Pedro Mari Otaño ikastetxean izango da, arratsaldeko 16:30ean, Euskararen Asteko ekimenen baitan.
Guraso euskaldunek sarri izan ohi dute gaztelaniaz egiteko joera, dela lagunarte euskaldunean hizketan dabiltzanean, dela euskaraz ondo moldatzen ez den norbait inguruan dagoela ikustean. Herriko hiru ikastetxeetako umeak konturatu dira horretaz, eta mezu argia bidali diete gurasoei, maiatzean grabatutako bideo batean. Bideo hori emitituko da lehen-lehenik, eta, horren ostean, eztabaidarako tartea utziko da.
Gurasoei aukera emango zaie adierazteko ea beraien ustez ere joera hori den; hau da, euskaldunok gaztelaniarako ohitura dugun ala ez. Horretarako arrazoiak agerian utziko dira, eta, denon artean, saiakera berezia egingo da konponbideak bilatzeko.
Kafe-tertulia dinamikoa eta parte-hartzailea izango da, eta herriko guraso euskaldun guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera. Gainera, zaintza-zerbitzua egongo da seme-alabentzat.