elkarrizketa

«Berriro jaiotzeko aukera banu bizimodu berdina egingo nuke»

Oso gazte zela hasi zen bidaiatzen Josu Iztueta, eta gerora afizioa ogibide bilakatu zuen; erretiroa hartzeko unea iritsita, bizimodu gehiena Tolosaldean egiteko asmoa dauka.

Ia berrogeita bost urte igaro ditu Josu Iztuetak (Tolosa, 1957) bidaiari gisara bezeroekin bidaiatzen Nairobitarraren izenean. Iaz erretiroa hartzeko adina iritsi zitzaion, baina, oraindik ere bidaiatzen jarraitzeko asmoa dauka. Ez du bizimodua beste modu batera imajinatzen.

Ia 45 urte bidaiak antolatzen ibili eta gero, azken bidaia egin duzu gazteekin. Nolakoa izan da?

Ez nuen inoiz pentsatuko erretiroa hartuko nuenik, baina eguna iritsi da. Gazteekin ibiltzeak, bat gaztetu egiten duela diote askok, baina, oraingo honetan gastatu egin naizela esango nuke. Garai eta heziketa ezberdinak dira. Bost egun izan dira, hogeita lau ordu, hamabost gazteekin, eta azkenerako gogor samarra egin zait. Egia da urte batzuetan gazteekin ibiltzea tokatu izan zaidala, baina, ez da ohikoena izan. Orain, hiru aste pasa ditut haiekin jarraian eta intentsitatez bizi izan ditut. Oraindik ere pultsua nire onera etortzeko daukat.

Bidean urte asko joan diren arren, eta gehienak Nairobitarraren arrastoan pasa dituzun arren, zure lehen bidaia 14 urterekin egin omen zenuen. Kordobatik (Andaluzia, Espainia) Tolosarako bidaia egin omen zenuen autostopean.

Beka batengatik joan nintzen Kordobara, baina gogoz kontra egindako bidaia izan zen. Hiru hilabeteko egonaldia izan zen, eta orduan ari nintzen nire mundu propioa eraikitzen hasten. Etxean borondate oso ona izango zuten, baina ni erabat nahigabetuta joan nintzen. Nire asmoa dena aurrera ateratzea zen, baina ez nota oso onak aterata, gainerakoan, bekarekin jarraitzeko aukera nuen. Gustuko ez nuena justu justuan ateratzen saiatu nintzen. Iraileko azterketak amaituta, handik etxera autostopean etorri nintzen. Ondoren, Londresera ere autostopean joan nintzen. Orduan hasi nintzen mundua deskubritzen.

Josu Iztueta eta Nairobitarra aipatzea dena bat da. Angel Ortiz lagunarekin hasi zenuen ibilbidea, baina, nondik etorri zen hura sortzeko ideia?

Nik 17 urte nituela, eta Angelek 18 urte zituela, kotxe zahar bat erosi genuen. Nik, artean, gidabaimenik ere ez neukan. Behin gidabaimena aterata, lehenik Pirinioetara, eta ondoren Alpeetara bidaiatzen hasi ginen. Gutxira, furgoneta zahar bat erosi genuen, eta furgoneta horrekin bidaia partekatuak egiten hasi ginen. Londresera autostopean egindako bidaia haietako batean, bertan ikusi nituen garai hartako Kathmandura (Asia) eta Afganistanera (Asia) joaten ziren autobus zaharrak. Handik etorri zen ideia. Gutxira, Angel Ortizek eta Manueltxo Mokoroak Nairobira (Kenia, Afrika) joateko bidaia antolatzea erabaki zuten. 1980. urtea izan zen. Nik, aldi berean, Aljeriara bidaia egin nuen beste lagun batekin. Handik itzuli ginenean, gure bizimodua modu horretako bidaiak eginez atera genezakeela erabaki genuen. Zarautzen etxe aldaketetarako erabiltzen zuten kamioi zahar bat erosi, eta hura egokitzen denbora luze bat pasa genuen. Afrikan, basamortuko bidaiak egiteko azpiegitura prestatu genion kamioiari, puskaka egindako azpiegitura hain zuzen. Gazteetan izaten den indarra eta ilusioa genuen orduan.

Oso gazte hasi zineten bidaiak antolatzen.

Kontziente ginen zertan genbiltzan, eta konfiantza transmititzen saiatzen ginen, nahiz askotan nondik genbiltzan ere ez genekien. Hogei lagun autobusean eramateak ardura handia eskatzen zuen. Egia da gustuko bizimodua egin dugula, baina, agian, gorputzari ez diogu tratu erosoa eman: kamioiaren matxurak, errepidean istripuak, mugak pasa behar izatea…

Zuk esandakoa da, «antolatzaile txarrak baina inprobisatzaile onak» izan zaretela. Aukeratutako bidaiatzeko moduagatik inprobisatzaile onak izatea ezinbestekoa zen?

Bai, askotan tokatu zaigu bidaiatan B plana abian jartzea. Bidaiatu izan dugun moduan, ezusteko asko izan ditugu aurreikusitako gauzetan. Maiz gertatu zaigu gauzak aldatu behar izatea, eta horrelakoetan animoa goian mantentzen saiatu izan gara beti, nahiz eta askotan oso zaila gertatu.

Aukeratutako bizitzagatik gauza askori egin diozu uko?

Bai, askori. Norberak, bizitza bakarrean aukerak egin behar izaten ditu, eta aukeratutako bizimoduagatik gauza askori egin behar izan diot uko; esaterako, erosotasunari, etxe bat izateari, soldata bati, bajan egoteari, aparteko ordainsariari, harreman finko bat izateari, aita izateari... Baina, halere, beti konbentzituta egon naiz hori zela nahi nuena.

Hainbat eta hainbat bidaia egin dituzu ia berrogeita bost urteko ibilbidean. Egindako guztietatik bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Bidaia ugari egin ditut, horietako asko bezeroekin lanagatik egindakoak izan dira. Baina, lagunekin ere egin izan ditut bidaia edo espedizio moduko asko. Bat aukeratzekotan, 1988. urtean Groenlandiara egindakoa litzateke. Modu oso artisauan prestatu genuen bidai hura; esploraziotik dezente zuen, espedizio horizontala zen, GPSrik gabe… Bost lagun joan ginen bertara, eta hogeita hamabost egunez egon ginen han. Ziurrenik bidaia gogorragoak egin ditut, baina espedizio hartan zerbait gertatu izan balitz, bertatik ateratzeko aukera gutxi izango genuen.

Berriro jaiotzeko aukera izango bazenu, bizimodu berdina aukeratuko al zenuke?

Bai. Agian ez nuke berdin berdina aukeratuko, baina, ia gehiengoa bai. Bizitzan zehar gauza batzuk ez zaizkit nik espero bezala atera. Batzuetan ez ditut erabaki onenak hartu, arinegi hartu ditut erabaki batzuk. Beste batzuetan, aldiz, konturatu naiz, erabaki bat hartzeko gehiegi itxaroteagatik jada beranduegi izan dela. Orain dakidan guztia jakinda, zerbait aldatuko nuke, baina hori alferrikakoa da orain. Baina, orokorrean ez, ez nuke ezer aldatuko.

Erretiratzeko adina gerturatzen joan zaizun heinean, eta azkenaldian bereziki, askotan jarri izan zara atzera begira?

Bai, askotan, eta, horretan ere memoriak asko laguntzen dit. Askotan egiten dut atzera joateko eta aurreratzeko ariketa hori. Uste dut komeni dela gainera ariketa hori egitea, gehienbat nondik gatozen gogora arazteko. Inoiz ez dut lotsarik izan nondik ateratakoa naizen esateko.

Bezeroekin bidaiak egiteari uztera zoaz. Orain zer egiteko asmoa daukazu?

Azken urteetan ez bezala, nire bizimodu gehiena Tolosaldean egingo dudala iruditzen zait. Halere, pentsatzen dut kanpoan ere gauza batzuk egingo ditudala, gehienbat lagun artean. Nahiz eta non bizi badudan, bizirauteko ekonomia bat ere antolatu beharko dut. Gauza batzuk uste baino hobeto dauzkat, eta beste batzuk, aldiz, uste baino okerrago.

Uda honetarako zein asmorekin zabiltza?

Ez dakit ziur nola ibiliko naizen. Azken berrogei urte baino gehiagotan ez bezala, uda Euskal Herrian igaroko dut. Pirinioetan hiru edo lau eguneko bisita batzuk egiteko asmoa daukat, Urmugako kontzerturen batera joatekoa ere bai, Irulegi aldera joan… Loturarik gabe ibili nahi dut. Eta gezurra badirudi ere, kuriositate handia daukat inora joaten ez den jendeak zer egiten duen jakitekoa, nor geratzen den Tolosan, hemengo abuztuko ilunabar bat ikustekoa… Udari pultsua beste modu batean hartuko diot. Ez dakit hobea edo okerragoa izango den, baina ziur ezberdina izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!