Iñigo Asensio: «Ez gara jabetzen gure hizkuntzak duen indarraz»

Iñigo Terradillos 2014ko abe. 1a, 09:31

Abenduaren 3an estreinatuko da Iñigo Asensioren 'Euskara munduan' dokumentala; ama hizkuntzak duen indarraz edo herriminaz gogoeta egitera bultzatu nahi du ikuslea.

Iñigo Asensio tolosarrak eginiko Euskara munduan dokumentala izango da ikusgai Euskararen Egunean, abenduaren 3an, ETB1en, gauez. Mundu osoko lurraldeetan barrena hedatzen diren euskal hiztunen mapa handia osatu du, eta hiztun horien lekukotzak bildu ditu. Euskaldunek euskara gehiago maitatzeko eta baloratzeko balioko duela azaldu du tolosarrak.

Zer da dokumental honetan ikusi ahalko duguna?
Euskarak munduan duen presentzia azaldu nahi du lan honek. Horretarako munduan zehar bidaiatzen, lekukotzak jasotzen aritu naiz, 2012. urtetik.

Lurralde askotatik pasa zara euskararen peskisan.
Hamabi lurralde bisitatu ditut. Mexikon, Guatemalan eta Kalifornian hasi nintzen lekukotzak biltzen, eta aurten, Etiopian, Turkian, Alemanian, Hong Kongen, Indian, Japonian, Filipinetan, Australian edota Italian izan naiz. Bidaia etxean, Tolosan amaitu nuen, bertan eginiko grabazioekin.

Munduko mutur guztietan topatu dituzu, beraz, euskararen printzak.
Bai, eta gainera, dokumentalaren ideia zentrala edo abiapuntua hori da. Euskal Herria euskararen herria dela onartzen badugu, eta euskararen herria euskal hiztunek osatzen badute, Euskal Herri oso handi bat irudikatuko genuke mapa batean. Datuen arabera, berrogei herrialde baino gehiagotan badira euskal hiztunak. Askotan ez gara konturatzen gure hizkuntzak duen indarraz, ez gara konturatzen 700.000 hiztun inguru dituen hizkuntza txiki honek munduan duen presentziaz. Hori da lan honen bidez erakutsi nahi duguna. Ama hizkuntzak duen indarraz edota herriminaz ere gogoeta egitea bultzatu nahi du.

Nostalgikotik asko du dokumental honek?
Distantziara kondenatuta dauden pertsonen lekukotzak jaso ditut. Horietako batzuk gazteak dira eta etxerako buelta aukera gisa dute baina kasu askotan etxerako buelta hori ez da aukera bezala ikusten, edo behintzat ez da gertuko aukera bat. Askotan heriotzaren inguruko baieztapenak ere badaude, eta batzuek onartzen dute euren amaiera, berrogeita hamar bat urte beste herrialde batean eman eta gero, etxean eman nahi diotela, itzuli egingo direla.

Lekukotzak zuk jaso eta grabatu dituzu, eta lanaren zuzendaria zara, baina, lantaldea kide gehiagok osatzen duzue.
Atzerrian izan naizenean bakarrik egin ditut grabaketak eta produkzio lanak, baina, dokumentalaren atzean, talde bat dago. Ainhoa Andoaga aritu da zuzendariorde edo ekoizpen-zuzendari moduan. Iban Garate ere lagun izan dut, ekoizpen lanean nahiz irizpideak markatzen. Iñigo Eraso ere lagun izan dut edizioan, eta gidoiari dagokionez, Leidor aretoan grabatu genituen bertsoak Jon Martinek eginak dira, eta musikari begira, Iñar Sastre irurarrak egin du gehiena. Abestietako bat nik neuk konposatu dut, Iker Lauroba eta Oriol Flores lagunekin. Beraz, lagun asko izan ditut ondoan.

Musika egiterakoan Iñar Sastreren parte hartzea aipatu duzu.
Zorionez, Iñarrek denbora bat eskaini ahal izan dio dokumentalerako musika sortzeari. Parisen dago une honetan bertako musika kontserbatorio nazionalean, eta bestelako konpromisoak ere baditu, Tolosan izan berri da kontzertu batean, esaterako. Beraz, eskertu beharra diogu egin duen lana. Tolosara eginiko bidaia batean berarekin bildu, irudiak ikusi, piano baten aurrean eseri eta ideiak ateraz joan ziren. Berak oso argi ikusten ditu gauzak. Abestiek, egia esan, badute malenkonia hori, tristura puntu hori, batzuek beste batzuk baino gehiago. Koherentzia bat ere badago, zorionez dokumentalarentzat jatorrizko musika egiteko aukera izan dugu, musikari handi batek egina, gainera.

Bertsoak ere, dokumentalerako bereziki sortuak izan dira.
Lagun askorekin kontatu ahal izan dut dokumentalean, eta horren adibide da Jon Martin bertsolaria. Hiru bertso sortu ditu, eta horiek adin ezberdineko hiru pertsonek abestuko dituzte dokumentalean. Hain justu, Leidor aretoan grabatu dugu tarte hori. Bidaiak etenaldi batzuk izango ditu, lasaigarri moduko batzuk. Aulki huts batzuetan, iluntasunean grabatutako hiru bertso izango dira. Ume bat, ama bat eta aitona bat. Transmisioaren bidearen erakusle moduan. Euskararekiko harremana, herrimina, bidaia, itzulera-bidaia oso presente daude bertsoen hitzetan.

Zure kabuz hasi zinen proiektuarekin, baina, azkenean, EITBrekin elkarlanean burutu duzu.
Bai. Hasiera batean oso zaila izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundietako euskal sailekin harremanetan jarri eta erantzuna positiboa izan zen, baina baiezkorik ez nuen lortu eta apur bat erreta bukatu nuen. Nire denbora, nire dirua ari naiz erabiltzen euskararen inguruan interesekoa den zerbait kontatzeko helburuarekin, eta gure euskal erakundeek ez diote babesik eman. Proiektua utzi egin beharko nuela pentsatzera ere iritsi nintzen, baina, Euskal Telebistatik interesatuta zeudela erantzun zidaten Hego Amerikan grabatu nituen lekukotzekin bidali nizkien lehen irudiak ikusi zituztenean. Uda honetan zehaztu zuten euren babesa, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzako euskal zinemaren, dokumentalen produkzioen alorrean diru laguntza jaso dugu, beraz, azkenean pozik sentitzeko moduan gaude. Baina, enpresetatik, finantza erakundeetatik nahiz foru aldundietatik ez dugu inolako arrakastarik izan. Askotan istoriorik politenek hipokresia puntu bat sortzen dute, eta beste proiektu askorekin ere gertatu izan zait hori; «zein istorio polita!» esaten dizute, baina, horretan geratzen da, hitzetan. Agian, gaiak aukeratzeko eta saltzeko unean trebetasun handiagoa eduki behar da. Gaur egun, hala ere, edozer gauza saltzea edo babesa topatzea zaila da. Guk, azkenean, babesa izan dugu. Aipatu, baita ere, dokumentala low cost-a dela, txikia dela, aurrekontu txikiarekin egina, baina, laguntza eta babes guztiak eskertzen dira, txikiak izan arren.

Dokumentalean norekin ikusiko zaitugu hizketan?
Kalifornian, esaterako, Arrasate eta Gasteizko bi gazterekin egin nuen topo. Irakasle moduan ari dira biak lanean. Harridura sor dezake Ameriketako Estatu Batuetako hondartza giroan euskararen presentziak, baina, egia dena da amerikar asko ari direla han euskara ikasten mila arrazoi direla medio. Berlinen Ainhoa Añorgarekin izan nintzen, bertako Euskal Etxeko presidentearekin, bertako Euskal Etxeak izan zuen lehen kidearekin. Euskaldunek sortu ez duten munduan dauden Euskal Etxe gutxietako bat da Alemaniakoa. Alemaniarrek sortu zuten Gernikako bonbardaketaren urteurren batean. Barkamen eskaera ofiziala egiteko eskatu zion alemaniar talde batek hango gobernuari eta horrela hasi ziren Gernikako herriarekin harreman estua izaten. Horri jarraipena emateko pentsatu zuten alemaniar-euskaldun zentro bat sortu behar zutela Berlinen eta emakume hau, Ainhoa Añorga, izan zen lehenengoetakoa. Berak kontatu zigun, batetik, euskal kulturaren inguruan zenbat gauza egiten dituzten Berlinen, eta bestetik, euskararen transmisioaren adibide moduan jartzen dugu, bere seme-alabak euskaldun hiztunak baitira. Alemaniarrez hezi edo hazi dira eskolan, amak euskaraz hitz egiten die etxean eta aita turkiarra dutenez, bere hizkuntzan ere egiten die. Beraz, gurasoen hizkuntzak dituzte haurrek.

Lekukotza helduagoak ere badira dokumentalean. India edo Etiopiako adibideak, esaterako, oso onak dira. Etiopian, Angel Olaran hernaniarrarekin egon nintzen. 63 urte daramatza Afrikan misiolari moduan. Tanzanian izan da, eta suahilieraz hitz egiten du, Etiopian urte ugari egin ditu, eta bertako tigriña hizkuntza hitz egiten du, eta frantsesez, ingelesez edota gazteleraz ere hitz egin beharra izan du urte hauetan guztietan. Horiekin batera, euskara ere gorde du, baina, ez hori bakarrik, hainbat afrikar gaztetxok euskara eta Euskal Herria ezagutzea edota euskarazko abestiak kantatzea ere lortu du.

Bestalde, Japonian badira bi japoniar euskaraz oso ondo egiten dutenak, han euskal eskolak ematen dituztenak. Duela 30 urte, egun 90 urte inguru dituen hizkuntzalari baten bitartez izan zuten euskararen berri. Hizkuntzalari hori, baina, topatzeko aukerarik ez genuen izan, ez guk ez eta bi japoniarrek ere. Kontua zera da, zerk bultzatu ote zuen emakume hau 70. hamarkadan Japoniatik Euskal Herrira etortzera. Hamar hilabete igaro zituen bertan, eta Japoniara itzuli zen euskaraz ondo hitz egiten ikasita. Behin etxean zela, Tokion, unibertsitateko hormetan karteltxoak zintzilikatu zituen euskal eskolak eskainiz, dohain. Bere helburua zen ikasitako hizkuntza hori ez galtzea, eta horretarako hiztunak behar zituen haiekin hitz egiteko. Hizkuntza irakatsi zien ikasleetako bik gaur egun emakume haren bidea jarraitzen dute, eta eskolak ematen dituzte, euskara eta euskal kulturaren inguruan.

Istorio oso bitxiak dira, eta era berean oso ezberdinak euren artean. Baina badute komunean zerbait, hizkuntza eta hizkuntzak munduan duen presentzia.

Lekukotza asko bildu dituzu hainbat lurraldetan. Erraza izan al da eurekin harremanetan jartzea?
Pixkanaka egin dugun zerbait izan da. Kontaktu batzuk banituen, eta horiek gero beste batzuetara eramaten zaituzte. 2012. urteaz geroztik, jendearekin etengabe gaiaren, dokumentalaren inguruan aritu naiz, eta pixkanaka, konturatu gabe, kontaktu horiek sortzen joaten dira. Herrialde batzuetan aukera gutxiago dago: Afrikan, adibidez, fedeak eraman ditu euskaldunak hara eta horietako askorekin ezin izan dugu harremanetan jarri, Ebolaren birusarengatik. Bolikosta bisitatzeko asmoa ere bagenuen, Kongoko Errepublikan ere badira euskal misiolariak, baina ezin izan dugu horiekin solasean aritu, ezinezkoa baitzen lurralde haietara hurbiltzea. Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez ere, eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen bitartez ere egin ahal izan ditugu harremanak. Batzuetan, berriz, euskal etxe batera joatean konturatu naiz aurreikusitakoa baino gauza gehiago egiten dituztela, eta beste batzuetan, berriz, bilgune funtzioa baino ez dutela betetzen ikusi dut. Berlinen edota Erroman, adibidez, ikusgarria da egiten duten lana euskal kultura, euskal idazleak, euskal musikariak... bertakoengana zabaltzeko.

Nondik sortu zitzaizun euskara ardatz hartuta munduan zehar bidaiatzeko ideia?
Egia esan, azkenaldian elkarrizketetan galdera hau askotan egin didate, eta onartu beharra daukat nik ere oso argi ez daukadala. Asko bidaiatu dut, batez ere Hego Ameriketara, baita Europatik barrena, eta Afrikara ere bai, iparraldean batez ere. Bidaia horietan bizitakoarekin eta ikusitakoarekin konturatu naiz, euskarak baduela presentzia bat munduan, eta joaten zaren lurraldera joaten zarela euskal hiztunak topatzen dituzula. Beraz, pentsatzen hasi nintzen mundu osoan zehar topatzen dituzun euskal hiztunek izango zutela zer kontatua, haien inguruan ezer gutxi baitakigu. Eta horrela, pixkanaka, istorio txiki askorekin istorio handi eta interesgarri bat osatuz joan da.

Espero zenuen istorioa sortu al duzu, edo esperotakoa baino handiagoa?
Kasu askotan uste nuena baino hunkigarriagoa izan da. Ez nuen uste dokumentala egiten hasi eta horrelako giro nostalgiko-melankolikora eramango ninduenik, eta dokumentalak hortik badu zerbait. Dokumentalarekin hasi nintzenean, egia esan, nik ere ez nuen oso garbi emaitza, baina, banuen helburu zehatz bat, eta lekukotzek ere hori erakutsi didate, badela herrimin sakon bat guztiaren atzean. Badaudela nortasunarekin lotzen dituen ezaugarri hori, ama hizkuntzak duen indar hori... Indian 84 urteko gizonezko bati eskailerak igotzen laguntzen ari nintzaiola zera esan zidan, orain eskailerak igotzean euskaraz zenbatzen duela «bat-bi-hiru..». Bere amak bera txikia zela hori egiten omen zuen, eta orain adinarekin ama oso presente izaten duela esan zidan. Oso hunkigarria zen. Adinarekin haurtzaroko kontuak nola azaltzen eta azaleratzen diren ikusi nuen hor.

Mexikon, berriz, ikasle batek zergatik ari zen euskara ikasten kontatu zidan. Bere amona euskalduna zen baina oso gazterik ezkondu eta joan zen Euskal Herritik. Laurogei urte baino gehiago zituen, eta Alzheimerrak jota euskaraz hitz egiten hasi zen Mexikoko bere etxean, eta inguruko inork ez zion ulertzen. Segituan konturatu ziren bere umetako hizkuntza, bere ama hizkuntza, euskara zela. Horregatik hasi zen ikasle hori euskal eskolara joaten, bere amonari hitz batzuk esan ahal izateko edo bere amonarekin komunikatu ahal izateko. Oso polita izan zen hori, eta horrelako istorio asko agertu dira edo agertzen joan dira. Politak iruditu zaizkit baina nik ez nuen horrelako zerbait espero. Ez nuen horrelako testigantzarik espero eta heldu egin dira. Poliki-poliki dokumentala melankolia giroa hartuz joan da, baina, denetarik dago, une alaiago edo neutralagoekin. Hala ere, etengabe somatzen da herrimin edo distantziak sortzen duen pena moduko hori.

Dokumentala ikusten duenak euskara gehiago baloratu edo maitatuko al du?
Nik uste dut baietz. Gainera, asko dira uneren batean, izan gazte ala heldu, euskararekiko galera izan dutenak. Arrazoi batengatik edo bestearengatik urrundu egin dira euskararekiko, hizkuntza handiagoak hautatuz. Gero konturatzen zara atzerrian bizi diren euskaldunek esfortzu handia egiten dutela bere hizkuntzarekin bizi ahal izateko. Beraz, nik uste dut baietz, emango diola zer pentsatua ikusleari. Jendeak bere buruari galdetu beharko liokeena da nola den posible Euskal Herrian euskara galtzen uztea.

Datorren astean, Euskararen Egunean izango da dokumentala ikusteko aukera, ETB1en. Emanaldi horretaz gain, besterik aurreikusi duzue hemen edo Euskal Herritik at?
Ez dakigu oraindik abenduaren 3an eman ostean nahieran ikusteko moduan jarriko duten. Hortik aurrera, Euskal Herriko herri ezberdinetan izango da aukera, kultur etxeetan, elkarteetan... erakusteko nahiz hitzaldiak emateko. Polonian adibidez proiekzio bat egin nahi dute, hitzaldi batekin, eta Erroman azpitituluak jarri nahi dizkiote, hango publikoari zuzentzeko. Erromaren kasuan, hiru unibertsitatetan ari dira erakusten euskal kultura eta hizkuntza, eta horietan azaldu dute interesa. Horiez gain, aukera gehiago azalduko direlakoan gaude, nazioartean bere bidetxoa edukiko duela espero dugu.

Zure herrian, Tolosan, Leidorren, grabatzeak esanahi berezia izango zuen, ezta?
Bai. Gainera, oso erosoa izan da, Leidor aretoa oso ezaguna baita niretzat. Bertan, aulki hutsekin zerbait egitea bururatu zitzadidan, eta horrela, bide batez, tolosartasun hori agerian geratzen zen. Ideia hori ere oso polita zen, Tolosan hasitako bidaia Tolosan amaitzea.

Nola sentitzen zara estreinaldiaren aurrean?
Beldur pixka bat ematen dit, aurreikuspen handiak sortzen ari direlako. Uste dut ulertu behar dela bakarka egindako lana izan dela, aurrekontu txikiarekin, lekukotzak biltzea izan dela... Jendeari gustatzea espero dut, eta era berean, beldurtzen nau jendeak dokumental erraldoi baten esperoan txikiagoa den zerbaitekin topo egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!