Gatazken Kudeaketan prestatu diren ikasle bitartekariak izan dira protagonistak, hirugarren urtez antolatu duten ekitaldian. Ikastetxeko bitartekari eta ikasle laguntzaileek formakuntza jaso dute, eta amaiera ekitaldian zapiak eta diplomak banatu dizkiete.
Urteak daramatzate ekimen honekin lanean, eta txikitatik hasten dira Hirukideko ikasleak proiektuarekin. Gela bakoitzetik pare bat ikasle aukeratzen dituzte ikastetxeari zerbitzu hau eskaintzeko. Behin taldea osatuta, Gartxot Agirre pedagogia taldeko kideak adierazi duenez, 12-16 orduko formakuntza jasotzen dute. Ondoren, atzo eginiko ekitaldia izaten dute, eta jarraian zerbitzua eskaintzen diote ikastetxeari. «Ikastetxean giro hobeagoa egotea lortzen dute. Gatazken kudeaketa hobeto egitea eta ikasleen arteko giroa ere hobeagoa izatea lortzen da, bizikidetza hobetuz», nabarmendu du Agirrek.
Ekitaldian ikastetxez kanpoko gonbidatuak izaten dituzte: udal ordezkariak, Bakearekin zerikusian lan egiten dutenak, Bizikidetza Foroa, ikuskaritza, kale hezitzaileak... Hezkuntza munduan ezaguna da ikastetxea, eskuartean duten proiektuarengatik.