Txakurrekin korrika, hirugarrenez

Itzea Urkizu 2014ko urt. 23a, 08:54

Gipuzkoako Txakurkros ligako ibilbide luzeena izango du, igandean Tolosan jokatuko duten probak. Hirugarren edizioa izango da, eta hainbat berrikuntza izango dira aurrekoekin alderatuta.

Guhau Taldeak hirugarrenez antolatu du, iganderako, Tolosako txakurkrosa. Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko parte hartzaile kopuru bertsua espero dute. Bada, ordea, berrikuntzarik: haurrek parte hartu ahal izateko lasterketatxoa prestatu dute, belaunaldi berriei kirol honetan hasteko afizioa pizte aldera.

09:30etik 11:00etara bitarte, parte hartzaileen txakurrek albaitarien kontrola pasatu beharko dute, eta horrekin batera, dortsalak banatuko dizkiete. Ia 11 kilometroko lasterketa nagusia, berriz, 11:30ean hasiko da, eta 80 lagun inguruk parte hartuko dute.

Jarraian 5 kilometroko herri lasterketa egin nahi dutenek eta gaztetxoek prestatu beharko dute, 13:00ean irteera izango baitute. Eneko Agirre antolatzaileak azaldu duenez, txakurkrosean lehenengo aldiz parte hartu nahi duenarentzat ibilbide egokia izango da bost kilometrokoa, norbere burua eta txakurra nola uztartzen diren ikusteko. Horregatik, jende asko espero dute kategoria horretan.

Gipuzkoako txakurkros ligako laugarren lasterketa izango da Tolosakoa, eta kros bat bertan behera geratu denez, beste hiru jokatu beharko dituzte, oraindik. Bide horretan, aipatzekoa da Tolosako lasterketa nagusiko ibilbidea Espainia mailako lasterketetan luzeena dela, arduradunek azaldu dutenez.

Azkenik, gonbidatu berezi bat ere izango da igandean. Alex Txikon kirolariak parte hartuko du txakurkrosean, eta Guhau taldeko antolatzaileek erabateko ziurtasunez ez dakiten arren, posible da Txikon Xtrem telebista programarako irudiak ere lasterketan grabatzea.

Eguna biribiltzeko, paella

Kirola eginez goiza igaro ondoren, txakurkrosean parte hartu dutenek nahiz haien gertukoek paella jatea izango dute Trianguloan.

Iaz 50 lagun inguru elkartu ziren, eta aurten ere txartelak eskuragarri jarri dituzte: korrikalariek 3 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, berriz, 5 euro.

 
 
Eneko Agirre. Guhau taldeko kidea

«Norberarentzat txakur egokia bilatu behar da»

Txakurkrosetan hasi bazen ere, Zizurkilen bizi den Eneko Agirre (Donostia, 1987) gaur egun gehiago aritzen da txakurrekin batera lehiatzeko beste hainbat modalitatetan. Dena den, antolakuntzan eta parte-hartzaile moduan ariko da igandean.


Duela 3 urte hasi zineten Tolosako txakurkrosa antoaltzen. Nolatan?

Inguru honetan txakurkrosean ibiltzen ginen lauzpabost lagun elkartu ginen, hasieran, talde bat sortu eta entrenatzeko asmoz. Hain justu urte berean, Gipuzkoako liga sortzeko lanean hasi ziren Donostian, eta gu ere animatu egin ginen Tolosan txakurkrosa antolatzeko.

Orduz geroztik nabaritu al duzue eskualdean txakurkrosa egiten duen jende gehiago dagoela?

Nik uste dut baietz. Zizurkilen, esaterako, bost lagun inguru aritzen gara, eta inguruan ere jende dezente ari da animatzen.

Bakarkako entrenamenduak ala taldekakoak egiten dituzue?

Txakurrekin korri egiteko taldean ateratzen saiatzen gara, izan ere, txakurrekin egiten diren bestelako modalitateetan, zortzi txakurrekin edo birekin egin beharreko lasterketetan, adibidez, erlojuaren kontra aritzen gara ia beti. Baina txakurkrosak berezitasun hori du: irteera taldean egiten da. Oso metro karratu gutxitan, txakur eta jende asko elkartzen gara eta animaliak oso urduri jartzen dira. Horregatik, noizbehinka taldean entrenatzen saiatzen gara txakurrak ohitzeko.

Txakurra aukeratzerakoan zeri begiratu behar zaio?

Norberarentzat txakur egokia bilatzen saiatu behar da. Ez du ezertarako balio txakur indartsu eta azkar batek, hari jarraitzeko gaitasunik ez baldin badaukazu; txakurra aspertu egiten da. Eta askotan mendi lasterketetan oso ona den jendea txakurkrosetan hasten da etxeko txakurrarekin, baina behar bada txakurrak ez du korri egin nahi; txakurrari tiraka ibiltzen dira, eta hori ezin da egin, txakurrak beti aurretik joan behar baitu arauen arabera. Hor kontrolatu egin behar izaten dugu, lasterketako azken kilometroan, normalean, gu azkarrago joaten baikara txakurrak baino. Gainera, Tolosan, Korreo kalean egiten ditugu azken metroak, eta jende asko ibiltzen denez txakurrek atzera egiten dute sarri. Baina txakurra poliki baldin badoa, jabeak ere hala joan behar du.

Txakurrarekiko harremana lantzea ere ezinbestekoa da, beraz.

Oso-oso garrantzitsua da. Gertatu izan da oso txakur ona oso korrikalari onari uztea, eta jabea ez ezagutzearen ondorioz, animalia geratzea.

Hori hala izanik ere, ba al da bereziki ona den arrazarik?

Berez edozein txakurrek balio du, baina egia da alaskanoak onenak direla, dudarik gabe. Baina badira izugarri ondo ibiltzen diren artzain txakurrak, adibidez, denei irabazten dietenak. Eta txakur txiki-txikiak ere ikusi izan ditugu aurrean.

Zenbat jende espero duzue igandean?

Lasterketa nagusian 80 lagun inguru, eta herri lasterketan beste 15; guztira 90 lagun bertaratuko dira. Herri lasterketan behar bada igo egingo da, lehen aldiz irteteko-eta distantzia polita delako, bost kilometroko ibilbidea eginez. Aurtengo berrikuntza, gainera, haurren lasterketarena izango da. Lehen ere, haur txiki-txikiek egiten zituzten 200 metro inguru txakurrekin, baina aurten haur horien eta gaztetxoen arteko tartea betetzeko proposamena egin dugu: helduek lasterketa amaitu, eta arropa aldatu ondoren, haurrekin batera ateratzeko aukera eskainiko diegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!