Maroko gurutzatzera 4x4 Pandan

Irati Saizar Artola 2017ko urt. 5a, 11:27

Egoitz Prietok eta Jon Muruak abentura bat dute eskuartean. Maroko gurutzatuko dute iparraldetik hegoaldera Fiat Panda 4x4 batean, otsailaren 18tik 25era, Desert Trophy Panda Edition proban.

Otsailaren 17an emango diote hasiera abenturari. Autoz joango dira Motrileraino (Granada) eta ferrya hartuko dute itsasoa zeharkatzeko. Marokora iritsita, Al Hoceimatik abiatuko dira eta 6 izango dira burutu beharko dituzten etapak. Iparraldetik hegoaldera gurutzatuko dute Maroko, Atlas mendiak zeharkatu eta Erg Chebbi dunetan barrena ia Argeliaraino igaroz. 2.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte eta tartean, Azrou, Zaida, Merzouga eta Er Rachidia herrietan egingo dituzte geldialdiak.  

Proban parte hartu ahal izateko antolatzaileek jartzen duten irizpide garrantzitsuena, eramango den autoa, Fiat Panda edo Seat Marbella izatea da. Hauen kasuan, Fiat Panda 4x4 batekin joango dira. Abuztuan erosi zuten karrozeria, baina, txapa bakarrik; motor gabe eta kristalik gabe hartu baitzuten. Mekanikoak ez diren arren, eurak ari dira karrozeriari motorra jartzen. Egoitz Prietok azaldu duenez, ordea, laguntza pixka batekin ari dira: «Beti gustatu izan zaigu mundu hau, kotxeen mundua eta gure aldetik pixka bat saiatu eta baten eta bestearen laguntzarekin ari gara pixkanaka kotxeari itxura ematen».

2003koa baino zaharragoa izatea ere baldintzetako bat da, modelo zaharrekoa, karratu hori alegia. Hauek, 25 urteko autoa erosi dute eta motorra berri-berria jarri diote arazo gutxiago izateko. Garrantzizkotzat jotzen dute bidaian arazorik ez izatea. Asistentziako kamioiak bidelagun izango dituzte, baina, beti izaten da kezka hala ere. Jon Muruaren esanetan, «hemen, Euskal Herrian, zerbait izorratzen bazaizu, tailer batera joan eta aldatuko dizute edo erosiko duzu, baina han, Marokon, edo ez dago behar duzun hori edo balin badago, nahi dutena kobratuko dizute, zeren badakite beharrezkoa duzula eta azkenean erosten amaituko duzula». Helburua, ordea, argi dute biek: abentura bat bezala hartu eta etapa guztiak amaitzea.

Egunero egin beharreko etapak markatuta dauzkate. Antolakuntzak gosariak eta afariak jarriko dizkiete leku zehatz batzuetan eta bazkaria bidean egin beharko dute, edota prestatuta eramatea tokatuko zaie. Bidean ez galtzeko, GPSa eramatera derrigortuta daude. Zein leku zehatzetan dabiltzan jakin nahi duenarentzat ere, izango da aukera: une oro non dabiltzan ikusteko aukera eskainiko du antolakuntzak webgune baten bidez.

Parte hartuko duten proba solidarioa denez, eskatzen dituzten betebeharrekoen artean dago hango herrietako haurrei materialak eramatea. Ibilbidearen azken egunetan, ikastola batzuetara joango dira eta bakoitzak bere autoan eramango dituen materialak banatuko dituzte. Arropa, gozokiak, jostailuak eta eskolako materiala eramatea pentsatu dute. Apurka-apurka ari dira biltzen beharrezkoa. «Gertukoei esan diegu gehienbat, zeren, publikoki asko zabaltzen badugu, Fiat Panda errazegi beteko baitzaigu» azaldu du Prietok. «Egunak aurrera egin ahala ikusten badugu lekua soberan dugula, eskatuko dugu laguntza gehiago, izan ere, lagunen eta familiaren ekarpenekin nahikoa dugu oraingoz». 

Bestalde, proba antolatzen duena Bicis por la vida eta Alberto Contador fundazioekin elkarlanean ari da. Bi fundazio hauek bizikletak emango dizkiete antolatzaileei eskolara joateko aukerarik ez duten haurrei oparitzeko, horrela, hango umeek ere eskolara joateko aukera izan dezaten. Bizikleta hauek, asistentziako kamioietan eramango dituzte. 

ESPERIENTZIA GUTXIREKIN

Urte asko zeramatzaten proba honi buruz hizketan Prieto eta Muruak. «Urtero esaten genuen apuntatu behar genuela, baina, beti berandu konturatzen ginen, abenduan edo» gaineratu du Muruak. «Ez genekien ordea, non ari ginen sartzen, zeren, hasieran, kotxea erosi eta joatea soilik zela uste genuen, baina, behin erosi dugunean konturatu gara gauza asko egin behar zaizkiola kotxeari».

Desertuan badu esperientzia Muruak. Autoz ibili beharrean, motoz ibili izan da bi urtetan Marokoko desertuetan barrena. Prietok aldiz, gamelu gainean soilik bidaiatu du desertuan. Hala ere, biek dute motorraren mundua gustuko. 12 urte inguru zituztela ezagutu zuten elkar eta geroztik, motorrerako duten afizioak asko hurbildu ditu. Rallyak ikustera elkarrekin askotan joan diren arren, ez dute inoiz parte hartu.

Prieto 14 urterekin hasi zen motorrean eta geroxeago hartu izan du parte erregulartasun rallyetan. Abiapuntu batetik bestera denbora zehatz batean iristean datza, betiere abiadura legal batean zirkulatuta. Baina, bestela, zirkuituetan ibiltzea du gustuko, lehiatu gabe, disfrutatuz. Aldiz Murua, kotxeekin baino gehiago motorrarekin ibili da. «Kotxeek ere deitzen zidaten atentzioa, baina, garestiagoa ere badenez motorra dut gustukoago».

POLTSIKOKO DIRUA GEHIENBAT

Oraingoz, beharrezko diru guztia euren poltsikoetatik jarri dute. Baina hasiak dira han eta hemen laguntzak eskatu eta lortzen. Andoaingo Nemux enpresaren publizitatea eramango dute, beraz, laguntza pixka bat jasoko dute hortik. Talleres Alegik ere laguntza eman die autoarentzat kubiertak jarriz eta une honetan, beste enpresa baten erantzunaren zain daude.

Bestalde, finantzazioa errazteko, kamiseta batzuk atera dituzte. 12 eurotan jarri dituzte salgai facebookeko orrialdean. Kamiseta bat erosiz, Marokoko haur bati beste kamiseta bat eramateko konpromisoa hartu dute. Beraz, kamiseta bat erosten duenak Marokoko haur bati beste kamiseta bat oparituko dio.

MASKARRERAS ELKARTEA

Motorzaletasun horrek eraginda sortu zuen duela gutxi Prietok MasKarreras elkartea, lehendakaria da bera. Azken sei urtetan, auto topaketak antolatu dituzte Tolosan. Kotxe zalez betetzen da ingurua eta tartean da Murua laguna. Euskal Herri osotik eta kanpotik ere etortzen dira autoak, Valladolid eta Errioxatik esaterako.

«Elkarte bat sortzera bultzatu gintuzten eta aurten sortu dugu MasKarreras izeneko elkartea», azaldu du Prietok. «Elkartea sortu eta laster, auto topaketa izan genuen, orain, buru belarri gabiltza proba honekin eta oraindik ez dugu atera bazkide izateko aukerarik».

Orain, proba honetan dute burua beste ezertan baino, guztia ondo prestatuta eramatean eta aspalditik zeukaten parte hartzeko grina hori asetzean. Horrelakoetarako, gogoa eta ilusioa baitira eraman behar diren gauzarik garrantzitsuenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!