48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Ekarpen oparoa»

Miguel Zeberio 2016ko aza. 2a, 11:17

Tolosako 48. Abesbatza Lehiaketak eman du eman beharrekoa. Bost egun mamitsutan asebete ditu bertaratutako herritar eta atzerritar zale eta musikaren profesional andana.

Sarituen zerrendan ez da ezusteko handirik izan. Lehiatzeko parametroak nahiko orokortuak daude eta jakina da gehienentzat, sailkatzeko aintzakotzat hartuko diren irizpideak. Abesbatza lehiaketen mundua nahiko partikularra da, salbuespena Olga Vocal Ensembleko herbeheretarrak, hurbiltasunezko aldartean eta nagusiki Europako ipar lurretako tradizioen harira eskainitako errepertorio original eta bikainarekin ez dute formatu hori bete, baina lasai zioten, hurrengo baterako ikasia dutela lezioa. Ahots taldeetan emaitza hobeak lortu dituzte elizan eskainitako musika sakroan. Santa Klara komentuko baldintza akustikoek talde txikien mesedeetan eragin nabarmena du. Denen artean nabarmen eta garaile Svanholeko gizonezko suediarrak kontraste sarkorrak lortzeko gai izan dira. Beste talde batzuetan ez bezala askatasuna eman die Sofia Sˆderberg zuzendari prestuak behar denean ahotsa energikoki botatzeko eta sonoritate zorrotz edo xamurragoak, beti energikoki eta pasio handiz zuzenduak igortzeko.

Erresuma Batuko Apollos gorabeheratsuak iruditu zaizkit, hau da: britaniar talde profesionalen jakintza eta tradizioaren erakusle izanagatik, emakume ahotsen arteko oreka galtzen zuten zenbaitetan eta kanten artean ere aldea nabarmena zen kalitateari dagokionean.

Basilio Astulezen Vocaliako neskek, goxotasunezko jarioan lau emanaldi zein baino zein xamurragoak eta goi mailakoak eskaini zizkiguten. Lan erritmikoetan zehaztasun handiz eta bikain, melodikoagoetan aldiz askatasun edo malgutasun dinamiko gehixeagok emango lioke ñabardura gehiago, lehendabiziko ahotsak goiko erregistroetan egin behar dutenerako borobiltze aldera adibidez. Zorionak!

Ensemble Nobiles alemaniar gazteek sonoritate heldu bezain garbia daukate batetik baina bestetik zurrun xamar azaltzen dira zenbaitetan.

Aipatu lau taldeek tarte esanguratsuenetarikoa kantu xinpleenean lortu dutela nabarmentzen da: lehenak zuzendariaren Noel politean, britaniarrek Lloyden View the Lordkoralean, euskaldunak Ikusten duzu borobilean eta azkenak, Helleren Bleib Bei Mir Herr himno solemnean.

Indonesiako Batavia izan da talderik arrakastatsuena, Asiako urruntasun hartan europar eta AEBko kultura nola lantzen duten ikusteak harridura sortzen du. Konpaktu eta indartsu noski beraien folklore antzeztu eta konplexuan, bai eta amodiozko amerikar kanta ezagunetan edo europar tradiziozko errepertorioan. Urteetan tentuz egindako lanaren erakusleiho.

St. Nicolas Choir esloveniarrak, aurrekoen antzera, talde bakarrean koruak beharrezko lituzkeen tinbre eta erregistro aukera aberatsenak garatzeko erako soinu tresna lortu dute. Talde humano aberatsak, kanturako heldutasunez landuak eta parean gidari zuzendari jakintsu eta eraginkorrez hornituak. Bustoren Ametsetan hunkigarritik, Azurzaren kirikoketaerritmikora edo esloveniar tradiziozko polifonia ankerretara erraz moldatzekoak. Goi mailakoak.

Hauetariko askorekin eta aipamenik egiteko tokirik gabe izendatu ez ditudan besteekin emanaldietatik kanpo izan dut solaserako aukerarik eta harrigarria da beraien ilusioa, bertan izateagatik azaldutako atsegina eta komunikatzeko gogoa. Ekarpen oparoa egun hauetan gure artean jaso duguna.

Erlazionatuak

Indonesiarrak garaile

Ane Urkola 2016 aza 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!