Ametsetako mundu bat, hiriaren bihotzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 22a, 09:41
Lilura sortu zuen Berdura plazako sabaiak.

Begiradak eta kamerak erakarri zituen, atzo, Mikologika astearen barruan antolatutako Txanpi On Fest ekitaldiak; Berdura plaza itxuraldatu, eta Pop Up espazio bilakatu zen.

Zazpigarrenez ari da, Tolosako Casino elkartea, perretxikoen garai eta afizioa kale artera ekarri, eta Mikologika astea antolatzen. Ikastaro, show-cooking eta txangoekin bete dituzte asteko egunak, eta mokadu tentagarrienak astebururako utziak zituzten. Eta tentatu zuten, bai jendea, Txanpi On Fest berrikuntza lepo bete baitzuen Berdura plaza, iluntzetik gauera.

Pop up espazio bilakatu zuten estalitako plaza, eta ametsetako mundu bilakatu zen bertaratuentzat: txanpinoien itxura gogorarazten zuten aterki koloredunak sabaitik zintzilik, eta argi sinple eta beroa, haiek edertzeko. Plazan, berriz, jaki gazi nahiz gozoak dastagai, garagardo eta gintonic bereziekin. Eta, horri guztiari erritmoa jarriz, DJa bere mahaian.

Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Gracia auzoko jaiekin gogoratu zen bat baino gehiago, plazaren kolore eta giroa ikusita, eta ospakizun hura ere sormen iturri izan da antolatzaileentzat: "Oso gustuko izan du, beti, han egiten dutena: espazio bat erabat itxuraldatzen dute egun batez, eta izugarria da horrek ingurua eta giroa ere nola transformatu dezakeen. Aukera bikaina iruditu zitzaigun Mikologika, halako egitasmo bat Tolosan martxan jartzeko", azaldu zuen Juan Urretabizkaiak.

Horrela, Mikologika astea gazteengana gerturatzeko ahalegina izan zen atzokoa, eta Urretabizkaia antolatzailea pozarren zen, herritarren harrera beroa ikusita: "Baloraziorik ez dugu oraindik egin, baina hurrengo urtean eutsi egingo diogu ideiari". Hori bai, bestelako forma eta itxura batekin izango da, hori baitute pop up espazioek: etorri bezala, joan egiten dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!