Gipuzkoako Txapelketako finalak Beotibarren, eta Intxurreko pilotariak bitan

Larunbatean goizean, azaroak 11, 10:30etan hasita, Gipuzkoako Elkartearteko Txapelketako hiru final jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan: lehen mailako nagusiena, lehen mailako jubenilena eta ohorezko mailako nagusiena. Lehen bietan izango ditu ordezkariak Intxurre Pilota Elkarteak. 

Nagusiek jokatuko dute lehen partida, 10:30etan. Aurrez aurre izango dira Unai Amiano eta Unai Albeniz Tolosa C.F.-eko bikotea eta Intxurre ordezkatuz jokatuko duten Eneko Labaka albizturtarra eta Aratz Irazustabarrena alegiarra. Sailkapen ligaxkan elkarren aurka jokatu behar izan zuten, eta ezin estuagoa izan zen emaitza: 21-22 Intxurreko bikotearen alde. Maila handikoak dira lau pilotariak eta lehia oso estua aurreikusi behar da.

Ondoren etorriko da jubenilena. Hemen, Manex Olaitz-Mikel Leonet oiartzuarrak (Oiarpe) eta Harkaitz Murua-Mikel Iturrioz altzotarrak (Intxurre) lehiatuko dira. Hauek ere sailkapen ligaxkan elkarren aurka jarduteko zoria izan zuten eta Intxurrekoek irabazi zuten; partidu parekatua izan zen markagailuak besterik erakutsi bazuen ere azkenean. Joko ona eta lehia estua aurreikusten da partidu honetan ere.

Egun berean, larunbatean, 16:30tan, Gipuzkoako Elkartearteko Txapelketako beste final batzuk jokatuko dira Azkoitian. Tartean, lehen mailako kadeteen finala, eta han izango da Martin Elola altzotarra Lazkaoko LAPKE ordezkatuz. Intxurren eman zituen lehen urratsak eta asko pozten gara bere bilakaera bikainarengatik.

Eta aipatzea merezi du baita ere, Lander Isasti eta Ibai Goitia Intxurreko goma-paletako jokalariek, jubenil mailako Gipuzkoako Txapelketako finalerdia jokatuko dutela ostiralean, Alegian, 21:00ak aldera, Urko Ostolaza eta Julen Beristain zumaiarren aurka. Lehen parte-hartzea dute eta meritu handiko txapelketa egiten ari dira.

Beren onena eman dezatela guztiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!