Mugitzeari gorazarre, hirugarrenez

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 3a, 18:04
Denboraldi berria iragarri dute, gaur, Zerkausian, Mugi Tolosan parte hartzen duten eragile guztietako ordezkariek.

Mugi Tolosaren hirugarren ikasturteari ekingo diote asteazkenean; astero irtengo dira, 11:00etan, Zerkausitik.

Errutina ohitura osasuntsuz betetzea joeran dago, eta ez soilik kiroldegi eta gimnasioetan. Kalea izan daiteke ariketa fisikoa egiteko plazarik egokiena, eta horri helduz abiarazi zuten Mugi Tolosa egitasmoa, duela bi urte. Asteazkenean bertan ekingo diote hirugarren ikasturteari, eta aurrekoen arrakastari eustea da jomuga.


Duela zenbait hamarkada sortzen ez ziren arazoei aurre egin beharra dakar, gizarte gero eta helduago batek. Horrela, adituen esanak oinarri hartuta,  giharretako arazo eta gaixotasunak saihesteko tresna bilakatu nahi izan zuten, hastapenetatik, oinez ibiltzearena, horretarako zortzi ibilbide eskainiz.


Baina Mugi Tolosa zorrozki gorputzari loturiko gorabeherez harago doa, eta inguruko jendearekin harreman sareak sortzeko aukerak bilakatzen du, egitasmoa, hain erakargarri.


Zenbakiei begiratu besterik ez zaie egin behar: aurreko ikasturtean, batez beste, 127 pertsonak parte hartu zuten asteazkeneroko 32 irteeretan. Aipatzekoa da, gainera, %68 emakumeak zirela, txango horietan. Era berean, 75 urtetik gorako gizon-emakumeen parte-hartzeak ere datu esanguratsua utzi zuen joan den ikasturteko ibilaldietan: %25a osatu zuten.

Belaunaldien mugimendua

Hirugarren adineko pertsonei begira ondutako proiektua da Mugi Tolosa, osasun adituekin elkarlanean; horrek ez die, ordea, gainerako herritarrei aterik ixten, alderantziz.
Ate horietako bat irekiz, joan den ikasturtean Mugi Tolosako parte-hartzaileei laguntzen hasi ziren Hirukide ikastetxeko ikasleak, Uzturre zentroarekin duten elkarlanaren haritik. Esperientzia «bikaina» izan zela azpimarratuz, aurten ere astez asteko hitzorduari eutsiko diote: «Oso polita da jendeari laguntzea, eta laguntza horrekin eurak pozik daudela ikustea», azaldu dute ikasleek.


DBHko gaztetxo horiekin batera, gainera, Mugi Tolosan ohiko laguntzaile izaten dira Iturriza, Harizpe, Beti Gazte, Ilarki, Goienetxe, Gurutze Gorria, Uzturre zentroa eta Nagusilan elkarteetako boluntarioak, batez ere, oinez ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrei laguntzen.


Horrenbestez, parte hartzeko nahiz laguntzeko aukera berri bat sortuko da, orain, asteazkenero. Zortzi ibilbide eskuragarri izango dira, guztira, eta luzera norberak aukeratu beharko du: 763 metrokoa da laburrena, eta 7 kilometro ditu ibilbide luzeenak. Parte-hartzaile bakoitzari zigilua jarriko diote, astero, txartelean, jarraipen bat egin eta, bide batez, motibazio horri eusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!