Kronika

«Hemen gaude hiru baserritar, hiruak emakumeak»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2023ko abe. 20a, 07:58
Argazkiak: Garbiñe Olaberria

Larreta, Loidi eta Argaia Goenako baserritarrak aritu dira mahai inguruan Baliarrainen; euren eguneroko zailtasunak eta pozak izan dituzte hizpide.

«Baserritarra irudikatzen dugu: aitona, alkandorarekin... denetarik egiten. Baina hemen gaude hiru baserritar: hiruak emakumeak, nahiko gazteak, eta lan oso desberdinak egiten. Ehunka baserri ditugu gure inguruan: batzuk hutsik daude teilatuari ezin eutsi, beste batzuetan pasa dira garai onenak eta beste batzuetan ekimen bereziak sortzen dituzte... zuena, kasu», hitz hauekin hasi zen mahai ingurua pasa den astean Baliarraingo udazken kulturalaren barruan egindako XXI. mendeko baserriak: Argaia Goena, Loidi eta Larreta baserriekin mahai ingurua. Bertan, Leire Lizeaga (Larreta baserria), Uxue Artola (Loidi baserria) eta Aintzane Garmendia (Argaia Goena) aritu ziren, euren proiektu, istorio, hausnarketa eta emozioak konpartitzen. 

Larreta
Orendaingo Larretan belaunaldi desberdinak lotu dira baserrira. Autarkian oinarritzen ziren lehen, dibertsifikazioan eta etxean behar zen ia dena bertan sortzen. Pixkanaka, behi esnean espezializatu ziren, esnea zuzenean salduz etxeetara, gaztak eginez eta industriara salduz. Azken hamarkadatan esne litroaren prezioaren dinamikan sartu ziren, duela bederatzi urte inflexio puntua markatu eta apustua egin zuten arte. «Esnea ekoitzi, lana izugarri egin eta gastuei ezin genien buelta eman», oroitu zuen Leire Lizeagak. Orduan erabaki zuten aldatzea eta euren baserriko esnearekin jogurtak eta izozkiak egitea. Egun gaztak ere egiten dituzte. Behien kopurua jaitsi zuten eta sei lagun aritzen dira lanean. 

Loidi
Loidi baserrian muxal haragia zuzenean saltzen hasi ziren duela bi urte, sortak egiten dituzte eta etxeetara eramaten dituzte. Baserria dute afizio, eta ofizio egin arte bidea ari dira egiten. «Produktu ezezaguna da eta jendeari kosta egiten zaio probatzea. Probatzen duten askok errepikatzen dute, ordea. Zaporez berezixeagoa da eta propietatez, nutrizionalki, produktu ona da. Asmoa da muxalekin segitzea. Sasi-ardiak ere ekarri genituen eta haien arkumeak saltzeko asmoa ere badugu. Etxeko ekoizpenari salmenta zuzen bidez eman nahi diogu irteera; bidea ez da erraza, baina egiteko prest gaude», burutazio horiek adierazi zituen Uxue Artolak.

Argaia Goena
Argaia Goenan sustraiak bota aurretik, ostalaritzan eta administrazio lanetan aritu zen Aintzane Artola. Etxeko haragia zuzenean saltzen hasi, eta konturatzerako baserritar bilakatu zen. Gaur egun, oilasko, txerriki eta txekorkia saltzen dute etxeetaraino  eramanaz. Nahiz eta borroka etengabea izan, gustura daude ibilbidearekin: «Hau uztea, izango litzateke gure familiaren zentzuari bukaera ematea. Gure bizia Argaia da».

Baserriaren bizipoza
Ez zuten uste baserritar izango zirenik, ez zegoen beraien planen barruan. Ekintzaile ikuspegi batekin, XXI. mendeko baserriari forma ematen ari dira. Borroka asko egin behar izan dute eta hilabete amaieran fakturak ordaintzearekin konformatzen dira. Izan ere , halako proiektu batean alor ekonomikoaren osasuna ezinbestekoa bada ere, dirua bigarren maila batean jartzen dute. «Elikadura naturalaren sorlekua eta lau egoskorren kontua, hori da baserria. Ezinbestekoa dena», esan zuen Argaia Goenako Garmendiak. Larretako Lizeaga ados agertu zen, «nik honetan sinesten dut, jatekoa sortzen dugu, ingurua zaintzen dugu». Loidiko Artolak beste ikuspegi bat gehitu zuen: «Haurrak orekan hazteko aukera eman dit baserriak, lotura da, baina baita libertatea ere haurrekin denbora gehiago egoteko». 

Baserriarekin lotutako diskurtso negatiboak gailentzen direla uste dute, egoera ez dela erraza baieztatuz. Baina goraldiak eta poztasun momentu ugari izaten dituztela diote, bestela ez zirela bertan egongo: «Behin etxerako bidean buzoia ireki nuen. Faktura asko nituen eta tartean postal bat. Urretxuko bezero batzuen postala zen, esker ona azaltzen zuten eta pena zutela zioten, gure produktua saltzen zuten denda itxi zutelako, ezin dugulako bizi zuen petixu gabe zioten. Ostras, ni negarrez joan nintzen etxera». 


Aintzane Garmendiak egunerokotasunean egoten diren poztasun txiki horietan jarri zuen azpimarra: «Poztasun handia sentitzen dut babesa sentitzean, seme-alabek laguntzean, whatsapp bidez eskaerak jasotzerakoan, ahoz ahokoari esker bezeroak lortzean... Eta beherakadak ere badaude, akatsak egitean, zerbait ez denean ondo joan...». Uxue Artolak ere momentu polit asko izaten dituela esan zuen: «Bikotearekin, umeekin, koinatuaren... behorrak mendira eramatean batura bat sortzen da. Momentu politak dira eta harrotasuna sentitzen duzu, denak batera aritzea oso polita baita. Animaliak ikustera familian mendira joatea polita da eta ikasi dugu hori baloratzen».

Aldaketen baserriak
Hiru baserriek sare sozialetako kontuak dituzte, nahiz eta batzuk aktiboagoak izan. Garrantzia ematen diote, izan ere, gizartearekin harremana izan eta euren lana erakusteko beste tresna bat dira. «Baserriari ikusgarritasuna emateko balio dute. Baserriek erdi aroko zerbait dirudite, eta guk ere egin behar dugu ahalegina gaur egunera ekartzen», bota zuen Garmendiak. Egiten dena erakusteaz gain, saltzeko ere balio dute, gainera.


Aldaketa sinbolikoak ere aipatu zituzten, positiboki. Baserritarrek ospe gehiago omen dute orain, eta euren haurrek beste era batera bizi dute hau guztia aurreko belaunaldiekin alderatuz gero. Etorkizunean ere, haietako batzuk bertan lanean irudikatzen dute beraien burua. «Nire txikienak, baserritarra izan nahi duela esaten du. Zaharrak nire antza du eta hark ezetz dio. Lehen ideia negatiboekin lotuagoa zegoen guztia», esan du Lizeagak.

Argaia Goenako kideak ere pozik kontatu du bere etxeko egoera: nireak ere oso harro daude, «batzuetan harroegi ez ote dauden». Bikotea ere baserritarra da eta Tolosara eskolara jaisten zirenean iseka egiten zietela esaten duela esan zuen Garmendiak. «Poza ematen dit aldaketa hori ikusteak. Nire umeek irakasleak ere bezero egiten dituzte».

Iraultzaren beharra
Aldaketa sakon baten beharra ikusten dute aho batez. Teoria eta diskurtsoetan jendeak ideiak garbi dituela uste dute, baina praktikan errealitatea bestelakoa da.  «Ekintza politikoak egiten ari gara egunero, etengabe, erosketak egitean. Krisi handietaz hitz egiten dugu, baina nik uste dut beste krisi bat ere badagoela; baloreen krisia. Nik uste gizarte bezala hausnarketak egin beharko genituzkeela. Zer nahi dugu? Nora joan nahi dugu?», esan du Leire Lizeagak.

«Amezketan hiru baserri gaude haragia sortzen, ogia egiten dugu, Orendainen jogurtak... herri mailan mugimendua sortu beharko litzateke, baina herritarrak parte izanda», esan zuen Uxue Artolak. Eta Aintzane Garmendiak ideia plazaratu zuen Baliarrain eta Amezketako herritarrez beteta zegoen aretoan: «Zer jan nahi duzue? Zer egin nahi duzue? Zer egin behar dugu gure herrietan? Herri bezala antolatu behar dugu. Iraultza bat behar dugu, eta hori herrien hasi beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!