Kar,kar,kar

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2016ko ira. 25a, 12:03

Barre asko egiteak uzten dizun min moduko hori baino gauza ederragorik ez dut ezagutzen. Angel Gabilondok zera dio: «Ez dugu inoiz ahaztuko barre asko egin dugun pertsona hori». Guztiz ados nago horrekin. Agian ez dugu bere izena oroituko, baina bai lekua edo barrea eragin zigun anekdota.


Esan dezaket nire bizitzan, harreman sozial nahiz profesionaletan, hor dagoela beti umorea eta barrea, are gehiago, esango nuke harreman horien kalitatearen neurgailu paregabeak direla. Algara eta umorea, norbaitekin barre egitearen zentzuan eta ez norbaiten bizkar, bizikidetzaren sorburua da. Barre egitean, askotan konturatu ere egin gabe, gure ohiko jarrera edo itxura bera ere galtzen dugu. Soinean daramagun katamaloaren zati bat kentzen laguntzen digu eta, horrekin, beste pertsonekiko aldentzen gaituzten hainbat aurreiritzi eta ideia. Beste batzuekin barre egiteak erlaxatu egiten gaitu eta, ondorioz, barrerak jaitsi eta besteengana gehiago gerturatzea ahalbidetzen digu. Elkarrekin barre egitean konplizitate inkontziente bat sortzen da. Hasieran pentsatu ere egingo ez genukeen arren, ezerk lotzen ez gaituela pentsatzen dugun pertsona horren eta gure artean zerbait positiboa eta atsegina sortzen da.

Sufrimenduen zama bizkar gainean daraman gure gizarte honetan, barrea eta algarak, beste gauzen artean, komunitate bezala irauten lagundu digu. Ordura arte tabu ziren gai politikoez barre egitean eman genuen jauzia. Argi zegoen lehenago ala beranduago egin beharko genuela zauriak sendatzen joateko. Azken urteotan gizartean egon den distentsioa eta zenbait gidoilari eta aktoreren ausardiak, aukera eman ziguten geure aurreiritzi politikoez ere barre egiteko, lehendik inoiz egin ez bezala.

Ez genuke ahaztu behar. Sufritu dugunaz jakitun izateak aurrera egiten laguntzen digu, baina barre egiteak (ez gertatutakoaz noski, baina bai elkarrekin) are gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!