Berazubi, irisgarriago

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 17a, 10:06
Argazkia: Tolosako Udala

Berazubitik Iurreamendiko sarrerara doan aldapan eraberritze lanetan hasi da udala, eta sei hilabetez ariko dira; hiru faseko obra baten lehen zatia da.

Besteak beste, errepidea estutu eta espaloiak zabalduko dituzte, eta argiteria, euri-uren sarea nahiz seinaleak berrituko dituzte. Gainera, barandak margotzearekin batera, landareak ere txukundu dituzte. Hiru faseko obra izango da, eta lehen zatiak 370.122 euroko aurrekontua du.

Proiektuak badu jomuga nagusi bat: Amarotz auzoko bizilagunek gehien erabiltzen duten oinezko bidea baldintza duinetara egokitzea. Horrekin batera, gainera, Martin Jose Iraola kalearen eta Kondeaneko aldaparen arteko lotunea ere txukundu nahi du udalak.

Nabarmendu dute "gabezia handiak dituen eremua" dela, urbanizatzeari dagokionez, eta hain zuzen hutsune horiek betetzeko egin dute lehen esku-hartzea. Obrak amaitutakoan, errepidea metro bat estuagoa izango da (6 metro), eta espaloia metro bat zabalagoa (3,5 metro). Besteak beste, obra horrek ibilgailuen abiadura moteltzea eragingo du, oinezkoen segurtasun eta erosotasuna areagotuz.

Halaber, aldaparen pendiza ere murriztu nahi dute, batez ere, Iurreamenditik gertuen dagoen zatian: lotune hori lekuz mugitu, eta erradioa handituko dute horretarako.

Aipatu bezala, lehen fasea baino ez da datozen sei hilabeteotan gauzatuko dutena, eta ondoren etorriko dira beste bi esku-hartzeak; aurrekontuak eraginda zatitu behar izan dute eraberritzea, udalak azaldu duenez. Horrela, bigarren zatian Iurreamendi egoitzako sarreratik suhiltzaileen biribilguneraino doan bidea konponduko dute, eta bukaerarako utziko dute Berazubiko biribilgunearen eskuinaldean dagoen espaloiaren konponketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!