48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Aitzakia, erreportaje bat»

Miguel Zeberio 2016ko aza. 1a, 10:15

TOLOSALDEKO ATARIAren enkarguz, taldetxoa aritu gara antzokitik komentura bidean eta baita beste toki ez hain ohikoetan abeslarien peskizan.

Taberna, pilotaleku, baserritarren azoka, zezen plaza, Topic zentroa, tren geltoki eta kaleetan zehar eskaini digute hitzordutxoa. Ase gaituzte kantuan egin dutenean eta gozatu ederra hartu dugu beraiekin solasean aritu garenean.

Aitzakia, noizbait argia ikusiko duen erreportaje baten grabaketa izan da. Kantuari dioten debozioaz gain, prestutasuna erakutsi digute iradoki dizkiegun elkarrizketa eta jolas moduko giroekin bat egiteko. Lituaniera, nederlandera, errusiera, ingelesa, islandiera, alemaniera, gaztelera, suediera, italiera, esloveniera eta Taiwango hizkuntza entzun ditugu. Tamalez, ez gara guztiengana iritsi, baina kantuan talde gehiago entzuteko parada ere izan dugu. Entzun ditugu musika kultu eta garai desberdinetako europar kutsuko doinuak lantzen, baita pop estilora gehiago hurbiltzen ere. Hala ere, aniztasun zabalena eskaini digute kultura desberdinetako doinuak erakutsi dizkigutenean eta gure euskal musika beren galbahetik pasa dutenean.

Gaitasun eta kanturako trebetasunari dagokionez, entzun ditugun koruak maila bikainekoak izan dira; norbaitek, TEEkoek alegia, lan bikaina egin dute orain ere. Testu hau irakurtzen duzunerako, jakinaren gainean izango zara epaimahaiak gorenak saritu dituela. Nire iritziz, taldetxo horretan behar lukete abesbatza hauek: Olga Vocal Ensembleko herbeheretarrak, hurbiltasunezko aldartean eta nagusiki Europako ipar tradizioen harira eskainitako errepertorio original eta bikainagatik; Erresuma Batuko Apollos, gorabeheratsu aritu badira ere sustraia ere badutelako; pasio handiko ideien menpean gidatutako Svanholeko gizonezkoak, kontraste sarkorra lortzeko gai direlako; Taipeiko kantariak, erakutsitako aniztasun indar eta kolore aberastasunagatik; Indonesiako Bataviakoak, Asiako urruntasun hartan europar eta AEBetako kulturaren jarraitzaile kalitatezkoa. Eta, nola ez, Basilio Astulezen Vocaliako neskak, goxotasunezko jarioan lau emanaldi zein baino zein xamurragoak eta goi mailakoak eskaini baitzizkiguten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!