Jon Esnaola Esna (2000) eta Ion Altuna Miles (1987) proiektu honetako partaideak dira. Esnaolak 16 urte besterik ez ditu, eta tronpeta jotzailea nahiz perkusio jotzailea izateaz gain, disko honetako lau kantuetatik biren moldaketak egin ditu. Altuna, berriz, txarangako beteranoetako bat da, eta gaur egun, bertako zuzendari lanetan aritzen da. Lan berriari eta txarangari buruz hitz egin dute ATARIA-rekin.
Zer da Berriozar eta zer dela eta jarri diozue izen hori?
Ion Altuna: Berriozar hitzak gauza asko esan nahi ditu disko honetan, eta interpretazio asko egin daitezke izenburu horrekin. Orokorrean, garai zaharrak eta inauterien tradizioa, modernitatearekin uztartzen dituen lana da. Alde horretatik, izena erabakitzerakoan, berri/zahar hitzekin jolastuz, Zer berri?, Zaharrak berri esaeratik abiatu ginen, ez genekielako zaharrak berritzen edo berria dena zahartzen ari ginen.
Noiz sentitu zenuten disko berri bat kaleratzeko beharra zegoela?
I.A.: Kontu hau, Jon (Esnaola) etorri baino lehen hitz eginda genuen. Betidanik egin nahi izan diegu keinu txiki bat inauteriei, eta askotan pentsatu izan dugu: «Inauterietako abestiak hartu eta zerbait berria egin behar dugu, ukitu desberdin bat eman». Hala ere, bestelako lan batzuk ateratzen zitzaizkigun, eta beraz, beranduagorako utzita genuen.
Beraz, esan daiteke inauterietako melodia tradizionalen gainean egindako moldaketen emaitza dela?
Jon Esnaola: Hori da. Inauterietako errepertorio tradizionaletik abiatu gara. Diskoa osatzen duten lau kantuak ez dira lau kantu soil, kantu desberdinetatik hartutako zatiz osatuta baizik. Gainera, horiek berritzeaz gain, leku edo lurralde desberdinetako estilo eta erritmoekin nahastu ditugu: flamenkoa, rock iluna edo eskandinaviarra, japoniarra eta afrikarra.
I.A.: Modernizatu baino gehiago, beste ukitu bat eman diegu. Izan ere, beste estiloekin nahastea, Tolosako inauteriak mundura zabaltzeko modua izan da.
Diskoa lau kantuz osatuta dago. Akaso jendeak pentsatuko du disko sinplea dela. Horrela da edo askorako ematen duen zerbait da 'Berriozar'?
J.E.: Sinplea izan daiteke askorentzat, baita guretzat ere, baina atzetik lan handia egin behar izan dugu honaino heltzeko. Estilo bakoitzeko musika behin eta berriz entzun behar da guztiz barneratu eta kantuak moldatzen jardun aurretik.
Inauterietako errepertorio guztia lau abestitara murrizteak, eta gero, bestelako estiloak nolakoak diren entzun eta ikasteak badu bere lana.
I.A.: Bai, eta handia gainera. Batetik, estilo desberdinen artean aukeratzeak. Bestetik, inauterietako abestien artean aukeraketa txiki bat egiteak. Azkenik, estiloarekin bat etor zitekeen abestia aukeratu beharra izan dugu.
Estilo aniztasuna aipatu dugu, eta horrek kantuak bata bestearekiko desberdinak izatea dakar. Zuentzat, lau horien artean zein da gustukoena?
J.E.: Nire ustez, oso desberdinak dira laurak. Bata ilunagoa da, bestea alaiagoa... Norberak bizi duen momentuaren arabera entzutekoa da kantu bakoitza.
I.A.: Nik ere ez daukat lehentasunik. Baina, teknika aldetik aztertuz, japoniarrarekin geratzen naiz. Asiar herrialdeko erritmoa eta estiloa aurkikuntza moduko bat izan da niretzat. Hainbeste urte eta gero, berria eta berezia den zerbait egiteko kapazak izan garela esan dezaket.
Disko honek orain arte kaleratutako inauterietako beste diskoen tankerarik badu?
I.A.: Guztiz desberdina da. Batetik, estilo hauek txaranga munduan ematen ez direlako, eta bestetik, moldaketa propioekin lan egin dugulako. Azken urteetan, Bonberenea txarangaren barruan patroi bat mantentzen saiatu gara, eta hori argi ikusten da Bihar ez da gaur diskoan. Hala ere, ez dugu beste txarangengandik desberdindu nahi, nahiz eta gure bidea beste modu batera egiten dugun.
Bonberenea txarangak betidanik mantendu du txarangen ohiko formazioa. Hala ere, bestelako gehigarriak ere gehitzen dituzue, moldaketek hala eskatuta?
J.E.: Hala da bai. Bonberenea barruan, beste zerbaitetan aritzen den jendea daukagu. Adibidez, rock munduan dabilen Humus taldeko Natalia abeslariak ahotsarekin lagundu digu abesti batean, eta beste batean ere gitarraren laguntza izan dugu.
I.A.: Instrumentu desberdinez baliatuta, beste musika estilo edo beste tinbre batzuk lortzera heldu nahi ginen, gehienbat erritmoari dagokionez. Moldaketaren eta estiloaren arabera, erritmoa aldatzen bada, instrumentu berriak gehitu daitezke.
Zerk izan du pisu handiagoa, moldaketak egin behar izateak, ala horiek behin eta berriz grabatu ondoren, azken emaitza lortu arteko lanak?
J.E.: Azken emaitza artekoak noski. Ni moldaketa hauek egitera ausartu nintzenean, hasieran ez neukan batere garbi ze ideiatik abiatu. Orduan Mikel Zelaia Mirrirengana joan eta berari laguntza eskatu nion. Bera bideoak erakusten hasi zitzaidan, eta musika hori etengabe entzuteko esaten zidan. Hilabete inguru aritu nintzen lan horretan. Baina gero, azken emaitzara bitarte grabaketetan egindako lan horrek kezkatzen ninduen gehien. Besteek zer esaten duten begira geratzen zara, urduri behin betiko kantua lortu arte.
Inauterien atarian, zerbait eskaintzekotan al zabiltzate?
I.A.: Bai. Diskoa aurkezteko kontzertu bat eskainiko dugu. Otsailaren 11n izango da, eta inauteri kutsua izango du. Kantu alaiez gozatzeko aukera izango du entzuleak; eta jendea inauteri olatu horretan sartzea da gure asmoa.
Datozen urtetarako proiekturik ba al duzue martxan? Edo hori gauzatzeko asmorik bai?
I.A./J.E.: Baietz espero dugu, baina ikusteko dago zer izango den!
I.A.: Oraindik ez dakigu ziur. Egiten bada, seguruenik aurreko lanaren desberdina izango da.
J.E.: Nire kasuan, orain Bonberenea txarangarako egin dudan moduan, urtean zehar gazte txarangarako moldaketak egiten aritzen naiz, eta horretan jarraituko dut buru belarri.