Hasi dute kultur astea Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 22a, 17:01

Igandera arte ekimen ugari izango da. Gaur arratsaldean, Aiztondoko Denbora Bankuaren aurkezpena egingo dute kultur etxean.

Modu parte hartzailean antolatzen dute kultur astean Larraulen eta horrela osatu zuten, aurreko astelehenean herriko gazteek aurkeztu zuten diaporama: «Jendeari urtean zehar egiten diren ekimenetan ateratako argazkiak eskatzen dizkiogu eta gero horiek musikarekin batera ikus-entzunezko batean jartzen ditugu», esan du Cristian Pizarro kultura zinegotziak. Aurten 200dik gora argazki jaso dituzte eta horiekin osatu duten 15 minutuko diaporama. Astelehenean eskaini zuten kultur etxean.

Egutegia ere modu berean osatzeko asmoa dute. Hilez hil herritarrei argazkiak eskatu dizkiete eta igande arratsaldean, 18:00etatik aurrera, gustuko dituenak hautatu ahal izango ditu jendeak. «Bozkatuenak direnekin, 2017ko egutegia osatu eta gero eguberrietan kantari ateratzen garenean herritarren artean banatuko dugu».

Igande arratsaldeko ekimenaren aurretik, ordea, herriko plazatik 11:30ean aterata mendi ibilaldia egingo dute PR-116 markatutako bidetik. Pizarrok azaldu duenez, «errekak hiru aldiz gurutzatzen du bide hori eta euri askoko boladatan ezin izaten da pasa ur asko datorrelako. Bi zubi eraiki ditugu auzolanetan eta hirugarrena falta zaigu. Hurrengo urtean egin asmo dugu». Igandean, bide hori ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Igandera arte ekimenak

Kultur etxean gauzatu dira astean zehar egin diren ekimen gehienak baina ostiralean, Putinen guardasola antzezlana elizan emango dute Inaxio Tolosa eta Ramon Agirrek.

Lihoa ekoizteko Dina 7 taldeak hasi duen proiektuari ere, larunbatean emango zaio amaiera. Goiz osoa hartuko duen erakustaldia egingo dute eta antzinako lanabesak eta lihoa lantzeko moduak ikusi ahal izango dira Ekomuseo atarian. Festa osatzeko, arratsaldean Esne Beltza taldearekin aritzen diren Txino eta Nakedek izango dira Larraulen: «boladan jartzen ari da break-dance delakoa eta erakustaldi bat egiteaz gainera, klase txiki bat emango digute, 18:00etatik aurrera, norbait animatzen bada behintzat», dio Pizarrok.

Nahiz eta kultur astean igandean amaituko den, bertan iraungo du Karlos Irazu herritarrak jarri duen 2016 Hegaldi Larraulen erakusketak. Belea, argioilarra, urtxoria, txepetxa, txantxangorria, okila, zapelaitza eta kaxkabeltza dira aukeratutako txoriak. Denak ere, bertako espezieak, neurri handian eta haritzaren egurrarekin eginak.

EGITARAUA

AZAROAK 22, ASTEARTEA
19:00.
Urteak martxan daramatzan Aiztondoko Denbora Bankuaren aurkezpena kultur etxean

AZAROAK 23, ASTEAZKENA
19:00.
Aranzadi zientzia elkartearen eskutik Saseta defentsa sistemari buruzko hitzaldia emango du Karlos Almorzak kultur etxean.

AZAROAK 24, OSTEGUNA
19:00. Jakoba Errekondoren hitzaldia eta Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena kultur etxean.

AZAROAK 25, OSTIRALA
20:00. San Esteban elizan, Inaxio Toosa eta Ramon Agirreren eskutik Putinen guardasola antzezlana.

AZAROAK 26, LARUNBATA
09:00. Urte hasieran haseitako lihoaren prozesuari amaera emango zaio. Antzinako lanabesak eta lihoa lantzeko modua izango da ikusgai museo atarian.
18:00. Break dance emanaldia eta ikastaroa Txino eta Neked-en eskutik.

AZAROAK 27, IGANDEA
11:30. Mendi ibilaldia plazatik abiatuta. PR-116 ibilbide jarriatuta, Ibeltz burdinola, Txuringadi errota edota Sansonen harria ikusi eta auzolanean berritutako zubietatik pasako dira parte hartzaileak.
18:00 -20:00. 2017ko egutegiaren argazki aukeraketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!