elkarrizketa

«Ia ziur esan dezaket nire azken urtea izango dela goi mailan»

Iazkoa gazia izan arren, ilusioz ekin dio Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak denboraldi berriari; Espainiako Federazioaren babesik gabe, gurasoak izango ditu alboan, eta Munduko Kopako probetan parte hartzeko asmoa dauka.

Azken urteetan bizileku bilakatu duen Viehla (Lleida, Herrialde Katalanak) herrian harrapatu dugu Imanol Rojo (Tolosa, 1990). Denboraldi-aurre bete-betean dago, eta hurrengo egunetan hamar eguneko lehen egonaldia egitera abiatuko da Alemania aldera.

Iazko denboraldi gazia ahaztu eta berriari ekiteko ilusioz aurkitu dugu Rojo. Udaberrian Espainiako selekzioaren laguntza izango ez zuela jakin zuen arren, ez zuen geldirik egoteko hautua egin. Borrokan jarraitu nahi du oraingoz. 2023-2024ko sasoia erabakigarria izan daiteke bere kirol ibilbidean.

Nola daramazu denboraldi-aurrea?

Ondo daramat. Inoiz baino denbora gehiago igaro dut etxean, baina, oso ondo eta gogo askorekin sentitzen naiz. Hurrengo egunetan abiatuko naiz lehen egonaldira, eta eskien gainean jartzeko irrikaz nago. Azken urteetan, glaziarren egoera asko aldatu da irailean, eta, esaterako, urrira arte ez da egoera onean jartzen elurra eskiatzeko. Elurra dagoen kiroldegi moduko batera joango naiz Oberhofera (Alemaniara) entrenatzera. Kilometro eta erdi inguruko ibilbide bat dauka bertan, eta han ibiliko naiz bueltaka.

Inoiz bertan egondakoa zara, edo lehenbizikoz entrenatuko duzu bertan?

Ez. Iaz ere bertan egon nintzen entrenatzen, eta duela hamar urte inguru ere egon nintzen ireki berritan. Hamar egunez ariko naiz bertan, eta, aurten, gurasoek ere lagunduko didate.

Noiz hasi zinen 2023-2024 denboraldia prestatzen?

Maiatzaren erdialdean ekin nion denboraldiari. Orduan, oraindik ez nekien aurtengo denboraldian lehiatzeko aukerarik izango nuen edo ez. Halere, hastea erabaki nuen. Inongo laguntzarik gabe nengoen orduan. Eskerrak gerora gauzak asko aldatu diren.

Zertan datza iraupen eskiko eskiatzaile baten denboraldi-aurrea?

Ordu asko sartzen ditugu, rolleskian gehienbat, baina, baita korrika eta txirrindu gainean ere. Gimnasioan ere ordu batzuk joaten zaizkigu, astean bi egunez. Hemendik aurrera buru-belarri hasiko naiz eskien gainean.

Aurtengo udan berriro ere rolleskiko probak jokatu dituzu Norvegian. Gustura ibili al zara?

Bai, abuztuan urtero jokatzen diren probetan ibili nintzen. Munduko onenekin neurtu nahi nituen indarrak, eta ordura arte neraman prestakuntza egokia zen ala ez ikusi nahi nuen. Ez nintzen espero bezain ondo ibili arazo batzuk izan nituelako materialarekin, baina pozik itzuli nintzen etxera. Sentsazio onak izan nituen, eta bide onetik nindoala ikusteko balio izan zidan

Lehiatuko zenuen edo ez jakin gabe, nondik atera zenuen motibazioa entrenatzen hasteko?

Oraindik ere ez dakit. Iazko denboraldian izan nituen gorabeherengatik edo, aurtengoan oso gogotsu ekin nion entrenatzeari. Oso gustura sentitzen hasi nintzen, eta zerbait ezberdina egiteko motibazioa neukan. Orain artean, beti, talde baten barruan egon izan naiz. Aurten, aldiz, nire talde propioa osatu dut. Ea nola ateratzen den dena.

Espainiako Federazioaren babesik ez duzu izango orduan aurtengoan?

Ez. Iazko denboraldian lortutako emaitzak kontutan hartuta, nirekin ez kontatzea erabaki zuen federazioak. Nik aipatu nien, iaz, osasun arazo asko izan nituela denboraldi guztian zehar, eta agian horregatik izan zirela emaitza haiek. Haiek ez zuten berdin pentsatzen. Iazko denboraldiaren arantza hori ateratzen saiatuko naiz aurten.

Zein izango da aipatzen ari zaren proiektua?

Aurtengo denboraldi guztian gurasoekin ibiliko naiz hara eta hona furgonetarekin. Neguan eta denboraldian zehar, eskiak prestatzen dituen persona bat izango dut laguntzaile gisa ondoan. Munduko Kopako probetara joateko asmoa daukat, nahiz eta ez naizen Espainiako selekzioarekin arituko. Aurtengo denboraldian ez dugu, ez mundialik eta ezta Olinpiar Jokorik izango, beraz, aurtengo helburu nagusia Tour de Ski proba izango da. Ordura arteko behar nuen laguntza biltzea lortu dut. Urtarriletik aurrera zer egiteko gai naizen ikusi egin beharko da.

Erronka handia izango duzu aurtengo denboraldian.

Bai, eta ilusio handiz nago. Lasterketa guztietara joango garen lo lekuak ere jada itxita dauzkat, eta gehien eskertuko dudana etxeko janaria izango da. Gurasoak alboan izateak ere lasaitasun handia emango dit, eta iaz urdailean izan nituen arazoak sahiestea espero dut. Atzerrian egon arren, etxean bezala sentitzeko aukera izango dut.

Espero zenuen Espainiako selekzioak hartu duen erabakia?

Ez. Aipatu zidaten gazteekin egin nahi dutela lan. Halere, ez dago gazte asko kirol honetan Espainian, eta ez dute erreza izango. Beste alde batetik, oso zaila da ulertzen Espainiako txapelduna izanda Espainiako selekzioan ez egotea. Baina hori da haiek pentsatzen dutena, alegia, zaharra nagoela kirol honetan aritzeko, eta niregatik egindako apustu guztia bertan behera uzten dutela.

Orain gutxi sareetan idatzi zenuen, gutxien espero zenuenean iritsi direla laguntzak.

Bai, eta asko diet eskertzeko BAT Basque Teami eta Kirolgi Fundazioari. Izugarrizko babesa eman didate beste behin. Nire egoera aipatu nien, eta hasieratik laguntzeko prest azaldu ziren. Atzerriko marka batzuen laguntza ere izango dut denboraldirako. Uste baino laguntza gehiago jaso dut gutxien espero nuenean.

Aurtengo denboraldiaz ari zara, baina, hau izango da zure kirol ibilbideko azken urtea?

Erantzun zaila duen galdera da hori. Denboraldiaren baitan erabaki beharko dut jarraitzeak merezi duen edo ez. Aldaketak zer eragiten didan ere ikusi beharko dut, baina, ia ziur esan dezaket nire azken urtea izango dela goi mailan. Gozatzea espero dut.

Zure laugarren Olinpiar Jokoak izango ziren 2026an Cortina d´Ampezzon (Italia) jokatuko direnak. Erabat baztertzen duzu bertan egotea?

Entrenatzen eta bakarrik nagoen une askotan pentsatzen dut 2026an Italian jokatuko diren Olinpiar Jokoetan. Ondo sentitzen naizen egun horietan pentsatzen dut gehien horretan. Urruti daudela ematen du, baina, hurrengo denboraldian hasiko lirateke sailkatze probak mundialekin. Gaur gaurkoz, oso zaila da zure galdera erantzutea.

Esperotako denboraldia eginez gero, aukerak hor jarraituko luke edo jada erabat itxi duzu Espainiako selekzioaren atea?

Ez ez, ateak irekita jarraitzen duela aipatu zidaten. Halere, kontziente naiz Munduko Kopara bakarrik joanda nire aukerak asko murrizten direla. Emaitza onak lortzea askoz ere zailagoa izango da, baina, dudan ilusioarekin eta orain dudan sasoiarekin noraino iritsi naitekeen ikusi nahi dut. Federaziokoek aipatu zidaten emaitza txukun batzuk lortuz gero, agian, itzultzeko aukerak izango nituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!