Herritarren iritzia eskatuko du udalak aurrekontuak prestatzeko

Iñigo Terradillos 2013ko aza. 8a, 13:45

Tolosako udal gobernuko zinegotziak
Tolosako Udala 2014ko aurrekontu proposamena ari da prestatzen, eta horretarako, herritarren iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu, "denen artean aurrekontuak egin eta denen artean Tolosa arduraz eraikitzeko helburuarekin". Hori dela eta, galdetegi bat banatuko die herritarrei, gabeziak, beharrak eta iritziak adierazteko.

Datozen egunetan tolosarrek jasoko duten galdetegia ataletan banatuta egongo da. Berdintasuna, gizarte zerbitzuak, hirigintza, ogasuna, garapen ekonomikoa, ingurumena, gizarte integrazioa, euskara eta hezkuntza, kultura, mugikortasuna, bide publikoak eta herritarren segurtasuna dira iritziak emateko proposatzen diren gaiak edo atalak. Herritarrek nahi duten ataletan erantzun ahalko dute, eta azaroaren 25a baino lehen udaletxean, musika eskolan, kultur etxean eta kiroldegian jarriko dituzten buzoietan utzi ahalko dute galdetegia. Halaber, udalaren web orriaren (tolosakoudala.net/inkesta) inkesten atalean erantzuteko aukera izango da. Galdetegia modu anonimoan edota pertsonalizatuan, izen-abizenak jarriz, erantzun ahalko da.

Lore Agirre alkateordeak azaldu duenez, udala jakitun da herritarrei "urrun" geratzen zaizkiela udaleko kudeaketa kontuak, baina, pixkanaka hurbiltzeko pausoak eman nahi dituzte. "2012an, lehen aldiz aurrekontuak egin genituenetik, funtsezkoa iruditu zaigu herritarrek zuzeneko informazioa izatea udaleko aurrekontuen inguruan. Tolosako herritarrek euren zerga eta tasetatik jasotzen den dirua eurengana berriro nola itzultzen den azaltzen saiatu gara, atalez atal, udalak dituen diru sarrerak azaldu, eta atalez atal zertan gastatzen den gardentasunez adieraziz", adierazi du Agirrek. Bada, 2014ko aurrekontuekin, "bide beretik" jarraitzeko asmoa du udalak, herritarren ekarpenak jasotzeko modua indartuz".

Bestalde, erantzunak jaso ondoren, abenduaren 11n, udalak batzarrera deituko ditu herritarrak. Topic-en izango da, 19:30ean, eta bertan, 2013 urteko balantzea egingo dute, herritarrek eginiko ekarpenei erantzungo zaie, eta 2014ko aurrekontuen proposamena aurkeztuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!