ARIMA ELIKATUZ

Abendura begira

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2021ko aza. 22a, 07:57

Abendua dator. Hilabete kritikoa, oso. Errutinatik irtetea; otordu asko etxetik kanpo, gozo asko, konpromiso sozial asko… Abenduko zubia lehenik (jende asko kanpora joaten da), enpresako otorduak eta Gabonak. Nolako konboa, ezta?

Jende askok dio beldurra abenduari: kontrol ezari eta loditzeari. Gertatu dakigukeen okerrena loditzea izango balitz bezala (gizarteak hori sinestarazten digulako). Baina esan behar dizut normala dela beldur hori izatea; oso errotuta dauzkagun sinesmenak direlako. Beraz, aholku pare bat nahi abendua hobeto kudeatzeko?

Lehenik eta behin, garrantzitsua iruditzen zait egoera erlatibizatzen jakitea. Eta beldurrak gainditzen zaituela sentitzen baduzu, agian une egokia da laguntza profesionala eskatzeko. Beldur handi horrek, elikadurarekin erlazio gorabeheratsu bat islatu edo ezkutatu dezake, eta bizitza gozatzeko, garrantzitsua da elikadurarekin erlazio osasuntsu bat izatea.

Honekin gogorarazi nahi dizut, badaezpada, eta piztia arraro bat sentitzen bazara, oso jende gutxi dagoela elikadurarekin erlazio osasuntsu bat duena. Izan ere, erlazio osasuntsu bat izatea ez da bakarrik elikadura-asaldura bat ez izatea. Elikadurarekin erlazio osasuntsu bat izatea elikagaiez gozatzea da, elikagaiak on edo txar gisa ez sailkatzea, errurik sentitu gabe jatea (baita elikagai prozesatuak edo «ez-osasuntsu» gisa sailkatzen ditugun horiek ere), gehiegi jaten dugunetan ez konpentsatzea (kirol gehiago eginez edo baraua eginez) eta abar eta abar. Eta bai, ziur nago zuk horrelako zerbait egiten duzula edo egin duzula. Lasai, ez naiz zu epaitzen ari. Nik ere egin dut, eta egiten dut, batzuetan. Hau ikasketa bat da, lasterketa luze bat, eta pixkanaka-pixkanaka hobetzen joatea da koska.

Dena edo ezer ere ez pentsamendu dikotomikoa oso ohikoa da gure gizartean; zuria ala beltza. Honen aurrean, jendeak abenduan erabateko kontrol ezara jotzeko joera dauka; urte osoan zeharreko murrizketak ahaztu eta kontrakoa egitekoa. Turroi apur bat jan ordez tabletak binaka jan, egunerokotasunean polboroiak sartu, frijituekin goraino bete, alkoholetan ito… Kontua da, uste dutela, behin elikagai «ez-osasuntsuak» jaten hasita, berdin diola. Zuria edo beltza. Total, behin hasita, barruraino. Eta gero urtarrilean etorri ohi dira dieta murriztaileak, kulpak, baskularekin borrokak eta helburu irrealak.

Honekin zer esan nahi dut, ez dugula turroirik, polboroirik, frijiturik edo alkoholik kontsumitu behar? Inolaz ere ez. Esan nahi dudana da, ikasi behar dugula turroiak, polboroiak, frijituak eta alkohola kulparik gabe kontsumitzen, eta ikasi behar dugula dena ala ezer ez dikotomiatik irteten. Izan ere, ziur nago polboroi batekin gozatuko duzula, edo batzuekin; baina hogei polboroi jarraian jatea, mundua amaituko balitz bezala eta jaten duzunaz ia kontziente ere izan gabe ez da elikaduraz gozatzea, betekada bat hartzea da.

Garrantzitsua da abendua hilabete sozial bat dela gogoan izatea ere; askorentzat, behintzat. Eta ez da erraza, noski. Ondo dakigu hori. Baina pixkanaka hastearen kontua da. Eta ahaztu aurretik. Jende askok joera du Gabonetako otorduetara joan aurretik ez gosaltzekoa. Gosez joan eta gehiago gozatzeko eta jateko. Baina kasu horietan, antsietatea handitzen da, ez diegu gure gorputzaren seinaleei kasu egiten eta gero tripako mina izaten dugu sarritan, asko eta azkar jan dugulako. Beraz, ez dezagun halakorik egin. Gabonak ez dira «debekatutako elikagaiak» jateko aukera bakarra.

Beraz, gozatu abendua [...]. Eta ez ahaztu, gizentzen baduzu, ez duzula pertsona bezala duzun balioa galtzen

Batetik, ez delako debekatutako elikagairik existitzen, eta horretaz gain, jaten duzun horrekin elikatzen duzun bakarra ez delako gorputza. Hau da, posible da zure familian Gabonetan plater zehatz bat jateko ohitura egotea (agian munduko gauzarik nutritiboena ez dena, edo agian bai), baina pisu familiarra duena. Tradizioaren parte dena, familiako kideren baten oroimenez egiten dena. Eta kasu horretan, ekintza konkretu hori elikagaia bera baino garrantzitsuagoa da.

Beraz, gozatu abendua; egin zure gorputzak eskatzen dizun hori, mugitu zaitez gehien gustatzen zaizun kirol horrekin, elkartu maite dituzunekin eta gozatu platerean jarritakoaz. Eta ez ahaztu, gizentzen baduzu, ez duzula pertsona bezala duzun balioa galtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!