Euskararen Eguna 2021

«Iritsi eta bi egunera euskara ikasten hasi nintzen»

Hamasei urte daramatza Euskal Herrian bizitzen Paola Gomez Lagosek (1981, Mendoza, Argentina). Lehenengo bizilekua Adunan izan zuen, eta Andoainen bizitzen egon eta gero, aurten, Orendainen aurkitu du bizitzeko tokia. Hasieran ostalaritzan aurkitu zuen lana, eta gerora pilates klaseak ematen hasi zen. Egun, Alegian, Ikaztegietan eta Lizartzan ematen ditu klaseak.

Noiz etorri zinen Argentinatik Euskal Herrira?

2005ean. Lehenengo senarra etorri zen, eta urtebetera ni. Lan bila etorri ginen.

Bazenekien nora zentozen?

Bagenuen tokiaren berri, baino ez nuen ezer ezagutzen. Ez nekien beste hizkuntza bat hitz egiten zenik ere.

Ez zenekien euskara bazenik ere?

Hori da. Hemen jakin nuen. Behin etorrita, osabak esan zigun hemen euskaraz hitz egitea oso garrantzitsua dela. Iritsi eta bi egunera euskara ikasten hasi nintzen. Osabak jada hamar bat urte zeramatzan hemen bizitzen.

Euskal Herrira etortzean zein herritara etorri zinen lehenengo?

Adunara. Herri txikia da, eta oso euskalduna. Udalak jarri zigun euskarako irakaslea. Gu tabernan bizi ginen, Benta jatetxean, eta irakaslea egunero etortzen zitzaigun euskara erakustera.

Eta euskara entzutean zer?

Oso arraroa egin zitzaidan. Ezin nuen ezta Andoain esan. Hainbeste bokal batera izanda, ezin nuen izen hori ahoskatu ere egin. Ezinezkoa zen ezer ulertzea. Baina gero, poliki-poliki, eta euskara asko entzunez ohitzen joan nintzen. Jendeari entzuteak asko egiten du, eta garrantzitsua da jendeak euskaraz hitz egitea. Bestela zaila da. Zizurkilgo taberna batera joan nintzen lan egitera, eta bertan asko ikasi nuen.

Eta iritsi eta bigarren egunean hasi zinen euskara ikasten?

Bai. Batik bat, tabernan lan egiten nuenez jendeari kasu egin ahal izateko. Egunero bi orduz ikasten genuen euskara eguerditan.

Gogor saiatu zinen, beraz.

Bai. Hasieran bai.

Eta zergatik ari zara euskara ikasten?

Nik asko errespetatzen dut leku bakoitzeko kultura. Ikusten dut jendeari asko gustatzen zaiola bere hizkuntzan hitz egitea, eta ni kanpotik banator, nik egokitu behar dut noan tokira. Horregatik oso garrantzitsua iruditu zitzaidan euskara ikastea. Errespetuzko jarrera bat da, eta hemen bizitzea eskertzeko modu bat ere bai.

Nolakoa ari da izaten ikaste prozesua?

Zaila izan da euskaltegira joatea. Batzuetan ez dut denborarik izaten euskaltegira joateko. Lana aprobetxatu dut euskara asko ikasteko. Tabernan asko ikasten da.

Zein ikasketa dituzu eginak?

Nik irakasle ikasketak egin nituen Argentinan, baina oso zaila izan da hemen baliozkotzea. Edozertan dela ere, lana egin beharra neukan, eta albo batera utzi nuen nire ikasketak baliozkotzea. Hiru urte geroago, gimnasiari lotutako ikastaroak egiten hasi nintzen.

Eta egun pilateseko irakaslea zara.

Bai. Alegian hasi nintzen. Hilabete batzuk Idiazabalen egin nituen, baina modu formalean Alegian hasi nintzen klaseak ematen. Jada hamaika bat urte dira gutxi gorabehera.

Alegia, Lizartza eta Ikaztegietan pilateseko irakaslea zara. Herri euskaldunak dira. Nolako esperientzia da?

Oso ona. Jende euskalduna da, eta saiatzen naiz klaseak euskaraz ematen. Jendea oso jatorra da, eta asko laguntzen didate. Eroso sentitzen naiz.

Klaseak euskaraz emateko ikasten saiatzen zara?

Hori da zaila niretzako. Gaztelaniaz era batera esaten da, eta euskarara ezin da modu berean literalki itzuli. Jendeari galdetzen aritzen naiz, nola esaten da hau edo bestea. Batzuetan gaizki esaten dut, baina ikasitakoan saiatzen naiz erabiltzen.

Euskaraz hitz egiteak lagundu dizu herritarrengana iristen?

Bai, bai. Asko nabaritzen dut hori. Aurten ezin dut, baina pandemia aurretik bi urte bakarrik izan baziren ere Lasartera euskaltegira joaten nintzen, eta irakasleak oso onak ziren. Ikasten jarraitu nahi dut, eta beharra sentitzen dut. Ulertu, ulertzen dut, baina hitz egitea kostatzen zait. Hasieran zaila da, baina gero ulertzen da. Eta irekitzea da garrantzitsua eta entzutea, eta ez ixtea eta hizkuntzaz aldatzeko ez eskatzea. Saiatu egin behar gara.

«Nik asko errespetatzen dut leku bakoitzeko kultura [...] ni kanpotik banator, nik egokitu behar dut noan tokira. Horregatik oso garrantzitsua iruditu zitzaidan euskara ikastea»

Zer eman dizu euskara zerbait jakiteak?

Jendearekiko harremanak. Nik euskara ikaste hutsak jendeari ematen dion poza, eta nola hartzen duten ikustea, eta zeinen garrantzitsua den euskaldunentzat hori izugarria da. Horregatik ahalegin handiagoa egiten dut ikasteko, eta badakit garrantzitsua dela. Ez da bakarrik toki batean edo bestean lan egiteagatik, herritarrengatik eta herriarengatik da.

Bi seme dituzu. Beraiekin euskara erabiltzen duzu?

Batzuetan bai. Gaztelaniaz baino gutxiago egiten dut euskaraz. Biek dakite euskaraz, eta laguntzen didate. Esaterako, mezu bat idazteko zaharrenak beti laguntzen dit, 'ondo dago ama edo gaizki dago hau'.

Andoaindik Orendainera bizitzera. Aldea nabarituko duzu, ezta?

Bai, baina gustura nago. Oso polita da. Adibidez, herriko whatsapp taldean nago, eta saiatzen naiz dena irakurtzen eta ulertzen.

Kalera ateratakoan ere euskara izango da nagusi?

Bai, denek euskaraz egiten didate. Saiatzen naiz ni ere, gaizki, baina saiatzen naiz euskaraz hitz egiten.

Urte asko daramatzazu hemen bizitzen. Faltan botatzen duzu Argentina?

Bai, eta beti daukat itzultzeko gogoa, baina hau da nire bigarren herria; adopzioko herria.

Eta baduzu Argentinan bizi diren euskaldunen berri?

Lehen ez nekien ezer, baina orain bai. Euskal etxea dago Buenos Airesen eta bertan ikasten dute euskara, eta kultura mantentzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!