Kirol txapelketa bat baino gehiago, Oargin

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 30a, 17:10

VII. Oargi Boulder Txapelketa larunbatean jokatuko da, hilaren 3an. 14 urtetik gorakoentzat jarri dute aurtengo txapelketa, nahiz eta adin horretatik beherakoek ere parte hartzea izango duten.

Maila bakarra egongo da, beraz, guztiak guztien alboan ibiliko dira, txandaka. Lau bide izango dituzte hasiera batean, eta horietan gertatzen denaren arabera, finalerdietara sailkatuko dira eskalatzaileak. Ondoren, finala jokatuko da.


Izen ematea
Oargik elkarteak antolatzen duen boulder txapelketan izena emateko aukera larunbatean bertan zabalduko dute elkartean, 15:30etik aurrera. Dohainik izango da, eta eraman behar diren bakarrak katuak eta magnesioa dira. Txapelketa 17:30ean hasiko da.


Oargitik azaldu dutenez, alde batetik, balizko parte hartzaileei luzatu nahi die deialdia. Bestetik, ikusleei. «Helburua ongi pasatzea eta arratsalde eder bat pasatzea da. Batzuk txapelketan aterako dira, eta besteak ikustera joango dira. Elkarteak taberna moduan funtzionatuko du, eta Oargiko rokodromoa ezagutu nahi duenarentzat ere aukera polita izango da».


Oargiko rokodromotik eskalatzaile handiak pasa dira, adibidez, Asier Izagirre edo Edurne Pasaban. Egun, rokodromoan gaztetxo ugari ibiltzen da, eta maila gero eta handiagoa dago. Arduradunak horren jakitun dira, eta aurrera begira aldaketak egin nahi dituzte: «Rokodromoa berritzea gustatuko litzaiguke hurrengo urterako. Maila handiagoa izatean, beharrak ere gehitu egiten dira, eta egun baldintza onenetan ez dago, horregatik ez dugu haurrentzat txapelketa antolatu». Esan bezala, hurrengo urtean hori aldatzea da Oargikoen helburua.


Eskalada bizitza filosofia bezala ikusten duenik bada, eta horien artean, txapelketaren antolatzaileak: «Edonork edukiko du parte hartzeko eta kirol hau ezagutzeko aukera. Ez bakarrik txapelketan, baita ondoren ere Oargira gerturatuta. Etxe zuloan sartuta egon baina hobea dela pentsatzen dugu. Kirol honek asko ematen du, gero txoko asko bidaiatzeko ezagutzeko aukera izaten baita. Horregatik, txapelketaren aitzakian gonbidapena luzaturik dago». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!