«Izugarria da horrelako lehiaketa batean saria jasotzea»

Iñigo Terradillos / Imanol Garcia Landa 2016ko abe. 14a, 08:02

Orendaingo Zelaieta baserrikoek izen bereko gazta ekoizten dute. Maider Murua, Joan Mari Garmendia eta Joxe Antonio Garmendia aritzen dira gazta egiten. Brontzezko domina lortu du beraien gaztak, ondutako ardi gaztaren mailan. Maider Muruak erantzun ditu sariaren inguruko galderak.

Nola jaso duzue saria?

Poz handiarekin. Ez gara lehiaketa zaleak, baina hemen egin behar zenez horrelako lehiaketa handi bat, familiakoek ere animatu gaituzte, eta azkenean parte hartzea erabaki genuen. Poz handiarekin hartu dugu saria. Ez genuen espero, ez dakit lehenengo aldia zelako edo.

Beraz, lehenengo aldia izan da lehiaketa honetara aurkezten zinetela?

Bai, aurreneko aldia izan da, eta saria lortu dugu. Esan bezala, ez gara lehiaketara aurkezteko zaleak. Zaldibiakora aurkezten gara, eta beraiek abisatzen eta esaten digutelako, bestela ez gara lehiaketetara aurkezten.

Nolakoa da saria jaso duen gazta?

Ekainaren hasieran egina dago, eta gazta suabea da.

Saria jasotzeko besteekin alderatuta izango du sekreturen bat.

Ez dut uste. Gaztak begiratzen aritu ginen etxean eta iruditu zitzaigun gazta hori izango zela egokiena. Baina ez dago sekreturik, egia esan behar bada. Denak gogo eta ilusio berdinarekin egiten dira.

Zenbat gazta egiten duzue Zelaietan?

Gutxi gorabehera 8.000 kilo ekoizten ditugu. Esan behar da etxean, gure pabiloian, egiten dugula gazta, baina mendian egiten ere dugu. Mendian egindakoa kopuru txikiagoan izaten da.

Salmenta puntu ezberdinak izango dituzue, ezta?

Bai, pixka bat denetatik izaten da. Etxean salmenta zuzena izaten dugu, eta gero dendetan eta tabernetan saltzen dugu. Azoketara ez gara joaten.

Sari hauek ezagutzera emateko balio izaten dute. Horrek gero eragina izan dezake salmentan, ezta?

Bai, hori da, pixka bat ezagutzera emateko balio dezake. Agian jendeak ez zaitu hainbeste ezagutzen, agian ez garelako plazetan eta azoketan ibiltzen, eta sariak aukera ematen dizu ezagunagoa izateko.

Lana ondo egiten ari zaretela ere suposatzen du.

Satisfakzio bat da. Egia esan horrelako sari bat jasotzen duzunean poztasun bat izaten duzu. Zerbait ondo egiten ari garela esan nahi du. Epaimahaiak gure gazta saritu badu zerbaitengatik izango da. Lehiaketa horretan mundu guztiko 3.000 gaztek parte hartu dute. Guretzako izugarria da saria jasotzea.

Zenbat denbora daramazue lan honetan?

Nire gizonak urte dezente daramatza. Ni geroxeago hasi nintzen, baina 20 urte inguru izango dira hasi nintzela. Gustuko ofizioa dugu.

Erlazionatuak

Egindako lanari saria

Iñigo Terradillos / Imanol Garcia Landa 2016 abe 14

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!