Bertso udalekuak egingo dituzte uztailean Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 31a, 11:26

Bertsozale elkartean eman beharko da izena; bazkide direnek martxoaren 4tik 17ra, eta gainerakoek, martxoaren 20tik aurrera.

Bertsozale elkarteak aurten ere antolatu ditu bertso udalekuak. Txanda ezberdinak antolatu dira, Larraulen, Bidarrain, Zuhatzan eta Uitzin. Larraulgo aterpetxean 12 eta 13 urteko gaztetxoak egongo dira uztailaren 8tik 14ra eta parte hartu nahi dutenek Bertsozale.eus webgunean eman beharko dute izena.

Larraulen ez ezik, 9 eta 11 urte artekoak Zuhatzan egingo dute egonaldia uztailaren 24tik 28ra; 14 eta 15 urtekoek Uitzin uztailaren 25etik 31ra; eta 16 eta 18 urte artekoek Bidarrain, uztailaren 15etik 24ra.

Bertso eskoletako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale elkarteko bazkide dutenek aukera izango da izen emateko, martxoaren 4tik 17ra. Gainerako kideentzat izen emateak martxoaren 20tik aurrera zabalduko dira, apirilaren 15era arte. Erreserba baieztatzeko ordainketa epe bat jarriko da. Larraulgo udalekuak, adibidez, 280 euroko prezioa izango du.

Behin izen emateak jaso ondoren Bertsozale elkarteak maiatzean jakinaraziko du taldeak nola osatu diren. Informazio gehiago nahi duenak Bertsozale.eus webgunean, 943 69 41 29 telefonoan edo aisialdia@bertsozale.eus helbidean izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!