Afizioa egiten duen apustua

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 21a, 17:44

Julen Kañamares eta Arkaitz Jauregik irabazi zuten apustua igandean, Tolosako zezen plazan. Arria V.ak ez zuen Aierberen 2 ordu eta 9 minutuko marka hobetu.

Bat biren aurka, aizkoran 20 kanaerdiko eta 20 kilometro korrika. Horiek ziren igandeko apustuaren osagai nagusiak.

Zezen plazan 1.000 lagun inguru elkartu ziren Arria V.a eta Kañamares-Jauregi ikustera. Dirua, errezildarraren alde atera zen.

Apustua aizkora probarekin hasi zen: Julen Kañamares alde batetik, Xabier Orbegozo bestetik. Nafarrak lehen 10 kanaerdikoak ebaki eta lekukoa Arkaitz Jauregiri eman behar zion. Lan horietan, enbor bateko aldea lortu zuen Arria V.ak, 2 minutu eta 45 segundo. Jauregi sartu zen ondoren, eta aldea bi minutura jaistea lortu zuen. Xabier Orbegozo indarrak neurtzen aritu zen, bikain gaindituz aizkoraren proba. Apustuan aurretik zen, baina irabazteko nahikoa ote zuen zen galdera. Aierberen marka hobetzeko bidean zen, denboren barruan. Horretarako 44 minuturen azpitik bota nahi zituen 20 enborrak, eta baita lortu ere.

Errezildarra hasi zen korrika aurrena. Zezen plazari 200 itzuli eman behar zizkion. Eta hego haizea zegoen. Bere erritmoan hasi zen, eta ondo ikusten zen, nahiz eta probaren amaieran Iruntxiberrik argi esan: hasieratik ikusi da korrika ez zebilela ondo. Entrenamenduekin alderatuta izango zen, plazan ondo ikusi baitzen, eta kilometroa 4:15 inguru horretan egiten. Beraz, marka hobetzeko denboran jarraitzen zuen. Jauregik aizkora lanak amaitu zituenean, bizi-bizi hasi zen korrika. Baina segidan bete zen. Itzuli bat jan ondoren, hiru aurretik zihoan Arria V.a. Jauregik gorputzari buelta ematea lortu zuen, ordea, eta tartea laburtzen hasi zen. Bere 10 kilometroak amaitzean parean ziren, eta Kañamares sartzean, aurreko lanari jarraipena eman zion. Behin bi itzuliko tartea hartuta, nafarra Arria V.aren atzean jarri zen, eta horrela amaitu nahi izan zituen lanak.

Xabier Orbegozok apustua galduko zuela argi zirudien, baina markarekin zer gertatuko zen ez zegoen hain argi. 70 itzuliren faltan erritmoa handitzeko eskatu zioten errezildarrari bere laguntzaileek, baina hor ikusi zen Arria V.aren benetako egoera. Markak ere ihes egin behar zion.

Bikotea garaipena ospatzen hastear zen, baina 16 itzuliren faltan, egundokoa gertatu zen. Arria V.ak indarrak ez zituen lekutik atera zituen, eta erritmoa igo zuen. Kañamaresek ezin zion jarraitu, eta zezen plazako harmailak erotu egin ziren. Marka hobetzerik ez zuen, baina apustua dantzan jarri zuen. Xabier Orbegozoren sufrimendua izugarria zen, eta bere aurpegiak denak hunkitu zituen. Izugarria.

Amaieran, 21 segundo gehiago behar izaten zituen errezildarrak. Zezen plazari itzulia emateko 27 segundoan ibili zela kontuan hartuta, abantaila oso laburra izan zen.

Irabazleak Kañamares eta Jauregi. Eta irabazlea: Xabier Orbegozo Arria V.a.

 

Denborak:

Kañamares-Jauregi                2:12:31

Xabier Orbegozo Arria V.        2:12:52

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!