Eguzkik Tolosako tren geralekuan hobekuntzak egitea eskatu du

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 19a, 10:54
Tolosako herrgiuneko geralekuan, bidaiariak trenera igotzen.

Tolosako herrigunean dagoen tren geralekua «arriskutsua» eta «irisgarritasun gabea» dela esan du Eguzki taldeak, eta ezaugarri horiek ez direla gutxienez azken 40 urteetan aldatu gaineratu du. «Egoera hau salatu nahi dugu eta arazo horiei Adif-etik irtenbide azkarra ematea exijitzen dugu», esan dute Eguzkitik.

Trenetik nasara eta nasatik trenera igarotzeari dagokionez, Irun-Brinkola norabidean, Renfek Gipuzkoan dituen 30 geltoki eta geralekuetatik «arriskutsuena» dela diote. «Nasaren eta trenaren arteko tartea 50 zentimetro ingurukoa da, eta horri altuera gehitu behar zaio, 40 zentimetrotatik gora dena», azaldu dute talde ekologistatik. «Mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat ez ezik, arazo horiek ez dituzten pertsonentzat ere gainditu beharreko oztopo zaila da».

Tolosako geralekua seigarren erabiliena dela diote, eta egunero mila erabiltzaile baino gehiago dituela. «Arrisku horri lehentasuna emateko eskatzen dugu», esan dute Eguzkitik.

Bestalde, nasen irisgarritasuna hobetu behar dela diote Eguzkitik. «Bertara igo edo bertatik jaisteko 24 eskailera-maila daude. Berriro ere, mugikortasun murritzeko pertsonek, adinarengatik, gaixotasun batengatik, edota haurren kotxeak eramaten dituztelako, zailtasun handiko oztopoa dute». Talde ekologistak dio egoera ez dela soilik bere ikuspuntua: «Arartekoak 2011n egindako Garraio Publikoaren Irisgarritasun Diagnostikoan, Tolosako geralekua iritsi-ezina dela dio». Egoera horren aurrean, igogailuak jartzeko eskaria egin dute.

Eguzkitik azaldu dutenez, «eskandalagarria da euskal hiriburuetako udalak, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ustezko AHTaren hiriburuetarako sarbideetan milioika eurorekin tratuan aritzen diren bitartean, aldiriko trenen erabiltzaile umilak nola baztertzen diren ikustea».

Horrez gain, geralekua «utzita» dagoela diote Eguzkitik: «Eserlekuak erreta, hormak altxatuta, itoginak, putzuak sarreran... Azken hamar urteetan geraleku horretan ez da egin lanik erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko»

Tolosako Udaletik azaldu dutenez, «behin eta berriro, eta legealdi desberdinetan ere errepikatzen den kontua da: eskaerak egiten dira hobekuntzak egin ditzaten bertako segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!