Zabalik daude margoen mugak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 11a, 10:39
Hilaren 21era bitarte ikusgai izango da erakusketa, Aranburu jauregian.

Abenduaz geroztik, Tolosako Aranburu jauregian ikusgai dira errefuxiatuen krisiaren gordina eta Amina Chaariren margoak, 'Mundu bat Tolosaldean'-en eskutik

Joan-etorrien gaiak hartu du, aurten, Mundu bat Tolosaldean egitasmoa. Migrazioa aspaldiko arazo soziala izanagatik, 2016ak utzitako datuek hotzikara eragiten dute, errefuxiatuen krisiaren karietara. Horrela, Tolosaldea Garatzenek beren herrialdea uztera behartuta dauden horien azalean jarri nahi izan ditu herritarrak.

IOMren urteroko txostenak argitaratu berri duenez, 2016. urtean 7.500 migratzaile eta errefuxiatu hil ziren; horietatik gehienek, gainera Mediterraneoan galdu zuten bizitza.

Bidearen arriskutik harago doa, ordea, errefuxiatuen egoera lazgarria: sarri, estatuen arteko mugak baino zurrunagoak izan ohi dira, estatu horietako herritarrenak.

Arazo horri heldu eta ukendu pedagogiko bat emateko, beraz, Errefuxiatuak, ongi etorri erakusketa antolatu du SOS Arrazakeriak. Tolosako Aranburu jauregian joan den abenduan geroztik ikusgai dira paneletako testu nahi argazkiak, eta hilaren 21era bitarte zabalik izango da.

Eta, hain zuzen errefuxiatuen inguruko egitasmoarekin bat eginik, margolari marokoar baten lehenengo erakusketa ere hartu du Aranburu jauregiko areto berberak.

Amina Chaari da bera, eta Tetuangoa da jaiotzez, marokoarra. Duela hamar urte iritsi zen Euskal Herrira, eta txiki-txikitatik garatzen hasitako margolaritzarako grinarekin lanean jarraitu du Donostian eta inguruan.

Natura abiapuntu hartu eta askotariko gaietara iritsiz, ikasten jarraitu nahi du.



 

AMINA CHAARI. MARGOLARIA

«Natura margotzea maite dut; beste gai batzutara baino gehiago jotzen dut naturara»

Tetuanen (Maroko) jaio zen, 1966an, eta hamar urte daramatza jaioterritik kanpo. Memoriak ez dio gorde margotzen hasi zen lehenengo eguna, baina badaki txikitatik izan duela koloreekin jolasteko grina.

Grina horren eskutik garatu du margotzeko dohaina, eta estreinekoz erakusketa bat osatu berri du. Tolosako Aranburu jauregian ikusgai da, Errefuxiatuak, ongi etorri erakusketarekin batera: «Errefuxiatuen gaiak samin handia sortzen dit. Inork ez du gustuko horrelako gauzak ikustea, eta jendeak bakean eta pozik bizi ahal izatea besterik ez dut nahi», dio. Hilaren 21era bitarte, ikusgai izango dira bi erakusketetako lanak.

Zure lehen erakusketa da Aranburukoa. Pozik zaude?

Bai, noski baietz. Oso aukera ona da niretzat.

Bisitariek zer-nolako obrak ikusi ahal izango dituzte?

Denetarik dago baina, egia esan, nik margotzea dut gustukoen. Askotariko materialekin osatzen ditut margoak: kristal gainean, egurraren gainean, mihiseetan, hormetan, arropetan,... Edozein tokitan.

Eta, noiz hasi zinen margotzen?

Badakit oso txikitatik margotzen dudala, baina ez dut ondo gogoratzen zehazki zenbat urte nituen. Urteen poderioz, nire lana hobetu egiten da, pixkana-pixkana, eta txikitakoak ez dauka zerikusirik orain egiten dudan lanarekin. Hala ere, gehiago ikasi nahi dut.

Ikastaro edo prestakuntzarik jasotzen al duzu?

Ez, oraingoz, egiten dudan guztia nire kabuz egiten dut, eta oraindik ez dut formakuntzarik jaso. Egia esan, ez dakit nondik hasi, nora joan,...

Zenbat urte daramatzazu Euskal Herrian?

Bada, ia hamar urte beteko dira orain, etorri nintzela.

Eta, zein dira zure sormen iturriak margotzerakoan?

Orain gerrari buruzko koadro batzuk egiten ari naiz, adibidez. Hala ere, natura margotzea maite dut gehien; beste gai batzutara baino gehiago jotzen dut naturara, egia esan. Tetuango paisajeak margotzen ditut, batetik, baina baita hemengoak ere, bestetik. Izan ere, edozein tokitako naturak erakartzen nau, eta baliagarria zait margotzeko. Paisaje bakoitzak kolore jakin batzuk erabiltzea eskatzen du eta, gainera, niri koloreak aldatzea gustatzen zait.

Erakusketa aukera handia dela diozu. Tolosakoa amaitutakoan, zure lanak beste nonbait erakustea espero duzu?

Horrek izugarri poztuko ninduke, noski, baina badakit ez dela erraza nire lanak beste nonbait erakusgai jartzea. Aranburukoa erakusleiho polita denez, orain zortea behar dut gehien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!