Festa giroan, Nekanek nahiko zukeen moduan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2023ko mai. 9a, 08:00

Igandean lurperatu zituzten Nekane Bautistaren errautsak, Amezketako Pello Zabala kulturgunean.

Nekane Bautista errenteriarra gaztetan etorri zen Amezketara bizitzera, eta bertan egin zuen bizitzaren zatirik handiena, aurtengo otsaila amaieran zendu zen arte. 1980ko hamarkadan etorri eta berehala amezketartu zen, eta herrigintzan buru belarri jardun izan zen azken hatsera arte. Zumadi Eskolako irakaslea, euskaltzalea eta feminista nekaezina izan zen, eta herritik eta herriarentzat gauzak sortzeko hainbat ahalegin egin zituen.

Deialdia eginda zegoen iganderako, goizeko 11:00etan plazan elkartu, eta Nekanek egin ohi zuen paseoa elkarrekin egiteko; jendetza batu zen, familiatik eta Errenteriatik etorritako dozenaka lagun, eta beste ehunen bat amezketar. Amezketatik errepidez Ipintza baserrira, eta bertan ezkerretara hartuta, baserri bideetan barrena, Pello Zabala kulturgunera arte.

Eguerdiko hamabi-hamabietan kulturgunearen kanpoaldean txalapartariek harrera egin zieten ibilbidea egin zuten guztiei, eta, bertan, Antton Amundarainek gidatuta omenaldi goxoa egin zitzaion Nekaneri: errautsak lurperatzeko gereziondoa landatu, Bixente Gorostidik idatzitako bertsoak guztien artean kantatu, familiako kideek agurra dantzatu, txistuz kantua eskaini, senideek hitz goxoak irakurri, eta Amezketako mugimendu feministako kideek Nekane oroitzen duen zapi morea eskaini zieten senitartekoei.

Horren ondoren, Altuna Anaien frontoira joan ziren denak, eta, bertan, Nekaneren argazkiekin egindako bideo-muntaia ikusi zuten lehenik. Jarraian, Nekaneren gustuko abestiak kantatu ziren, Amezketa kantariko akordeoilarien laguntzaz, hasieran; familiako kideen doinuekin, hurrena; eta Zegamako lagunenekin, azkenik. Ekitaldiari amaiera eman aurretik, Jon Bautista futbolariak, eta Nekaneren ilobak, Amezketari bere kamiseta bat oparitu zion.

Amaitzeko, Nekanek nahiko zukeen moduan, jan-edanean, auzolanean antolatutako hamaiketako batekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari.

Nekanek asko eman zion Amezketari, eta goxotasunez eta festa giroan oroitu dute amezketarrek eta Nekaneren senideek errenteriar amezketartua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!