Abesbatza eta txalaparta elkartuta Txintxarri Egunean

Egun gutxi batzuk geratzen dira aurtengo Txintxarri Egunerako. Datorren larunbatean, hilak 21, ospatuko dute Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek euren eguna. Urtero legez, emanaldia eskainiko dute Joan Bataiatzailea Deunaren elizan arratsaldeko zortziak laurden gutxiagotan.

Bi hamarkada pasatu dira lehen Txintxarri Eguna egin zenetik. 1998an egin zuten lehen ekitaldia, kantua oinarri izango zuen egun bat ospatzeko helburuarekin. Hogei urteotan emanaldi desberdin ugari egin dituzte herriko bi abesbatzek. Txintxarri Abesbatzako abeslari izan direnak eta Elkarteko bazkide direnak goraipatzeko eguna ere izan da Txintxarri Eguna.

Azken urteotan, abesbatzek eskaintzen duten emanaldira mugatzen da Eguna. Aurten, pianoaren, gitarraren eta txalapartaren laguntzarekin arituko da Txintxarri abesbatza.

Txalapartaren musikarekin hasiko da emanaldia. “Hernani” Musika Eskolako Asier Ansa eta Irati Garciak joko dute txalaparta eta “Agurra” eskainiko dute.

Segidan, taldeko gazteenek abestuko dute Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Ozeaniako Torres Strait uharteetako abesti herrikoi bat eskainiko dute, “Sesere eeye” izenekoa. Ondoren, Kevin Stannard musikari eta konpositore britainiarraren doinu bat abestuko dute, “Non dira?”. Josu Elberdin pasaiatarraren beste kantu bat ere abestuko dute, “Alami (sea dance)”; eta Jim Papoulis musikagile amerikarraren doinu batekin amaituko dute: “Kusimama” izenekoa.

Ondoren, Iosune Marin gitarra-jotzaileak Eduardo Martinen “Mirándote” obra eskainiko du. Eta emanaldiaren azken zatian Txintxarri abesbatzak abestuko du. Hain zuzen ere, Iosune Marinekin batera abestuko dute lehen abestia, Pablo Sorozabalen “Baialdakizu maite?”. Hurrengo doinua ere Sorozabalena izango da, “Euskaldun makilla”.

Ondoren, Mikel Errazkin musikari hondarribiarra izango dute gogoan; Sorotan Bele taldeko kidea izan zen Errazkin. 2008an hil zen. Gerora estreinatu zuten berak egindako “Lehenengo geltokian” abestia, Elberdinek moldatutakoa. Abesbatzako lau neskak abestuko dituzte estrofak kantu horretako.
Segidan, estiloz erabat aldatu eta Venezuelako doinu herrikoi bat eskainiko dute, “Goza mi calipso”. Ken Zazpi taldearen “Itsasoa gara” abestia ere eskainiko dute. Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoan zenbait kantutan.

Kontzertuari amaiera emateko, txalapartariekin batera abestuko dute Txintxarri abesbatzako abeslariek Josu Elberdinen “Iaute iaute” abesti dinamikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!