Zubimusu Ikastolaren 50. urteurren jaia, ostiralean

Festa Villabonako, Zizurkilgo eta bailarako herritarrei irekia da eta hitzordua hilaren 18an kiroldegian izango da, 19:00etan

Aurtengoa urte berezia da Zubimusu Ikastolarentzat bere 50. urteurrena ospatzen baitu. Ikastolarekin batera ospatu nahi duten guztiekin urteurren hau partekatzeko, festa antolatu du ostiral honetarako. Hitzordua hilaren 18an izango da, Olaederra Kiroldegian, arratsaldeko 19:00etan.

Ekitaldia irekia izango da eta Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta bailarako herritar guztiak gonbidatuta daude. Zubimusu Ikastolak parte hartzera animatzen ditu.

Urteurrena tarteko antolaturiko egitaraua zabalagoa den arren, ostiral honetako jaiarekin emango zaie hasiera ospakizunei. Bertan, musikaz, antzerkiaz edota argazkiez gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek beste hainbat ezustekorekin batera.

Dagoeneko prest du Zubimusu Ikastolak 50 urte hauek ospatzeko konposaturiko abestia. Xabier Zubeldia irakasle eta musikariak konposatu du eta Amaia Agirre bertsolariak idatzi du letra.

Abestiarekin bideoklipa ere grabatu da eta herriko hainbat elkartek hartu dute parte. Besteak beste, Oinkari, Loatzo Musika Eskola, Oinargi, Eresargi, Billabona Futbol taldea, Danena edota Jubilatuen Elkarteak. Bideoklipa estreinakoz ostiralean ikusi ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!