Azoka, omenaldi eta guzti

Irati Saizar Artola 2016ko aza. 6a, 16:22

Leaburu-Txaraman azoka eguna ospatu dute eta tartean Maritxu Erasori omenaldia egin nahi izan diete herritarrek.

Azokan ikusmiran zebilen jendea frontoi erdira hurbildu da 12:00ak aldera, Maritxu Eraso orain gutxi hildako herritarrari omenaldia egiteko. Agurra dantzatu diote lehendabizi; bere seme Andoni Otegi euskal preso politikoaren hitzak entzun dira ondoren, Almeriako espetxetik amari bidaliak eta jarraian, Maritxuren Etxerateko lagun batek berarekin bizitako uneak gogora ekarri ditu. Bukatzeko, herritar batek trikitiaren laguntzaz kanta bat eskaini dio. 

Omenaldiaren ondoren, azokak hartu berriro ere protagonismoa. Zortzigarren aldiz ospatu da artisau eta barazki azoka Leaburu-Txaraman. Bertako produktuak izan dira nagusi, baina, tartean Nafarroako piper erreak erosteko aukera izan da. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko produktuak ere egon dira, baita artisau garagardoa eta Ezpeletako piperrak ere. Azoka eguna borobiltzeko, 14:30ean bertso bazkaria egin dute Jokin Uranga eta Beñat Lizaso bertsolariekin.

Askatasun Taupadak erabiltzailearen bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!