Pitxi-pitxi polit bat... edo 4.000

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 27a, 11:02
Saizar gozotegiko lantegian aurkeztu zuten, atzo, aurtengo Tolosa Goxua.

XXIII. Tolosa Goxua azoka berezia hartuko du larunbatak, eta kokozko pasteltxoak izango dira aurtengo protagonista

Komedianteen polka baino ezagunagoa zaie tolosarrei, doinu berari Pitxi-pitxi deitzea; inauterizaleek ume-umetatik ikasten duten hori. Festarako kantuaz harago, ordea, gozo edo pasteltxo bat ere bada Pitxi-pitxia, eta Tolosako protagonista nagusia izango da, gainera, aurtengo Tolosa Goxuan.

XXIII. Goxua izango da larunbatekoa eta, beste zenbait urtetan bezala, bat egingo du Abesbatza Lehiaketarekin. Eta, egiazki, ez zen asteburu hoberik Pitxi-pitxi kantuak eta gozoak bat egiteko.

Goizeko bederatzietan hasita, eguerdira bitarte gozoak izango dira Trianguloa plazako errege-erreginak, larunbatean. Saizar gozodendako lantegian aurkeztu zuten egitaraua, eta bertan izan ziren, Olatz Peon alkatearekin eta Nerea Letamendia azoka zinegotziarekin batera, Saizar Gozotegiko Nieves Soroa, Ibañez-Gozonako Ansel Ibañez, Gorrotxategiko Iñaki Gorrotxategi, Gorostiko Jon Sorarrain eta Eceizako Moira Eceiza. Azoka «hilabeteetako lanaren emaitza» izango dela azpimarratu zuten guztiek, eta Tolosan gozogileek duten garrantzia ere hizpide izan zuen alkateak: «Esperientzien herria da Tolosa, eta halako egitasmoek garapen ekonomikoan eragin nabaria dute».

Kondaira bat, Filipinetatik

Abesbatza Lehiaketan parte hartzekoa zen Filipinetako Los cantantes de Manila abesbatza. Dokumentazioarekin erlazionatutako arazoak medio, ordea, taldeak ezin izango du Tolosako lehiaketan parte hartu.

Bada, Goxua azokako antolakuntzak historia bitxi batekin lotura polita egina zuen jada, Manilako ahotsak Tolosan izango zirela baliatuz. Izan ere, gazte filipinar bat Tolosan bizitzen egon omen zen duela hainbat urte, eta gozotegi bateko lantegian aritzen omen zen egunero. Horrela, gizona Filipinetara itzuli zenean, Tolosan ikasitako kokozko pasteltxoaren errezeta Filipinetako errezeta batekin uztartu omen zuen, gozo hari Pitxi-pitxi izena jarriz. Zuringoa, azukrea eta kokoa lapiko bero batean ondo nahasi, eta pastela labean sartzea da sekretua.

Abesbatza filipinarrik gabe bada ere, Pitxi-pitxia nagusi izango da, Tolosa Goxuan. Nagusi izango da gozoen artean, 4.000 Pitxi-pitxi banatuko baitituzte gozogile tolosarrek. Eta nagusi izango da, halaber, musikari dagokionez, 12:00etatik aurrera, kantua bertaratuko baita azokara: filipinarren ordez, Ensemble Vocal Ámbar ahots talde kubatarra ariko da Trianguloan, eta haien ondoren Tolosa Kantariko kideek girotuko dute litxarrerien plaza.

Urteroko moduan, tarta lehiaketak eretxoko propioa izango du azokan, eta aurten sagar tartarik onena epaitu beharko dut adituek. Izen-ematea ostiralean itxiko dute, 14:00etan, feriak@tolosa.eus helbidean edo 943 69 75 21 telefonoan.

TOLOSA GOXUA 2016, egitaraua

09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloan.

09:00-10:00. Sagar tartak lehiaketara aurkezteko epea.

10:00-11:00. Epaimahaiak tartak dastatzeko denbora.

11:30. Sari banaketa.

12:00. Abesbatza kubatarra.

12:15. Tolosa Kantari.

12:30. Pitxi-pitxi gozoen banaketa hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!