.

Ez, bagara batzuk. Nire nebak saxofoia jotzen du eta berak ere Musikenen ikasi zuen. Ama ere musikaria da, Eduardo Mokoroako piano irakaslea da. Eta gainerakoan, osaba eta izeba batzuk ere jotzen dituzte instrumentuak. Izebetako batek akordeoia jotzen zuen eta gogoan dut familiakoek abesten zuten bitartean, izebak beti akordeoia jotzen zuela. Familian elkartzen garenean beti dago musika.

Imajinatzen al duzu zure bizitza musikarik gabe?

Ez. Txikitatik eduki dudan zerbait izan da. Jotzen ez nuenean, gogoan dut lau bat urterekin anaiari laguntzen niola musika eskolara. Gogoa nuen nik ere musikarekin hasteko.

Talderen batean jotzen duzu?

Tolosako musika eskolakoekin jotzen dut batzuetan eta Eudardo Mokoroa orkestran ere jo izan dut, baina, denbora faltagatik utzi nuen. Musikenen bertan, bakarlari gisa aritzen naiz normalean, baina hirukote bat ere aritzen gara: akordeoia, saxofoia eta perkusioa. Ikasgai bat baitaukagu, taldean jotzen ikastea helburu duena.

Ikasketak bukatutakoan zer egingo duzun pentsatu duzu?

Orain hirugarren ikasturtean nago eta oraintxe bertan oso zentratuta nago ikasketekin. Bukatzea da helburua, bukatzearekin kontentu. Eta gero zer egingo dudan ez daukat batere argi. Argi daukadana da musikaren munduan jarraitu nahi dudala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!