Heldu eta gazteentzako Larramendiko I. Krosa izango da larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 30a, 11:27

15:30ean hasiko dira gaztetxoenak; helduek 10 kilometroko itzulia egingo dute Tolosan zehar.

Tolosako Larramendi auzoko jaiak bukatu dira, baina, festa giroa amaitzetik urrun, ekimenak antolatzen jarraitzeko asmoa dute auzotarrek. Horren seinale da larunbaterako Plan B tabernak antolatuta burutuko duten Larramendiko lehenengo krosa. Gaztetxoek zein helduek izango dute lekua bertan, eta 15:30ean hasita herrian zehar ariko dira lasterka.
Olga Fidalgo antolatzaileak azaldu moduan, «auzo giroa sustatzea du helburu krosak», eta horregatik, auzotar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. 5 kilometroko ibilbidea prestatu dute herrian. Helduek bi itzuli emango dizkiote, eta 16:30ean abiatuko dira. Kadeteek 1.200 metro egingo dituzte, eta 16:15ean dute irteera ordua; infantilek kilometro bat egin behar dute, 16:00etan hasita; alebinek 800 metro egin beharko dituzte, 15:45ean hasita; eta benjaminek, 15:30ean hasi eta 600 metro egingo dituzte.
Izena emateko bi aukera jarri dituzte: kirolprobak.com webgunean, helduek txipa horiagatik 10 euro eta txipa txuriarengatik 12 euro ordaindu beharko dute. Plan B tabernan lasterketa hasi baino ordubete lehenago arte egin ahalko da. Bertan, haurrek 5 euro eta helduek 15 euro ordainduko dute. Sariei dagokionez, lehen hirurek eta Larramendiko lehen gizonak eta emakumeak garaikurra jasoko dute.
Bestalde, hexacopter batekin hartuko dituzte kroseko irudiak, eta ondoren, CD batean grabatu eta salgai jarriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!