Imanol Rojo: "Olinpiar Jokoetan izatea opari bat da, txikitako ametsa betetzea"

Mikel Iraola 2014ko urt. 30a, 10:28

Imanol Rojo

Ia bizitza osoa darama Imanol Rojok (Tolosa, 1990) eskiatzen. Bost urterekin hasi zen elur gainean, eta harrez geroztik, hamaika lasterketetan hartu du parte. Gogor entrenatu du azken hilabeteotan, izan ere, lau urtez behin jokatu ohi diren Neguko Olinpiar Jokoak jokatuko dira datorren otsailaren 7tik 23ra Sotxin (Errusia). Bertan egoteko txartela lortzea zuen denboraldiko helburu nagusia gazte tolosarrak. Esan eta egin. Prestaketan zehar bidelagun izan duen anaia, ordea, deialditik kanpo geratu da bigarrenez. Rojok Zuritxera bidaiatu zuen atzo, bertan jokatuko baita Europako txapelketa. Handik zuzenean joango da Sotxi aldera.

Olinpiar Jokoetara joateko txartela lortu duzu. Ez da marka txarra...
Egia esan oso pozik nago. Oso. Ez dut beste hitzik.

Espero zenuen horrelakorik?
Egia esan bai. Sotxira joateko hautatuen artean egotea zen pasa den urteko denboraldiko helburu nagusia. Hortarako gogor egin dut lan eta azkenean lortu dut.

Nolako prestakuntza izan duzu ba?
Maiatzean hasi nintzen prestatzen. Irailetik aurrera hasi ginen eskiatzen. Bi hilabete pasa genituen Austiran. Lehiaketak, berriz, azaroan hasi nituen. Guztira 12 lasterketa egin ditut Europan zehar. Lasterketa horietatik hoberenak hautatu dituzte Olinpiar Jokoetarako.

Lan horren emaitza da Sotxirako txartela. Zer esanahi du lortzeak?
Kristorena da. Kirolari guztientzat txikitatik izaten duten ametsa da. Urte asko daramatzat eskiatzen eta hainbeste esfortzuren ondoren, opari bat dela esango nuke.

Neguko Olinpiar Jokoak ez dira udakoak bezain entzunak. Hala ere, kirolari batentzat esanahi bera dute?
Guretzat bai, lehiaketarik garrantzitsuena da. Gainontzean egia da neguko kirolek ez dutela asko saltzen. Olinpiar Jokoak lau urtero ikusten dira baina igaro ondoren, ahaztu egiten dira. Ez dute merezi duten oihartzuna.

Agian baten batek pentsatuko du tolosarra eta puntako eskiatzailea izatea bateraezinak direla...
Tolosan beti izan da mendizaletasun handia. Baita eskiatzekoa ere. Irteera asko antolatzen dira. Nahiz eta elurra eta eski estazioak ez izan asko mugitzen gara. Oro har, euskaldunek asko atsegin dute eskiatzea. Nire kasuan, aita eta amarengandik datorkit zaletasun hori. Bost urterekin ikasi nuen eskiatzen, eta geroztik ez naiz geratu.

Denbora tarte horretan bidelagun izan duzu anaia. Duela lau urte ez zuen Vancouverren izateko txartela lortu gutxigatik. Aurten ere ozta-ozta geratu da kanpoan. Nola bizi izan duzu hau?
Pena handia izan da. Etxekoentzat ere bai. Helburu bera lortzeko borrokan aritu gara. Baina azkenean hau da kirola. Bi leku soilik zeuden eta beste batek lortu du bigarren hori.

Sotxiko hautatuen artean egotea merezi zuela uste duzu?
Bai, merezi zuen. Bigarren aldia da helburuaren atarian geratu dela. Gu bezain beste lan egin du.

Olinpiar Jokoetara itzuliz, zer uste duzu topatuko duzula Sotxin?
Neguko kirolen festa erraldoi bat aurkituko dut. Giro ezinhobea izango da, seguru. Munduko kirolari hoberenekin emango ditut 24 orduak, eta euren aurka arituko naiz lehian. Ororen gainetik disfrutatzea espero dut.

Olinpiar Jokoetan egotearen esperientziaz gozatzea duzu, beraz, helburuetako bat. Kirol arloan, baina, zein aurreikuspen dituzu?
Guztira lau probetan hartuko dut parte, otsailaren 9an, 11n, 14an, eta azkena, 23an. Horietakoren batean lehen 30en artean izatea izugarrizko lorpena izango litzateke niretzat. Hori lortzeko borrokatuko dut.

Bertan zaudenean gertukoen babesa izango al duzu?
Agian ama gerturatuko da. Gainontzekoek lanagatik ezin izango dute. Etxetik animatuko naute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!