Ez baita berdina edatea edo dastatzea

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 1a, 16:42

Herriko jaien ordezko kultur ekitaldietan ibilbide eno-gastronomikoa egin dute eguerdian.

Sagardo dastaketa egin ohi dute Larraulen herriko jaien barruan, baina, egoerak bultzatuta, ekitaldia egokitu eta ibilbide eno-gastronomikoa egiteko proposamena egin diete eguerdian herritarrei.

25 herritar inguru elkartu dira zimiterioan esperientzia probatzera, eta Mikel Garaizabal sommelierrak esandakoekin ikastera. Elorriotarrak 25 urte daramatza ardoaren kultura sustatzen eta dastaketak eta ikastaroak eskaintzen.

Gaurkoan, bost ardo mota jarri dizkie dastaketara gerturatu direnei: Getariako, Arabako eta Bizkaiko txakolina, Arabar Errioxako ardoa eta sagardoa, eta baita jatekoa ere, Idiazabal gazta eta Ibarrako piperrak, hain justu. Dastatzen hasi aurretik, ordea, dastatu eta edatearen arteko desberdintasunaz galdetu die bertaratu direnei. "Zentzumenak erabiliz analisi bat egitea da dastatzea eta edatea, berriz, asetzeko edo jai giroan gaudenean egiten dugun zerbait", esan du.

Zentzumenen garrantziaz ere hitz egin du, hala nola, ikusmena edo usaimena, eta baita ditugun erremintez ere, edalontzia bera, esaterako. "Horiek guztiek baitute lotura dastaketa bat egiten dugunean". Eta, behin atarikoak eginda, banan bana dastatu dituzte ardo guztiak, lehendabizi begiratuz, ondoren usainduz, eta azkenik dastatuz. Ardoa bera bakarrik nahiz jatekoarekin nahastuta dastatzean sortzen den aldaketa ere nabaritu dute larrauldarrek, Idiazabal gazta mota desberdinekin, eta baita, Ibarrako piperrekin ere.

Herriko festak ez, baina, jan-edanaren bueltan modu atseginean zerbait gehiago ikasteaz gain, giro polita izan da Larraulgo zimiterioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!