Tolosako neskatxak: Emakumearen historia laburra

Asier Artola 2013ko abe. 6a, 15:20

Bigarren Gerra Karlista eszenatoki hartuta emakumea publikoki iraindua, biktima errudun bihurtuz, garaiko agiri eta testigantza kulturalek jasota

«Tolosako neskatxak
bostetatikan bi
aurten gelditu dira
guztiz errukarri
bihotzetikan triste
animatik larri
alargundu dirala
esanaz alkarri
hamaika malko eder
 zaiote erori».

Bigarren Gerra Karlistaren baitan (1872-1876) idatzi zen Tolosako neskatxak bertso sortako pasarte bat dugu aurrekoa. Irudia gogorra da. Poema epiko-tragiko baten ataria izan liteke. Joseba Tapiak Eta tira eta tunba diskoan hitz hauek janzteko erabilitako melodiak gehiago du requiemetik satirarako kantutik baino, baina konposatu zen garaian azken hau zuen helburu, eta horixe da hain justu egungo irakurleari ezinegona eragiten diona.

Bertso paper honetako istorioa honela labur daiteke: 1873ko irailetik karlistek inguraturik egon eta 1874ko otsailean bando honen esku geratu zen Tolosa gerraren azken hilabeteetan liberatu zuten (beti ere euren kontakizunaren arabera) tropa liberalek; bertsolariak eszena orgiastiko bat konposatzen du, Tolosako neskatxak ageri dira bertan, «gonak beren tokira/ inola ezin altxa»; garaipenaren aldareetan euren gorputzak eskaintzen dizkiete liberatzaileei, baina egunak pasa eta Cantabria batailoieko soldaduek Iruñera egin behar dute «neskatxari utzirik/ kaiolan zozuak»; emakumeak, haurdun eta bizitan alargun, gudariek, hiri berrian, amorante berriekin, eszena bera errepikatzen duten bitartean.

Antzerako bertso paperak zabaldu ziren Euskal Herrian, Tolosa beste hiri batzuengatik ordezkatuz. Ezin jakin deskribapen hauetara hurbil litekeen gertakaririk jaso zen edo ez. Bertan ageri diren baloreak interesatzen zaizkigu ordea. Ospakizun bat baino gehiago bortxakeria kolektibo dirudien honetan autoreak argi du erreduntasunak nola banatu. Errua, nola ez, neskatxena da. «Ederki egin dizute/ zertan hoiri eman». Errua bakarrik ez, merezi ere badute. Antzekoa bota zion Txirritak ezkondu gabe haurdun gelditu eta Jaungoikoaren zigorra gaixotasun larri moduan jaso zuen emakumeari: «Hobe zenduen zere loria/ ondo guardatu bazendu». Eta honela, bortxakerien azalpen matxistaren baitan, biktima bilakatzen da biktimario, kaltetua errudun.

Europa hegoalde osora (eta harago) zabaltzen den balore-sistema hau bikain azaldu zuen Pitt-Riversek, herrixka andaluziar bati eskaini zion lan etnografikoan: gizonak, bere ekintzekin, ohorea irabazteko gaitasuna duen bitartean, emakumeak ohore hori bera galtzeko gaitasuna besterik ez du. Bere eginkizuna da bere lotsa babestea, eta sexuen arteko lan banaketaren arabera, familiarena zaintzea ere berari dagokio. Bere egitekoen artean daude egutegi erlijiosoa betearaztea, etxearen irudia mantentzea. Bere ardurako dira etxekoen itxura fisiko eta espiritualak. Gizonari dagokio «kanpoaldea», alor publikoa; emakumea barnetasuna da, espiritualtasuna, irudi garbiaren zaintza; emakumea etxea da, alor pribatua, bigarren planoa. Garai haietako ezkontzetan, oihal bat zabaltzen zen bi ezkontideen artean: mutur bat gizonaren bizkarrean ipintzen zen, bestea emakumearen buruan. «Uztarria» zuen izena oihal hark. Emakumea uztarripean. Uztarritik ihes egiten zuenak etiketa jakina: sorgina edo emagaldua.

Emakumeei emandako jipoiak ugari dira bertso paper umoristikoetan. Beti ere «merezitakoak», noski. Eskualdeko bertsolarien artean, baserritarrak izan edo kaletarrak izan, adibide ugari topatzen dira. Andre mozkorrak, gizona ongi zaintzen ez dutenak, etxea ongi gobernatzen ez dutenak dira bertso hauetan biktima. Gai hauek umorerako erabili izanak eragiten du kitzika. Jipoiak normaltasunez hartzen dira. Jipoiak ulergarriak dira. Jipoiak ez ziren kritikatzen,»gehiegizko jipoi» kontsideratzen ziren haiek baizik.   Baserri  giroan  senar  jipoitzaileei trufa egiteko mekanismoak baziren, honen etxe inguruan koadrilan zintzarriak jotzea kasu. Baina hala ere trufarik elaboratuenak senarra jotzen zuten emakumeei zuzentzen zitzaizkien. Herriko plazan bizilagun guztiak bildurik, eta trufatuak izango zirenak nortzuk ziren zabalduta, bi mutilek, andre-gizonez mozorroturik, jipoiaren eszena irudikatzen zuten, edota asto karrerak egiten ziren. Berriro ere «mari mutila» senar jipoitzailea baino irainduagoa. Iturrietan ez da «euskal matriarkaturik» topatzen.

Emakumea uztarritik askatzen saiatu zenean amaitu ziren umorerako gogoak. Tolosaldeko emakumearen historiara hurbildu nahi duenak 1936ko gerra zibilaren baitan emakume tolosarren aurka egin ziren gerra kontseiluetan aurkituko ditu emantzipazio femeninoaren aurkako gorrotoaren adierazpenik garbienak. Tolosako kartzelan zegoen testigu amorratu batek bera zaintzen zuen emakume miliziarrari jaurtitzen dizkion hitzei bitsa darie. Hankaz gora zegoen mundua. Behin eta berriro irudi bat errepikatzen du: galtzak jantzita zebilen emakume soldadua. Galtza haiek begietan min egiten zioten. Noski, nahiago zituen gonak erraz jaisten omen zituzten emakume haiek. Uztarripean; euren lekuan. Honela uler liteke emakume errepublikarrek gerraostean jasan zuten errepresio partikularra. Ilea sustraietaraino ebaki zitzaien emakumeen kasu ugari bildu da eskualdean, emakumetasunaren sinbolotzat zuten hura erauzita. Zorionez gauza ugari aldatu dira ordutik; tamalez beste asko ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!