Txintxarri abesbatza Otxandion ariko da kantuan

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2015ko mar. 5a, 11:07

Oihandi abesbatzarekin duen harremanetik sortu da kontzertua eskaintzeko aukera.

Alegiako Txintxarri abesbatzak emanaldia eskainiko du larunbat honetan, martxoak 7, Otxandion. Bertako Oihandi abesbatzarekin duen harremanetik sortu da kontzertua eskaintzeko aukera. Bi abesbatzek abestuko dute kontzertu horretan. Emanaldia Otxandioko elizan izango da arratsaldeko zortzietan.

Iaz jaso zuten alegiarrek bizkaitarren bisita eta orain Txintxarrikoei tokatzen zaie Otxandiora mugitzea. Oihandi eta Txintxarri abesbatzek abestuko dute emanaldi horretan.

Alegiarrek zortzi obra eskainiko dituzte Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoarekin. Otxandioarrak, berriz, Leire Amenabarren aginduetara ariko dira. Estilo desberdineko doinuak eskainiko dituzte biek ala biek, baina euskal abestiek toki nabarmena izango dute. Lau abesti eskainiko dituzte euskaraz Txintxarrikoek: Kantatuko nizuke, Kinkirrin kunkirrun, Secundino Esnaolaren Amak ezkondu ninduen eta Juncal Guerrero andoaindarrak moldatutako Mutil txaleko gorri. Horrez gain, Mary Lynn musikagile estatubatuarraren Dona nobis pacem obra abestuko dute, baita Josu Elberdin Pasaiako konpositorearen Esxultate justi obra ere. Beste estatubatuar baten doinuak ere entzungo dira, Jerry Estesenak alegia: Omnia vincit amor. Eta abesbatza emanaldi batean ez da falta izaten gospel doinurik. Give me that old time religion doinuarekin gospel talde baten itxura hartuko du Txintxarri abesbatzak.

Bi abesbatzek Agur jaunak elkarrekin kantatuaz amaituko da kontzertua. Ondoren, afari legea egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!