Zubimusu Ikastolak Jardunaldi Pedagogikoak abiatu ditu haurren arteko gatazketan helduen papera jorratuz

Zubimusu Ikastolak II. Jardunaldi Pedagogikoak abiatu ditu Alvaro Beñaran psikologoaren eskutik. Formakuntza saioa eskaini die irakasleei haurren arteko gatazketan helduek duten eta izan beharko luketen papera jorratuz.

Jardunaldiak hilabete bukaerara arte luzatuko dira eta, besteak beste, bi urteko umeen familiekin hainbat topagune egingo dira elkarrekin hausnartu eta ikastolaren hezkuntza proiektua eraikitzen jarraitzeko.

Topagune hauek urtarrilaren 11n eta 17an izango dira 17:15ean Txermingo eraikinean. Urtarrilaren 18an, berriz, beste hausnarketa saio bat egingo da familiekin ikasle/pertsona ereduaren inguruan.

Halaber, urtarrilaren 23an, Mintzolan, 17:30ean, “0-6 adin tarteko haurren garapena Zubimusu Ikastolan” hitzaldia eskainiko da eta hilaren 30ean, Nerea Mendizabalek “Haurrenganako konfiantza garatzen” hitzaldia emango du. Hitzordu hau Txerminen 15:00etan izango da.

Umeek jangelan esperientzia positiboa bizi dezaten landutako Mahi-Mahi proiektu berritzailea ere aurkeztuko da.

Ate Irekiak eta bisita gidatuak

Jardunaldi Pedagogikoen baitan, Zubimusu Ikastolak ateak zabalduko ditu bertako eskaintza pedagogikoa ezagutzera emateko familia berriei. Villabonan, Txerminen, Ate Irekiak egingo dira urtarrilaren 27an (11:00etan gazteleraz eta 12:30ean euskaraz) eta 28an (11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz). Zizurkilen Ate Irekiak hilaren 26an egingo dira, 17:30ean.

Urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra, ikastolak bisita gidatuak eskainiko ditu instalazioak eta proiektua ezagutu nahi duten familientzat. Horretarako aurrez hitzordua hartu beharko da 943 69 23 21 telefonora deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!