Patxi Plazaolak seigarren amaitu du Ironbike proba

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 10a, 11:59

Patxi Plazaola, ezkerretik bigarrena, proban parte hartu duten lasterkari batzuekin.

Balorazio positiboa egin duen arren, orendaindarrak esan du zapore "gazi-gozoarekin" amaitu duela Italiako Alpeetan egiten den proba gogorra.

Italiako Alpeetan jokatzen den zortzi eguneko mendi bizikleta proban seigarren postua lortu du Patxi Plazaola orendaindarrak. Munduko proba gogorrenetarikoa da Italiako proba, egunean, 7-9 orduko etapekin.

Lasterketa italiar alpeetan lehiatzen da, hegoaldean hasi, Cuneo inguruan, eta iparralderantz joanez, Sauze d´Oulx-en amaituz. Lasterkariek Monte Bellino-ko puntan (2.942 metro) izaten dute pasa beharreko punturik garaiena, baina ia egunero 2.500 metrotik gorako mendiak igarotzen dituzte, egun gehienetan 4.000 metrotik gorako desnibel positibo metatua gaindituz.

Egunero 7-9 orduko etapak izaten dira mendian gora eta behera, eta hori gutxi balitz, sarritan bizikleta bizkarrean eraman behar izaten dute, bi ordutan zehar kasurik okerrenean, eta kanpalekuan, kanpin dendan, lo egitera behartuak daude lehiakideak, lasterketari gogortasun gehigarri txiki bat emanaz.

Orendaindarrak zapore "gazi-gozoarekin" amaitu duela azaldu dio Atariari: "Lasterketa izugarri polita da, baina baita izugarri gogorra ere. Lehen parte hartzea izanik banekien esperientzia duten lasterkariek alderdi askotan aurre hartuko zidatela, baina lehen eguneko prologoan izaniko erorikoan apurturiko saihetsak eta arazo mekanikoen ondorioz galduriko denborak zertxobait hobeto egin nezakeenaren sentsazioa utzi didate." Dena den, balorazio orokorra positiboa dela dio Plazaolak. "Saihetsak molestia handia izatea ekarri dit, batez ere, lo egiterako orduan, baina ez dit min gehiegirik ere eman eta ez dut uste nire lasterketan ia eraginik izan duenik. Pena, kanbioa apurturiko etapan eta bizikleta bizkarrean eman beharreko tarteetan gaizki moldatu izanagatik, postu bat galtzeak ematen dit. Ia lasterketa osoa bosgarren joan ondoren, ia azken egunean seigarren izatera pasatzeak ez zidan grazia handia egin, baina argi dut batez ere lehen parte hartzea izanik, ez dela batere emaitza txarra".

Hurrengo urteari begira, orendaindarrak ez du oso argi itzuliko ote den. "Oso gustura itzuliko nintzateke, lasterketa oso polita baita, leku zoragarrietatik igarotzen da, eta bertan elkartu garen lagun taldean izugarrizko giro ona izan dugu. Kanpalekuetako giroa oro har paregabea da, nazionalitate ezberdin askotariko jendea nahasturik giro lagunkoian eta elkar laguntzeko prest. Gainera, aurten irabaziriko esperientziarekin zertxobait hobeto ibiltzeko esperantza nuke, batez ere, aldapan behera oso gaizki ibili bainaiz, konfiantzarik gabe. Dena den, honelako lasterketa batean parte hartzea oso garesti ateratzen da (bidaia, izen-ematea, materiala...) eta gu bezala, inongo laguntzarik gabe, dena gure poltsikotik ordaindu beharra izanda, zail ikusten dut hurrengo urtean berriro bertan lehiatzeko moduan izatea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!