BIZIKIDETZA POSITIBOA SUSTATZEN HIRUKIDEN

Emanaldira erakunde ezberdinetatik etorri ziren bertan parte hartzera.

Aurreko astean Hirukiden ekitaldi berezi eta aberasgarri bat izan genuen.
Adimen Anitzak garatzen ari garen proiektu honetan esparru ugari ari gara jorratzen. Horien artean, ezin ahaztu aspalditik bizikidetza positiboa sustatzeko egiten ari garen lan guztia. Urte dexente pasa dira Adimen emozionala curriculum-ean txertatuta lantzen hasi ginenetik. Gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen erakusteko estrategia eta erreminta desberdinak ere badauzkagu, "Adostokiak" esaterako.

Horrez gain, laugarren urtez, ikastetxean Bitartekaritza Zerbitzua izango dugu aurten ere eta DBHn ikasle laguntzaile-bitartekariak izeneko proiektua martxan jartzen ari gara aurten. Horretarako, aste hauetan bitartekarien eta ikasle laguntzaileen aukeraketa egin eta formazioa eman diegu.

Formazio horren bukaerarako ekitaldi bat antolatu genuen azaroaren 6an, asteazkenean. Gizartean gai hori lantzen ari diren hainbat erakunde eta pertsona bertara gonbidatzea pentsatu genuen. Izan ere, gure helburua zera da, gure ikasleak jabetzea gizarteko esparru desberdinetan gatazkak era egokian bideratzeko bitartekaritza erabiltzen dela eta eskolan ikasten eta esperimentatzen dutena baliagarria izango zaiela bizitzarako. Baita horrela jokatuta gizartea hobetzen laguntzen dugula.

Gonbidapen xume honek inola ere espero ez genuen erantzuna jaso zuen: Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Berritzegunea, Bakeola, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza eta Bake idazkaritzako hezkuntza aruduraduna, Ertzantza, GEUZ (Gatazkak Eraldatzeko Unibertsitate Zentrua), Tolosako alkatea eta Elkarbizitzaren arloan diharduten hainbat erakundetako goi ordezkariak etorri ziren ekitaldi honetara.
Gai eta ekitaldi honen inguruan egindako elkarrizketa ere entzun dezakezue esteka honetan sartuz gero.

Elkarrizketa irratian: http://ataria.info/tolosa/1383650762392

28 kanalak egindako erreportaia: http://vimeo.com/78986490

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!