Pedro Mari Otaño ikastetxea, plazara

Erabiltzailearen aurpegia Pedro Maria Otaño herri eskola 2017ko urt. 23a, 10:57

Ikas-komunitate proiektuaren baitan, herritar orori irekitako ekitaldia antolatu dugu, urtarrilaren 31n. Eskola egun bat plazan irudikatuko dugu. Festarako gonbidapena eginez eskolako kideei bidalitako oharra da hau:

Ezaguna egiten al zaizue lelo hau? Bai…? Ez…? Pentsatu pixkat! Hori da!! Egun hauetan herriko plazatik pasatzean ikusi duzu! Pankarta handi eta koloretsu bat, urtarrilaren 31n egingo dugun jaialdia iragarriz. Asmatu duzu!

Jakin badakizu, gure ikas-komunitateak ateak zabalik dituela eta hori gure neska-mutilen ikasketa prozesuan ze aberasgarria den. Oraingo honetan, eskolan beste pauso bat eman nahi izan dugu; ate horiek gainditu eta gu aterako gara herriko plazara!

Urtarrilaren 31n, 15:30etik aurrera, eskolako hormak atzean utzi eta, irakasleak, gurasoak eta ikasleak, geletako materiala soinean, plazan bertan festa giroan lan egingo dugu; herrian eta herriarentzat!

Eskola egun bat plazan ikusteko aukera izango duzu, HH2tik hasi eta LH6ko ikasleak lanean ariko baitira, egunerokotasunean gelan aritzen diren bezala: Talde interaktiboak, tertuliak, esperimentazioa, ipuin kontaketak, artea, irratia, baratza… eskolako ikuslehio paregabea! Segidan gure ikas-komunitateko bideoa ikusi ahal izango duzu eta txokolate beroa hartuz emango genioke amaiera ekimenari.

Eta egun hau borobil ateratzeko, nola ez, zu behar zaitugu! Aurretik irakasleekin hitz egin eta zuzenean gauzatuko diren ekintzen batean parte hartuz, edota, ikusle gisa plazara azalduz.

Animatu eta zabaldu gonbitea: gurasoak, aiton-amonak, izeba-osabak, lehengusuak, lagunak, herritarrak… guztiok garelako ikas-komunitatearen parte! Guztiok osatzen dugulako Otaño!

P M.ª Otaño ikas-komuniteko kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!