WATTARIA

Eureka!

Ikertzaile bat irudikatzean, zer-nolakoa imajinatzen duzu? Mantala zuria eta segurtasunezko betaurrekoak jantziak dituen pertsona bat datorkizu gogora? Agian, baso batean dagoen likido bati pipeta batekin (eta determinazio erabatekoaz) beste zerbaiten tanto batzuk eransten.

Estereotipoei eusten jarraituz gero, agian kolore aldaketa bat gertatuko da likido horretan, ikertzaileak «Eureka!» esango du, eta egunkarian agertuko da hurrengo egunetan, mundua iraul dezakeen aurkikuntza baten berri ematen. Estereotipoen magia.

Ikertzaileon egunerokoak ez du horrekin zerikusirik. Magiarako tarte gutxi izaten dugu txosten eta proiektu idazketa artean. Askotan, ideiak formatzen ari diren ikertzaileen edota teknikariekin lankidetzan gauzatzen ditugu, laborategia zapaldu ere egin gabe (edo oso noizbehinka zapalduta). Hala ere, gatozen hasierako harira: mantaldun ikertzaile arrakastatsuaren irudira itzuli nahiko nuke bi kontzepturi buruz hitz egiteko.

Alde batetik, mantalik gabeko ikertzaileei buruz hitz egingo dugu. Izan ere, ordenagailu aurrean (eta ez, sarritan, ni bezala txostenak egiten) ikerketa ere egiten du hainbatek. Egungo zientzian ezinbestekoak dira modeloak gauzatzen lan egiten duten ikertzaileak: taldekideek emandako edota beste erakundeetako ikertzaileek argitaratutako datuak erabiltzen dituzte esperimentu jakin batzuen emaitzak zeintzuk izan daitezkeen aurresateko gai diren modelo matematikoak garatzen. Ordenagailu aurreko esperimentu hauek laborategi mailako esperimentu kopurua murrizten laguntzen dute: mugatuak diren baliabideak arrakastatsuak izan daitezkeen esperimentuak gauzatzera bideratzen dira. Zenbaitetan, produktu mailan ere amaitu dezake mota honetako ikerketak. Adibidez, gure lankideek cideMOD software librea garatu zuten. Baterien barruko hainbat parametrorekin jolastuz gero, bateriaren erantzunean duen eragina aurresateko gai da.



«Eureka!» zioen ikertzaile arrakastatsura itzulita, zera esan nahi dut: «eureka» oso gutxitan esaten dugula. Normalean ez dago klimaxik. Esperimentu batzuk proposatzen dira zerbait ulertu nahian, eta sarritan (nire arloan behintzat) sistema batek nahi bezain ondo zergatik funtzionatzen ez duen ulertzen amaitzen da ikerketa. Alegia, zein akats dituen bateria mota batek edo besteak, edo zeintzuk diren bere mugak. Hori izan zen, esaterako, nire doktoretza tesiaren edukia. Nire sailak bateria mota jakin baten inguruko ikerketa lerroa zabaldu zuen, eta bateria hauen funtzionamendua aztertzen genuen bitartean, makina bat muga zituela ikusi genuen. Muga hauen analisia egiten pasa nituen lau urte.

Azkenik, esperimentuen emaitza negatiboen garrantzia ere aldarrikatu nahiko nuke: gure planteamenduen akatsen berri ematen digute, eta etorkizuneko esperimentuak hobeto pentsatzeko balio dute. Ez da harritzekoa azken urteetan emaitza negatiboak argitaratzeko hainbat aldizkari ere sortu izana.

 

«Zientzia maila komunitarioan egiten da, eta denok aurrera- eta atzera-pauso txikiak elkarbanatu behar ditugu baten batek 'Eureka!' esan dezan»



Zientzia maila komunitarioan egiten da, eta denok aurrera- eta atzerapauso txikiak eman eta elkarbanatu behar ditugu baten batek, pauso txiki baten ondoren, «Eureka!» esan dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!