«Gure adineko guztiek zakil bat marrazten dakite, baina, ez dakite alu bat marrazten»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 14a, 11:43
Leire Romero eta Xanet Egiguren irailaz geroztik ari dira ostiraleko jaialdiko prestaketetan.

Ikasbidaia finantzatzea aitzakia bikaina bilakatzen da, urtero, matxismoaren gaitzak, belaunaldi berriekin, hezkidetzan lantzeko; Hi haiz, hi! jaialdia ostiral honetan izango da, Tolosan.

Bigarren batxilergoko ikasleak dira Leire Romero (Ibarra) eta Xanet Egiguren (Tolosa), eta Hi haiz, hi! jaialdian parte hartuko dute. Hamalau pertsonako lantaldea osatu dute eta, irailaz geroztik, hezkidetza sen artistikoarekin uztartzen jardun dute. Ostiralean emaitza ikusteko aukera izango da, 20:00etan, Topic zentroko aretoan.

Zerk bultzatu zintuzten Hi haiz, hi! proiektuan parte hartzera?

Xanet Egiguren. Ikasturte hasieran izan zen, gelan geundela. Irakasleak boluntarioak eskatu zituen jaialdian parte hartzeko eta, proiektu polita iruditu zitzaigunez, geure burua aurkeztu genuen.

Leire Romero. Ni aurreko urteetan emanaldia ikustera joan izan naiz, eta ideia oso polita iruditu izan zait beti. Horregatik, boluntarioak eskatu zituztenean, segituan esan nuen baiezkoa.

Oholtza gainean bereziki zerbait egiteko gogoa zenuten, edo gaiak erakarria eman zenuten izena?

L.R. Nik, baten ere, gaiarengatik. Beldur Barik proiektuaren barruko zerbait denez, interesa nuen horretan sakontzeko, eta horrek bultza ninduen.

X.E. Ni ere, Leirek esan duen bezala, iaz gustura geratu nintzen ikusi nuenarekin, eta proiektu polita iruditu zitzaidan. Horregatik pentsatu nuen, barrutik ezagutzea ere ederra izan zitekeela.

Ikuskizuna abenduan izanagatik, lanketa irailean hasten duzue. Zer lantzen da oholtza gaineko emanaldi horren atzean?

L.R. Irailean hasitan, astero-astero bi orduko bilerak egin ditugu. Gehienbat ikuskizuna prestatzeari begirako saioak izaten dira, baina Josebe Iturriozekin aritu gara lanean, eta saioek badituzte ikuskizunaz haragoko bestelako helburuak ere. Uste dut horietako bat dela, ikasleok geure kabuz gauzak antolatzen ikastea, betiere, hezkidetza eta parekidetasuna landuz. Josebe [Iturrioz] horretan buru-belarri aritzen denez, azalpen asko ematen dizkigu guztiaren inguruan.

X.E. Hori da, nahiz eta jaialdia antolatzeko bilerak izan, jaialdiaz kanpoko gauza asko ikasi ditugu.

Asko ikasi duzuela diozue. Saio horietan hitz egindako zerk deitu du zuen arreta?

X.E. Beti errepikatzen diren kontuez aritu gara, baina bilerek interes handiagoa piztu didate niri.

L.R. Feminismoa jorratu dugu, baina bilerak ez ditugu gaika antolatu. Egunerokoak ematen dituen albisteak baliatu ditugu, bileretan horren inguruan hitz egin eta hausnartzeko. Adibidez, Eibar futbol taldeko jokalarien bideoa hizpide izan genuen pare bat bileratan.

X.E. Gorputz-atal intimoez ere aritu ginen.

L.R. Gure adineko gazte guztiek dakite zakil bat marrazten, baina, aldiz, alu bat marrazten ez dakite, eta abiapuntu hori hausnartzeko baliatu genuen.

X.E. Horrelako gaiez modu irekiagoa hitz egiten irakatsi digute saioek, nire ustez.

'Hi haiz, hi!' emanaldiaren prestakuntzak aldatu al du taldeko kideren baten iritzia edo ikusmoldea?

X.E. Iritzirik aldatu denik ez dut uste, nahiz eta taldeko asko ez nituen aurretik ondo ezagutzen.

L.R. Ez, niri ere iritzia ez zait aldatu, lehendik ere saiatzen nintzen gai horren inguruan informatzen. Dena den, uste dut baten bat harritu dela saioetan hitz egindakoekin.

Momentu honetan, zein da zuen kezka nagusia emakume eta gizonen arteko desberdintasun horren barruan?

L.R. Niri, pertsonalki, iruditzen zait feminismoa, oro har eta kanpotik, nahiko gaizki ikusitako mugimendua dela. Uste dut gizarteak ez dituela oso argi ikusten feminismoak benetan dituen helburuak, eta ni horrek asko kezkatzen nau. Horregatik, iruditzen zait, une honetan, egiteko garrantzitsuenetako bat hori aldatzea litzatekeela: gizarteari argi uztea, feminismoa zer den eta zertan den.

Hitzak berak gaitzespena sortzen duela uste duzu?

L.R. Bai, hori da.

Eta, zuen adinekoen artean ere bai?

X.E. Bai, bai.

L.R. Mutilen artean, bereziki, baina baita neska askoren artean ere. Erradikalegia dela eta abar.

X.E. Kuadrilletan-eta askotan aipatzen dira feminismoaren aurkako iritziak. Jende askok dio feminismoak ez diola berdintasunari begiratzen, emakumeen alde egiten duela soilik.

Eta, zer egingo zenukete, zuen inguruan, hori aldatzeko?

L.R. Pedagogia. Gure inguruko jendeari azaltzea eta ulertaraztea, feminismoa benetan zer den. Horretarako, ordea, ulertzeko prest egon behar du jendeak.

X.E. Asko ez daude entzuteko prest.

Emanaldian aipaturiko ideia horietako zenbaitek isla izango dute, ezta?

X.E. Talde batek bere lehen emanaldia eskainiko du, eta polita izango da. Dantza emanaldiak ere bizpahiru izango dira, eta antzerkiak ere ikusiko ditugu.

L.R. Kantuan ere ariko dira binaka, eta Beldur Barik lehiaketako eskualdeko bideoak ere proiektatuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!