"Soinu txikitik aterata ibili gara urte luzeetan"

Jon Miranda Labaien 2016ko aza. 13a, 11:56

Elizegi baserrian sortu zen Martin Aginalde Urbieta Martin (Larraul, 1956). Aginalde eta ez Aginagalde, askok uste duten bezala. «Oso abizen bakana da». Euskal Herrian gutxi daude eta Argentinan ere ba omen dira deitura berekoak. Soinu txikiaren munduan Martinek egin duen ekarpena ere, bakana da.

Noiz eta non jaio zinen?

Elizegi baserrian sortu nintzen, izenak berak esaten duen bezala elizaren ondoan, plazan dago. Aita Larraulen jaioa zen, Gorotzen baserrian eta ama berriz, Aizarnako Egañazpi baserritik etorritakoa. Hortxe jaio ginen eta herrian bertan egin genituen lehen ikasketak. Txikitatik neukan soinuarekiko afizioa baina 16 urte arte ez zidan ekarri aitak. Astelehenetan joaten zen Tolosara eta 'ekarriko diat, ekarriko diat' esanez joaten zen, baina gabe itzultzen zen. Halako batean, 16 urte nituela ekarri zuen, 5.000 pezeta ordainduta eta Eleuterio Tapiari erosita.

Eleuterio Tapia bera izan zenuen lehen irakasle?

Bai. Bera etortzen zen etxera, kotxearekin. Zortzi hilabete pasa nituen berarekin. Garai hartan, soinu jotzaileek ez zekizkiten pieza asko eta zekizkien haiek segituan ikasi nizkion Eleuteriori. Nik gehiago eta gehiago nahi nuen. Eleuterio Tolosara Isidro Larrañagarengana joaten zen eta harekin ikasten zituen garai hartan modan zeuden kantak, bizpahiru zituenean, niregana etortzen zen haiek erakustera. Hileko mila pezeta ordaintzen zizkion amak, astean behin, hilean lautan, 50 duro saioko. Afaria ere ematen genion eta gustura.

Zer moduzko irakaslea zen Eleuterio Tapia?

Lasaia eta ona zen. Ni izan nintzen bere aurreneko ikasleetako bat. Garai hartan, inork inori ez zion zekiena erakusten, sei-zortzi trikitilari bakarrik izango ziren eta elkarren errezeloan ibiltzen ziren beti. Eleuterio maisu ona zen, lasaia eta pazientziarekin irakasten zuena.

 Nondik datorkizu zuri musikarekiko sen hori?

Egañazpitik. Amaren anaia Sakabirekin ibili zen urte luzeetan eta oso ezagunak egin ziren. Zaletasuna, izugarrizko belarria eta etxetik datorkigun ahalmena dugu musikarentzako. Anaiak ere bazeukan hori, baina ez zion bide horri heldu. Lastima guretik ez dela besterik atera! Ni neroni ere berehala hasi nintzen piezak neure gisa ateratzen, Lajari eta besteei entzunda. Erraz ateratzen nituen kantak.

Egañazpi pandero jotzaile ezaguna, beraz, zure osaba zen.

Bai. Bazen amaren beste anaia bat soinua jotzen zuena baina garai hartan soinu jotzaileak gutxi ziren. Azpeitia inguru hartako trikitilaria Sakabi zen eta nire osabak laguntzen zuen panderoarekin. Abestu ere oso ondo egiten zuen. Musikarentzat dohaina zuen.

Eredurik bazenuen zuk garai horretan?

Herriko festetan ikusten genituenak: Sakabi eta Egañazpi urtero-urtero etortzen ziren. Ez zen orduan soinu jotzailerik ibiltzen, Tarragona tolosarra soinu handiarekin, baina trikitiarekin oso gutxi. Hemen Gipuzkoan, Eleuterio Tapia eta Azpeitia aldean, Laja, Auntxa... horiek izango ziren. Herriko jendeak soinua jotzen ikasten hasi nintzela jakin zuenean galdetzen zidan, 'zein soinu?' eta nik 'txikia' erantzuten nien. 'Ze pena' esaten zidan jendeak, handia ikasi behar nuela. Soinu txikia zen, baserrian eta mendian erabiltzen zena, antzinatik-edo zetorrena. Elgeta izan zen Sakabi, Laja, Eleuterio eta horien maisua eta nik gogoan dut noiz hil zen, mutil koskorra nintzela, zazpi-zortzi urte nituela.

Elkarren piezak nola ikasten zenituzten?

Phillips grabagailu txiki bat izaten zen eta hori erabilita. Lajari hori ez zitzaion gustatzen eta maldizioka hasten zitzaigun. Ezkutuan ibiltzen ginen grabatzen eta segituan ateratzen nituen nik piezak, eta ondo gainera. Hortxe nabarmendu nintzen. Eleuterio hasi zen esaten, 'bazeukeat gazte bat, ona, oso ona' eta nik aurrera egin nuen. Sasoi hartan horrela ibiltzen zen bakarrenetakoa nintzen.

Lehen plaza gogoan al daukazu? Noiz atera zinen jendaurrera lehen aldiz?

Bai, Eleuteriok bidalita, Aiako baserri batean. Orduan ezkondu aurretik gazteen artean despedidak egiten ziren, larunbatero. Gogoan dut, neskaren etxean afaria aurrena eta gau osoan nola aritu nintzen soinua jotzen, goizeko bostak arte. Lauzpabost ordu lo egin eta etxera bueltan etorri nintzen autobusean. Villabonan jaitsi beharrean Tolosaraino joan nintzen, ez bainuen parajea ezagutzen. 17 urte izango nituen artean.

 Bakarrik aritu zinen lehen aldi hartan?

Bai. Pandero jotzaileek kobratu egiten zuten eta ez zegoen horretan aritzen zenik. Inork ez zuen erakusten. Tapiak ere, baserrikoren bat hartzen zuen eta horrela moldatzen zen. Gero txapelketetarako Juan Orbegozo alegiarra erabiltzen zuen. Nik urteak egin nituen bakarrik.

Zein erromeria klase izaten zen garai hartan?

Despedidak izugarri izaten ziren, gazte guztiek egiten zituzten horrelakoak. Larunbatero, mutilak bakarrik edo neska eta mutil. Lana izaten zen astebururo, eta gero hasi ziren herri txikietatik deika. Ni oso musikaria nintzen orduan ere. Soinu txikiak hamabi baxu ditu eta ni jabetzen nintzen horrek ez zidala betetzen. Gorputzak beste zerbait eskatzen zidan. Orduan joan nintzen Donostiako Egia auzoan zegoen Larrinaga soinu konponketa etxera. Eleuteriok eraman ninduen lehen aldiz. Harako bidea ikasi nuenean, jarri nuen soinu txikia 48 baxurekin. Gero Manolo Yabenekin Tolosara baxuak nola jo ikastera joan nintzen. Hortxe, garaitsu horretan izan zen, bazter guztietatik deika hasi zitzaizkidala. Gaztea nintzen eta gazteak gaztea nahi izaten du. Berriro kaxa berria egin eta 12 baxu jarri nizkion soinuari. Horrekin tira nuen hurrengo urteetan.

Zer musika entzuten zenuen zuk garai hartan?

Akordeoia izugarri. Antonio Buenetxea Txankarta, Itziarkoa, etorri izan zen eta hark jotzen zuen soinu handiarekin, lau ilarako kromatikoarekin, ni beti oilo ipurdia aterata. Asteasun erromeriak izaten ziren igandeetan eta bertara Cruz Elola Aritzaundieta ekartzen zuten eta berak soinu kromatikoa jotzen zuen. Horrek ni izugarri betetzen ninduen.

Ez duzu txikitik handira pasatzeko tentaziorik izan inoiz?

Iturbide pandero jotzaileak esaten zidan ni soinu handia ikasi beharrekoa nintzela. Baina soinu txikian dirua zegoen garai horretan eta horretan gelditu nintzen. Hala ere, deseroso ibiltzen nintzen erromerietan, belarriak eskatzen zidana ez zidalako soinu txikiak ematen: Sol maiorreko trikiti guztiak tonu altukoak ziren, Do, Do sostenidoa, Re... bizi-biziak ziren. Horrek badu bere esplikazioa, mendian bakarrik jotzen zen instrumentua zelako, gerora jaitsi zen kalera. Behin Larrinagara joan nintzenean soinua konpontzera, Italiatik ekarritako Sol maiorren afinatutako soinu bat ikusi nuen. A ze hotsa! Soinu txiki hori erosi nuen, zeuzkan ahotsak kendu, falta zirenak jarri zizkioten eta hor aurreneko Sol maiorreko soinua prestatu nuen, 1978an. Beste soinu bat zeukan horrek, bere momentuan izugarrizko nobedadea izan zen eta gaur egun, ia denek, Sol maiorrekoa jotzen dute. Baxuagoa da, ez da hain errea, hain garratza; gozoagoa da, abesteko erosoagoa. Lehen pandero jotzaileak iritsi ezinik ibiltzen ziren abesten, eta soinu klase hau pare-parean etortzen zitzaien. Beste gauza bat zen.

Soinua ere aldatzen joan da urteen poderioz?

Gerra denboran, Guerrini abizeneko gizonezko bat etorri zen Italiatik eta Larrinaga-Guerrini soinuak egiten hasi ziren Donostiako Egian. Onenak orduan egindakoak dira. Gaur egun ere, estimatuak dira, gehienak ez daude jotzeko moduan baina dirutzak ordaintzen dira horiengatik. Guerrini hori Italiara itzuli zenean, Larrinaga izena bakarrik zutenak egin zituzten eta horrelako oso gutxi ikusten dira. Estrella izenarekin ere egin zituzten Zarautzen, baina oso motelak ziren. Ni klaseak ematen hasi nintzenean, soinu falta zegoen eta orduan etorri ziren, Giulietti eta Zero-Sette soinuak.

Zein muga ditu soinu txikiak?

Beti hanka sartu izan dugu hainbat piezatan, baxuak falta dituelako. Lehenago 21 botoi zituen eskuinean eta Elgetak, bi gehitu zizkion. Baltsak, pasodoble eta tangoak joko zituzten garai hartan eta musikariengana joaten hasi zen, Azpeitiko Frantsesena eta horiengana. Zegoen bezala, jotzerik ez zegoela esaten omen zioten eta orduan soinuari bi botoi erantsi zizkion Elgetak, lau nota gehiago. Nik orain, baxu gehiago batu dizkiot hamaseikoa eta oraindik plazaratzeko dago.

Zuk zein pieza jotzen zenituen?

Dantzarakoak. Oraindik ere segun zein zonaldetan horrela jarraitzen dute. Gure adineko jendea horrekin ohituta dago: pasodoblea eta tangoekin. Erromerietako kantuak dira cumbiak, fosak, polkak... helduta dantzatzen direnak. Gero modak eraman du kontu hori. Ezkontzak egiten hasi ginenean errepertorioa moldatzen joan ginen. Garai hartan modan zeudenak jotzen genituen, kanta gehienak, espainolak. Beranduago hasi ginen Niko Etxart, Pantxoa eta Peio eta euskaldunak sartzen.

Jendea dantzarako egoten al zen?

Bai, orduan bai dantza! Soinua hasi zain. Soinu jotzailea igo oholtzara, soinua kaxatik ateratzen hasi eta jendea biltzen hasten zen. Aurreneko piezatik kriskitin hots batekin. Hura zoragarria zen. Gero lehen erritmo kutxa eta bozgorailuak erosten hasi ginen. Nik Zarautzen musika etxean anplifikadorea erosi nuen. Tapia enteratu zen Aiako San Pedron jotzen nuela eta idi apustuak bukatu eta niri entzutera etorri zen. Ikusi ninduenean, eskuekin heldu buruari eta harrituta begiratzen zidan. Gero denek erosi zituzten bozgorailuak. Izugarrizko erromeriak egiten ziren garai hartan.

Ez duzu inoiz abestu?

Ez, ez naiz ausartu inoiz. Orain neroni entseatzen ari naizenean kantatzen dut, baina gero letra eta musika batera eramatearena beste kontu bat da. Soinua eta erritmoa... hori da nire esparrua.

Noiz hasi zinen zure piezak sortzen?

Aurreneko txapelketara eraman nituen neuk egindako lehen lau piezak. Soleko soinua ekarri nuenean, horrek sorrarazten zidanarekin hasi nintzen pieza berriak egiten.

Txapelketara aurkeztu eta irabazi egin zenuen.

Bai, 1979an izan zen. Gaztea nintzen eta osabarekin parte hartu nuen, Egañazpirekin. Ezustekoa izan zen. Orduan Laja, Eleuterio Tapia eta horiek hartzen zuten parte. Goizean kanporaketa egin zen eta Kaxianoren fandango bat eta Gelatxoren arin-arin bat aukeratu nituen. Hor epaimahaikide bat, bazkaltzeko garaian gerturatu zitzaidan eta esan zidan, 'Martin, polikiago jo zak, irabazita daukak-eta'. Arratsaldeko finalean nik sortutako piezak jo nituen, fandango eta arin-arina eta nik moldatutako trikitixa eta porrusalda. Nobedadea zen nire jotzeko era, eta jendea zoratuta geratzen zen. Horrela jantzi nuen txapela.

Nola hartu zituen jendeak berrikuntza horiek guztiak?

Iritzi asko zeuden. Nire berrikuntza horiei segitu zien Joseba Tapiak. Aurrena soinu handia jotzen zuen, aitak ez dakit nondik akordeoia ekarrita. Baina hura ere, tapiatarra! Niri ikusita, monoa sartu zitzaion eta osabarekin ikasten hasi zen, etxe horretan badute-eta nahikoa artea. Geroago etorri zen Kepa Junkera. Gu erromeriara Aiara joaten ginenean, grabatu egiten zigun eta guri ikusitakoa bere gisa ikasi zuen. Nik lehenengo saltoa eman eta gero besteek segitu diote.

Askok kritikatu zuten 'birtuosismoa' deitutakoa.

Bai. Gogoan dut txapelketa batean nola egin zioten kritika Kepa Junkerari, arin-arina jotzen ari zela ikusleen artetik pertsona bat zutitu eta rocka dantzatzen ariko balitz bezala egin zuen. Jendeak txalo egin zion pertsona horri. Hala ere, esango nuke, Junkera beti ibili izan dela soinuaren barruan, ez da hortik atera. Baina jendea, oro har, pasata ibili zen, soinua ez baita horretarako. Instrumentuaren barruan aritzea da kontua, soinu mugatua baita. Asko hemendik aterata ibili gara ni ez hainbeste ez zaidalako hori gustatzen eta hau ez dago birtuosismoa egiteko prestatuta. Badaude tonu pare bat edo hiru oso ondo jo daitezkeenak, baina hor kabitu behar dugu.

1988an izan zen azken txapelketa. Zergatik bukatu zen?

Pasata ibili ginelako. Dagoeneko ez zegoelako neurtzerik, abilezia kontua zen bakarrik. Oso instrumentu polita da, baina bere lekua hartu behar zaio bakarrik; badu lekutxo bat eta hortxe ibili behar duzu.

Egia da al da inbidia egon dela mundu horretan?

Bai, elkarri ez erakustearena aspaldiko kontua da. Irakasle zaharrek ere ez zieten ikasleei dena erakutsi nahi izaten. Gure garaian ere, espioitza egon zen. Niri txapelketetarako prestatutako piezak grabatu izan zizkidaten. Horrelako pikeak egon izan ziren, horrelakoxe giroa zen garai hartakoa.

Zaleen giroa, hori bai, ikusgarria izaten zen...

Bai, egundokoa. IZ diskoetxeak grabatzen zituen txapelketak zuzenean eta katalogo hori dena Elkarrek erosi du. Pieza horiek denak grabatuta daude, jendearen txalo eta guzti. Zein giroa sortzen zen orduan! Kristoren artistak ginen! Gogoan dut, Larraitzko Joxe Mari Mujika, 11 urteko semearekin nola atera zen, 'aupa aitatxo' esanez. Jendea pieza bukatu baino lehenago jartzen zen zutik. Hura izugarria zen!

Nola sortu zitzaizun Iturbiderekin batera diskoa grabatzeko aukera?

1979an txapela atera genuen urtean IZkoak etorri zitzaizkigun proposamenarekin. Ordurako modako pandero jotzailea zen Iturbide. Bartzelonara joan ginen grabatzera. Lesakara urtero joaten ginen eta han kriskitinak jotzen zizkiguten. Lau lesakar eraman genituen Bartzelonara diskoan parte hartzeko. Oso polita geratu zen.

Nolakoa da zure sormen prozesua?

Etorri egiten zait. Musikak laguntzen dizu eta tonu aldaketak ere bai. Orain Italian izan naiz eta hamabi tonu aldatzen dituen soinua ekarri dut. Horrek aukera eman eta sortzeko bidea zabaltzen dizu. Niri bertsolari bati bertsoa bezalaxe etortzen zait pieza. Behin zati bat ateraz gero, berak eskatzen dizu hurrengoa. Pieza berriak ez dira errazak egiten, hala ere. Normalean, soinu handia jotzen dutenek sortzen dituzte, baina nabarmena izaten da handirako eginda daudela. Gero zailtasunak izaten dira soinu txikira eramateko. Terreno barruan egin behar da polita geratzeko.

Hitzak berriz nondik sortzen dituzu?

Orain hasi naiz abestien letraren bat egiten baina bestela bertsolariei esan izan diet. Geure Kolkotik 2015 izeneko horretan, nire eskuko operazioari buruzko bertsoak nik egin nituen, adibidez. Euzkitze laguna dut eta berari eskatu izan dizkiot. Gaia eskatu eta gero moldatzen dira letra egiteko.

Jaio egiten al da bat soinu jotzaile?

Berezkoa behar du trikitilariak. Nik, hala ere, solfeo pixka bat ikasi nuen Asteasuko apaizarekin. Ni eta pelukeroa, Larraulgoa. Haren pelukerian egiten genituen saioak. Itxura denez, pelukeroak lokala alokatuta zeukan eta nagusiak, han solfeoko klaseak ematen zirela jakin zuenean, galarazi egin zion horretarako erabiltzea. Hortxe gelditu ziren nire ikasketak. Hala ere, solfeoa jakinagatik ez zara musikari ona. Musika irakurtzen jakingo duzu, idazten ere bai, baina grazia edo saltsa falta bazaizu alferrik da.

Klaseak emateko zein metodo erabili izan duzu?

Nik aurrez aurre ikasi nuen, zu hor eta ni hemen. Notak eman eta nik ikasi eta hurrengo astera arte, hori landu behar izaten genuen. Eleuterio etortzen zenean, nik zerbait berria gehitzen nion piezari eta hark esaten zidan, 'hobeto zeok gainera, hau dek hau alua'. 1979. urtean txapela atera nuenean deika hasi zitzaizkidan. Xapre eta Albizturgo Iñaki Malbadi baserrira joaten zitzaizkidan eta haiei nik ikasi bezala erakutsi nien, aurrez aurre. Zarauztik ere deitu zidaten, hango musika eskolan klaseak emateko. Beste lanik ez neukan eta baiezkoa eman nuen. Sei ume juntatu zitzaizkidan. Ordubete bakoitzarekin pasa beharra ezinezkoa egiten zitzaidan. Bartzelonako feria batean izana nintzen eta han metodo bat ikusia neukan, organo txiki bat jotzeko. Hizkiak erabiltzen zituzten. Hortik tiraka sortu nuen zenbakiekin ikasteko metodoa. Kategorian funtzionatzen zuen eta horren froga da, gaur egun, %95ek erabiltzen duela metodo hori trikitia erakusteko.

Noiz sortu zenuen Villabonako eskola?

82an, eskola eta denda jarri nituen, biak. Gauza ona zen, umeek metodo horrekin ikasi egiten zutela eta mutil koxkorrak ateratzen hasi nintzen. Igande goizetan Euskadi Irratian saio batzuk izaten ziren eta hara bidaltzen nituen. Trikitiak falta ziren orduan. Urte haietan Luis Astiazaranek eta Migel Vicondoak ASVI enpresa zuten eta Italiatik soinu handiak ekartzen zituzten. Garai bateko Larrinaga-Guerrini soinuak eredu hartuta, enpresa horren eskutik joan ziren Laja eta Eleuterio Italiara soinu txikiak nola egin behar ziren erakustera. Handik ekarri zuten Zero-Sette izeneko soinua. Gero, Astiazaran Vicondoarekin haserretu eta soinu haiek ezin saldu geratu zen. Nik eskola sortu berria nuen Villabonan eta esku-eskura etorri zitzaidan aukera. Umeek ikasi egiten zuten eta soinu txikia behar izaten zuten horretarako, dena eskura zuten Villabonan. Gurasoek ere afizioa zuten eta umeari lagundu egiten zioten. Orain dabiltzan maisu asko eta ospea duten trikitilariak nirekin ibilitakoak dira. Ogibidea eman nien.

Gurasoen afizioa bai, zenbait kasutan umeak gogaitzeraino...

Kasuren bat bazen bai. Batez ere txapelketa garaietan nerbioak jota ibiltzen ziren. Tentsio handia izaten da horrelakoetan baina, hala ere, gustatu egiten da hemen. Gu ere horrela ibilitakoak gara, gogoan daukat, txapelketa batean Laja nire aurretik zela soinu jotzen eta horrek nola eragiten zidan ikusita, Baldako komunean giltzapetu nintzen, belarriak itxita, hura ez entzutearren.

Noiz arte iraun zuen arrakasta horrek?

Nik eskola 90. urte inguruan itxi behar izan nuen. Ordurako hasi ziren, musika eskoletan trikitia erakusten eta lasaitzen hasi zen giroa. Larunbat goizetan eguerdiko ordu biak arte klasea ematen aritu eta segidan ezkontzak, edo erromeriak, edo despedidak izaten nituen. Tarterik ere ez nuen hartu disko gehiago grabatzeko. Nik neure burua ez nuen probatu, musika egiteko zenbat abilezia daukadan ikusteko patxadarik ez nuen hartu. Gero, gorabehera serio batzuk izan nituen, batere kulparik gabe, eta utzi egin behar izan nuen eskola Solano anai-arrebek hartu zuten eta soinu jotzea ere bai. Gorabehera horiek soinuaren markagatik etorri zitzaizkidan eta horregatik errua botatzen nion nik trikitiari, ez nuen jo nahi izaten. Eguberriak etortzen zirenean familiakoek esaten zidaten jotzeko eta nik ezetz. Gure ama zena Errege egunean hil zen eta hil aurreko Eguberrietan esan zidan, 'ni ez neok betirako hemen eta gaur jo beharko dek, Martin'. Ilobak soinua propio ekarrita zeukan eta pieza pare bat jo nituen, baina ez nengoen horretarako. Jada ez nintzen gustura aritzen.

Berriz ere, nolatan hasi zara soinu txikiarekin?

Neure burua lasaitu, giroa bareagoa zegoela ikusi, eta berriz ere, 2013an hasi nintzen. 89an ekarri nuen hiru ilaratako soinua, Zarautzera saldu nion nire ikasle izandako bati. Musika egiteko gogo hori berriz piztu zitzaidanean, berriz ere eskuratu ahal izan nuen eta hementxe gabiltza. Iaz, Geure Kolkotik 2015 diskoan parte hartu nuen eta hiru kantu grabatu nituen, nik neuk sortutakoak. Elustondo anai-arrebek, iaz kaleratu zuten diskoan jasotako abesti asko nireak dira. Haientzako aproposak zirela pentsatu nuen eta proposatu egin nien. Gustura geratu naiz elkarlanarekin.

'Diatonik Jo' taldea ere sortu duzu.

Bai. Eskutik, tunel karpianotik operatuta nago, eta ez zait lehen bezala jarriko. Gero urteak ere ez dira berdin, 60 edo 30 izan. Hortaz, musikalki egin nahi dut lana abestiak sortuz eta gero taldea sortu dut, pieza horiek interpretatzeko. Diatonik Jo du izena. Jende gaztea nahi dut alboan, abilidadea daukana nire gustura interpretatzeko. Aspalditik buruan neukan gauza da, musika sortzea eskatzen baitit gorputzak. 16 baxurekin eta hiru ilarako soinua berreskuratu, eta berriz hasi naiz konposatzen. 2013tik hona egindako pieza berriekin udaberri aldera disko bat atera nahi genuke, auto-ekoitzita. Gero, kontzertu batzuk emateko asmoa dugu eta emanaldiak eskaintzen ditugun herrietan, bertako bertso eskoletako gazteak ere gonbidatu nahi genituzke. Bateria, baxua, biolinarekin... ordu eta erdiko errepertorioa prestatuko dugu. Goizeko lauetan, erromerietan ibiltzeko gogo handirik ez dugu eta nik uste polita geratuko dela. Soinua, bere horretan garbi eskainiko dugu, musikalki aberastuta baina soinu txikiaren grazia galdu gabe. Ilusio handia daukat.

 

TRIKITIXA VS SOINU TXIKIA

«Trikitixa izena Bizkaitik dator. Soinu txikia, itxura denez, italiarrek ekarri zuten, aurrena Ormaiztegira. Bertako zubia egiteko Italiako Alpeetako jende piloa kontratatu omen zuten. Haiek ekarri zituzten soinu diatonikoak: ilara batekoa, bikoak, hirukoak... Hor sartu zen gurera».

TRIKITIXA ETA PORRUSALDA

«Hasi nintzenean, 'Martin jo bizkaitar bat' esaten zidaten. Trikitixaz ari ziren. Musika mota da trikitixa eta ez instrumentua. Dantzatu puntu batean, bigarren puntuan kantatu eta hirugarrenean abesten denean, bueltaka egin behar dute dantza neska eta mutilek elkarri helduta».

FANDANGOA ETA ARIN-ARINA

«Fandango eta arin-arina txistulariengatik datoz, musika mundutik datoz. Bizkaitarra deitzen zitzaien trikitixa eta porrusaldari eta behetarra esaten zioten besteari, hemengoari, gipuzkoarrari».

TRIKITIXA VS FANDAGOA

«Trikitixak eta fandangoak erritmo bera daukate 3x4, baina ez dira berdin jo behar. Bizkaikoak beste aire bat dauka, lehengo zaharrek beste toke bat ematen zioten. Ez dira apaingarriak egiteko eta abilezia erakusteko piezak. Horretarako, fandango eta arin-arina daude».

 

AGURTZANE ELUSTONDO. (Legazpi, 1975)

«Belarri ikaragarria du eta musikari handia da, ekarpen asko egin ditu»

«Irakaskuntzan pauso handia eman zuen. Begi bistakoa da sortu zuen metodoak emaitzak eman dituela».

«Konpositore ikaragarria da. Bere piezak aire handikoak dira, oso melodikoak eta belarrian erraz sartzen direnak, dantzagarriak. Musikalki ondo zaindutakoak eta detaile handikoak. Ordura arte ezezagunak ziren akordeak jotzen hasi zen».

«Ondo daki soinu txikiak nolakoa behar duen. Kalitate handikoak ekarri zituen Italiatik».

 

MAIXA LIZARRIBAR. (Altzo, 1971)

«Nire garaiko trikitilari asko bere eskutatik pasatakoak gara»

«13 urterekin hasi nintzen bere eskolan. Martin izan zen gure bultzatzailea eta berak lagundu zigun txapelketak prestatzen».

«Gure garaian ibiltzen ziren taldeak berarekin ikasitakoak ziren: Gozategi, Etzakit, Iker Goenaga... Lehenengotakoa izan zen eskola bat sortzen».

«Errepertorio aldetik eta jotzeko moduan aldaketa handiak egin zituen. Hasieran kritikatu, baina gero denek jarraitu diote soka horri».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!