Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Azaroaren 25a: eta gizonek zer?

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson. Tolosako EAJko zinegotzia 2023ko aza. 27a, 19:59
Azaroaren 25eko mobilizazioa, Tolosan. J. ARTUTXA

Joan den larunbatean, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta martxoaren 8an bezala, gizonok deseroso samar sentiarazten gaituen egun horietako bat. 

Agian ez da erraza izango aitortzea, baina hori da nire pertzepzioa, eta uste dut ez naizela bakarra. Ez naiz hainbeste ari feminismoa matxismoaren kontrakoa bezala, nahita edo nahi gabe, nahasten dutenei buruz. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko balioaren defentsarekin konprometituta sentitzen garenoi buruz ari naiz; eta emakumeen aurkako indarkeria, desberdintasun horren ebidentziarik nabarmenena den aldetik, desagerrarazi egin behar dugula pentsatzen dugunoi buruz ari naiz. Zerbait egin nahi dugunoi buruz eta zerbait egiten dugula pentsatzen dugunoi buruz ari naiz. 

Hala eta guztiz ere, egunak deseroso sentiarazten gaitu, ez baitakigu argi zein den gure zeregina. Guztioi, nigandik hasita, ez datorkigu batere gaizki deserosotasun hori, beharrezko deserosotasuna baita. Beste gizon batzuen eskutan emakumeek jasaten duten indarkeriak interpelatzen gaitu eta deserosotasuna sortzen. Horregatik, horrelako egunetan paper bat dugula uste dut, baina ez paper publiko eta protagonista bat.

 Horregatik, larunbatekoa bezalako egunak, isilik egoteko eta hitza hartzeko egunak dira, era berean. Isilik egon, entzun, ulertu eta onartu ahal izateko, aldarrikapen egun horiek emakumeei eta haien sufrimenduei dagozkiela. Isilik egon, gizon garen aldetik, desberdintasunaren aurkako borrokan gure ingurunean dugun erantzukizunari buruz hausnartzeko; hazkuntza eta zaintza bezalako gaien aurrean, edota eguneroko pentsamenduen eta jokabideen aurrean dugun jarrera aztertzeko. Eta hala badagokio, egun bat gehiago, eta ez bakarra, hitza hartzeko eta beharrezkoa bada, haien ideiak edo jokabideak matxistak direnean, beste gizon horien jokabideak salatzeko. Isilik, beraz, emakumeen bidelagun izateko, baina ez jarrera matxisten konplize izateko.

Iker Uson. Tolosako EAJko zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!