Larraulgo Zirta jatetxeko Iker Urangak egindako Baserri pintxoak irabazi du Gipuzkoako Bakailao Pintxoen X. Lehiaketa. Bigarren sailkatua Donostiako Okendo taberna izan da, Carlos Nuez sukaldariaren Bacalao de Primavera pintxoarekin, eta hirugarren saria Hondarribiko Tatapaseko Adur Arrietaren Sutondoan sorkuntzak eraman du.
Astearte iluntzean Pasai Donibaneko Ziaboga jatetxean ospatu zuten txapelketaren finala, eta Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman zuten lehen saria. Urangak Baserri pintxoari buruzko xehetasunak eman zituen: «Baserrietan esnearekin egiten zen errezeta zahar baten berreskurapena da pintxoa, eta, kasu honetan, bakailao-buruen talo zopa eginez egin du interpretazioa».
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Felix Manso sukaldaria, Felix Manso Ibarla jatetxeko jabea; Cynthia Yaber, Donostiako Arzak jatetxeko sukaldari-burua; Catherine Marchad, gastronomia-kazetaria; Alberto Santiago, Santymar bakailao-enpresako gerentea; eta Rebeca Barainca, Galerna jatetxeko jabea.
Aurten hamar urte bete dituen txapelketaren helburua bakailaoaren kontsumoa sustatzea da, produktua indartuko duten kalitatezko sorkuntzekin. Aurten ere esperientzia «arrakastatsua» izan dela berretsi dute antolatzaileek, bai pintxo-ibilbidean eta bai txapelketan: «Amaiera polita izan du, 18 sukaldari finalistek pintxoak zuzenean prestatu baitzituzten epaimahaiaren eta bertaratutako ikusleen aurrean».
Sari banaketaren ostean, afari berezia egin zuten antolatzaile, parte-hartzaile eta sustatzaileek, eta azken hamarkadaren laburpen bideo bat eman zuten bertan. Halaber, Felix Manso bakailaoaren enbaxadore izendatu zuten, «produktu horren aldeko inplikazio, dedikazio, laguntza eta apustuagatik».