Zizurkilgo herritarrek plaza berrian zuhaitza nahi duten edo ez erabakiko dute

Plaza berriaren proiektua lantzeko, ezinbestekoa da galdera horri erantzutea

Zizurkilgo Udalak 2016ko aurrekontuetan diru partida bat jaso du P. M. Otaño plaza berritzeko. Proiektua egin ahal izateko ordea, lehenengo, galdera bati erantzun behar dio: Zuhaitza izango al du plaza berriak? Joxe Mari Luengo alkateak nabarmendu du proiektua lantzen hasteko argitu beharrekoa dela. “Materialak, diseinua, objektuak… Guztia aldatzen da plazak zuhaitza erdian izan edo ez eta proiektua egin aurretik argitu behar dugu. Zizurkilen zuhaitzak badu bere tradizioa baina herritarrek erabaki beharko dute aurrerantzean ere zuhaitza izan nahi duten edo ez”.

Maiatzaren 9tik aurrera

Maiatzaren 9tik 17ra bitartean, astebetez erantzuna emateko buzoiak jarrita egongo dira Udaletxean, Iriarten eta Pantxikanen. Parte hartzeko, Zizurkilen erroldatuta egotea eta 12 urte beteak izatea da baldintza. “Aparte, San Millan eskolakoekin lanketa berezia egingo da, eskolako helduenek ere parte har dezaten”, azaldu du alkateak.

Baiezkoa ateratzen bada, herriko jaietan beste prozesu bat egingo da zer zuhaitz mota jarri erabakitzeko.  Ezezkoa ateratzen bada berriz, zuhaitzik gabeko proiektu bat landuko da. Bietako edozein erabaki hartuta ere, udazkenean herritarren aurrean aurkeztuko da plazaren proiektua ekarpenak jasotzeko. “Joxe Arregi plazarako egin genuen esperientzia errepikatu nahi dugu, espazio publikoak herritarrentzat duen garrantzia kontuan hartuta”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!