Tolosak hartuko du minbiziaren aurkako martxa berdea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 14a, 15:18
Zerkausi azpian aurkeztu dute egitaraua.

Hurrengo larunbatean izango da, urriaren 22an, eta aste osorako egitaraua aurkeztu dute gaur.

Bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna da urriaren 19a eta, efemeridea baliatuz, Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkarteak martxa berdea antolatzen du, 2014an geroztik. Iaz Beasainek pasatu zion lekukoa Tolosari eta, horrela, datorren urriaren 22ak gaixotasuna plazaratu eta gaixoei babes soziala eskaintzeko jarduerak hartuko ditu, Tolosan.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizon-emakumeen heriotzen eragile nagusia da minbizia, Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez: "Azken datuen arabera, hildakoen %32 minbiziak jota hiltzen dira eta, emakumeen kasuan, bularreko minbiziak du hilkortasun tasarik altuena: urtero 1.400 kasu izaten dira erkidegoan". Horrela, beraz, alkateak prebentzioan jarri beharreko indarraz ohartarazi du martxa iragartzeko egindako agerraldian: "Horrelako gaien inguruan informazioa zabaltzea ezinbestekoa da, jendea sentsibilizatzeko eta kontzientzia zabaltzeko".

Eta, minbizia mende berriko herritar guztien arazo bilakatu denez, hain justu horri erantzungo dio, bada, datorren asteko egitarauak: "Gaixo daudenei esango diegu ez daudela bakarrik, gu beraiekin gaudela", azaldu du Maider Sierra AECCko psikologoak. "Oso pozik" azaldu da Tolosako hainbat eragilerekin urte osoan barrena garatutako egitaraua biribildu izanagatik eta, besteak beste, ikastetxeak eta kale-hezitzaileak gaztetxoekin gaia lantzen ari direla nabarmendu du: "10 minbizia kasutatik 7k bizi-ohiturekin zerikusia dute, eta oso garrantzitsua da belaunaldi berriei hori helaraztea".

Joxerra Zalakain Orixe institutuko zuzendaria eta Iñigo Navascues Hirukide ikastetxeko ikasketa burua izan dira agerraldiak eta, biak ala biak bat etorri dira minbiziaren gaia hizpide zutela: "Ikastetxeetan oso gertu ikusten dugu minbiziaren gaia, neska-mutilen guraso edo aiton-amonen bidetik". Horregatik eta, minbiziaren inguruko sentsibilizazioa erronkatzat hartu dutelako, bi ikastetxeetan tailerrak egiten hasiak dira jada.

Kalea sendagai

Larunbatarekin batera aurreikusi dute minbiziaren aurkako hitzordu garrantzitsuena baina, haren aurretik, astea sentsibilizazioz eta informazioz josi dute antolatzaileek. Astelehenetik ostiralera bitarte, adibidez, minbiziaren aurkako erakusketa ikusgai izango da kultur etxeko areto nagusian, 17:30etik 19:30era.

Kalea bera gaitz askoren sendagai izan daitekeenez, gainera, urriaren 20an, ostegunean, kale ekintza bat egingo dute minbiziaren aurka, 17:30etik 19:30era, Trianguloa plazan.

Urriaren 22an, larunbatean, 10:00etan irtengo da minbiziaren aurkako martxa berdea, Tolosako Usabal kiroldegitik. Parte hartzaile guztiek zapi eta elastiko berdeak jantziko dituzte eta, haien banaketa 09:30ean egingo dute, Usabalen bertan. Ibaiaren bidea jarraituz, ertzetik zeharkatuko dute herria, eta Plaza Zaharrean amaituko da ibilbidetxoa. 

Orduantxe pasatuko diete lekukoa Amasa-Villabona eta Zizurkil herriei eta, 11:30etik aurrera, hamaika jarduera izango dira herrian: zumba Plaza Zaharrean, patinajea San Frantzisko elizaren atarian, sukaldaritza tailerra Trianguloan, txontxongilo tailerra Lopez Mendizabal plaza eta piraguismoa Oria ibaian.

Aipatzekoa da, egitarau horri guztiari forma emateko eta garatzeko, AECC elkartearekin batera, Tolosako hainbat udal sail eta eragile lanean aritu direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!