Ezpala Gaztetxea

Jarrera eraikitzailea izateko eskatu dio Gazte Asanbladak Udalari

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 18a, 19:45

Gazte ugariren babesarekin, prentsaurrekoa eman du Tolosako Gazte Asanbladak larunbatean okupatu zuten eraikinaren atarian. “Arazoa errotik eta seriotasunez” heldu dezala eskatu diote Udalari.

Larunbateko gertakariak salatzearekin batera, Tolosako Udal Gobernuak gaur goizean egindako irakurketari erantzuna eman dio Tolosako Gazte Asanbladak agerraldi jendetsu batean. Izan ere, bi aldeen erreakzio kontrajarriak sortu ditu larunbateko okupazio eta ondorengo desalojoak.

Hain zuzen, poliziaren jarrera salatu du Tolosako Gazte Asanbladak, eraikina husteko une horretan izan ziren istiluetako argazkiak eskuetan zituztela. Jokabide «guztiz bidegabea» izan zela esan dute, eta udalari leporatu diote egoera horretara iristeko «bidea libre utzi» izana: «Eraikina udalarena izanda, udalak ezin al zuen sarraskia gelditu?» galdetu dute. Era berean, udal gobernuak gaur goizean gertakari horien inguruan komunikabideetara igorritako ohar batean istilu horien inguruko aipamenik egin ez izana gaitzetsi dute gazteek.

Egoera honek “epe motzeko irtenbidea” behar duela ondorioztatu du TGAk: “Ez dizkiogu inoiz ateak itxi negoziazioari. Hala ere, Tolosako Udalari eskatzen diogu arazoaren erroari seriotasunez eusteko eta jarrera eraikitzaile batekin gazteok ditugun arazoak konpontzeko”.

Izan ere, gazteei ulergaitza zaie udalak beren proiektua ez babestea: “Tolosa hobetu nahi dugu, eta udalak horrelako proiektuen aurka egon baino, alde egon beharko lukeela uste dugu”.

Bide luzea, gaurdaino

Gaur egungo egoerara iristeko, “ibilbide luzea” izan dela azaldu du Asanbladak: “Gazteon beharrak lantzetik hauei erantzuna ematera pasa ginen; kaleko jarduerak antolatzetik, espazio propio baten beharra azaleratzera”. Abenduaren 23an okupatutako eraikina jarri dute adibidetzat.

Baina guzti horren sorrera 2015ko urriko Gazteburuan kokatu dute. “Arrakasta ikusirik, udalarekin bildu ginen. Proiektua idatziz azaltzeko eskatu ziguten, eta zein motatako lekua behar genuen adieraziz aurkeztu genien idatzi bat. Ezpalatik bota gintuzten arte ez dugu erantzunik jaso” diote.

Gazteek, berriz, argudiatu dute proiektuaren nondik norakoak Ezpalan egon ziren 23 egun horietan erakutsi zituztela. Gainera, gaztetxearen bilakaera “hurbiltzen den pertsona orok modu asanblearioan” erabakiko duela gehitu dute.

Horrez gain, udalak argudiatu duenaren aurka, Limousin etxearen etorkizunaz ere hitz egin du Asanbladak: “Proiektu bat duzuela esan duzue, baina ez duzue aipatu ze proiektu den. Ongi dakigu bertan ez dagoela proiekturik, aurretik zeudenak atzera bota direlako”.

Hori dela eta, “eraikuntza hutsak egon eta horrelako proiektuei bizkarra ematea larria” dela esan dute. Horregatik uste dute zilegi dela okupazioaren bidea.

Arazoari epe motzeko irtenbide bat eman nahi diote gazteek, baina argi dute “udalarekin edo gabe, aurrera” egingo dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!