IKUSMIRA(N)

Lurrinen memoria

Oier Aranzabalek aurkezten duen Barruan gaude podcasta entzutea gustatzen zait; elkarrizketa atsegin, patxadatsu eta interesgarriak plazaratzen baititu. Udan, Maddalen Marzoli egindako elkarrizketa entzun nuen, pare bat aldiz entzun ere. Marzol andoaindarra da eta Donostiako Hunky Dory Laboratory lurrin-dendaren sortzaileetako bat da. Lurrinen unibertsoan aditua eta aritua.

Elkarrizketa honek hainbat pasarte bitxi dituen arren, bada bat zizelkatua geratu zaidana. Andoaindarrak aipatzen du, egin izan dituen bidaietarako, lehendik erabili gabeko lurrin bat, espresuki, erosten duela. Lurrina, aurrez edo bidaiatu duen herrialdean erosten du bidaian zehar erabiltzeko. Honela, bere etxeko apalategian ba omen ditu, Lisboa, Mallorca, edo beste hainbat herrialdeetako izenak dituzten lurrinak, eta hauek usaintzean, berarengan oporrek sortutako bizipen eta emozioak berpizten ditu. Oroitzapenak botila batean gordetzeko trukoa dela esaten du Aranzabalek, ederra iruditu zitzaidan pasartea, hausnarketarako aukera zabala eskaini zidana gainera. Izan ere, jabetu nintzen esplizituki ez bada ere, nik ere banuela joera hori, ez soilik bidaiekin, bestelako egoerekin ere.

Usaimena, ahaztutako zentzumena dela esaten da; beste zentzumenei arreta handiagoa eskaini ohi diegula. Alta, ahaztutako zentzumena izateko, memoriari gehien lotzen zaiona da. Adituek diotenez barka diezadala hau irakurtzen duen adituak azalpenarengatik-, gakoa gure burmuinean dago. Izan ere, usaimenaren-nerbioak, hipokanpoa eta amigdala elkarren ondoan omen daude; hau da, erraz ulertzeko moduan esanda, usaimena, garuneko emozioen atala eta memoriarena konektatuta daude. Sistema linbikoko atal horien arteko hurbiltasunak azaltzen du zergatik lurrin batek oroitzapen indartsuak ekar ditzakeen kasik bat-batean.

Ez dute, ordea, usain, lurrin edo aroma guztiek gugan eragina sortzen. Bizi izandako gertaerak sortutako emozioek badute zer esana. Hainbat usain era neutroan edo objektiboan jasotzen ditugu, hots, ez dute gugana oroitzapen berezirik ekartzen, ez dugulako beraiekin lotzen gaituzten gertaerarik bizi izan. Beste batzuek, aldiz, bai, usaimenaren alderdi emozionala agerian utziz.

Baina guzti honen oinarrian gizakiaren eragina dago noski; usain eta lurrinekiko gure sozializazioa, prozesu sozial, kultural eta politikoen ondorioa da. Badira zentzumenen antropologia aztertzen ari diren hainbat antropologo. Ikertzaile hauen arabera, pertzepzioa eta kultura eskutik doaz, eta, beraz, kulturalki zeharkaturiko sentsazioak hautematen ditugu. Zentzu honetan, usaina antropologikoki markatzaile moral gisa izendatzen da, Pierre Bordieuk (1998) jasotzen zuen moduan, «usainek errealitatearen eraikuntza morala ematen digute; hau da, zerbaitek usaintzen badu on edo txar gisa diskriminatuko dugu, horrela elementu baten bereizketa egin dezakegu, irizpide eta gustuaren bereizketen oinarri sozialak kontuan hartuta». Usaimena, horrela ulertuta, funtsezkoa izan da gizarte-kategoriak ezartzeko garaian.

Gaztelaniazko sentimiento evocador kontzeptua, Teresa del Valle antropologoak zabaldu zuen 1988. urtean. Usaimena emozio sortzailea izateaz gain, sentimendu oroitarazlea ere bada. Oroitzea, gogora ekartzea, sentimendu eta emozioak birbizitzea, barruan lo zegoena esnatzea; orainaldira memoriarekin ekartzen ditugu, kasu askotan, lurrinen laguntzaz. Jakina, ez da usaimena oroitzea ahalbidetzen duen zentzumen bakarra; usainak gogora ekartzen dituen oroitzapenak, ordea, oroitzapen autobiografikoak dira, eta ez datoz bat gure beste zentzumenak esnarazten dituztenekin. Nolabait esatearren, lurrinen memoria emozionalagoa da. Bereziki, usainek eragindako oroitzapen autobiografikoak zaharragoak izaten omen dira, biziak eta nahiko arraroak. Paradoxikoki, hautematen ditugun usainak iheskorrak badira ere, gure baitan uzten duten aztarna beste zentzumenek sortutakoa baino sakonagoa da.

Gauza guztietan gertatu ohi den moduan, hemen ere aurkia eta ifrentzua topa genitzake. Anosmia eta hiposmia dira usaintzeko ezintasuna adierazten duten gaixotasunak. Lehenak, erabateko galera adierazten du; bigarrenak, partziala. Usaimenaren zentzua galtzean, gustuarena ere kaltetzen edo galtzen- da. Elikagaiek gugan sortzen duten plazeraren galera gisa aitortzen dute hainbatek egoera hau, baina nago, usaimenaren funtzioa galtzeak oroimenerako bide sentimental garrantzitsuak galtzea dakarrela, eta honen ondorioa, nigan behintzat, aurrez aipaturikoa baino sakonagoa da.

Gure historia pertsonalean bidaiarazten digu usaimenak. Halako boterea duen zentzumena izateko, nahikoa gozatzen al dugu usaimenak sortu ahal digun plazeraz? Istorio ezkutuak kontatzen dizkigun gailua soinean daramagu lagun, jolas gaitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!